Dokumentuaren akzioak
Hainbeste maite zituen dantzekin eman zioten agurra Abel Iriondori
Azken urteetan Kriskitin eta Aiko taldeetan ibilitako dantzari eta dantza-irakasleak, ibilbide gogoragarria egin zuen. Hasierako urratsak Elgoibarko Izarra eta Haritz taldeetan egin zituen eta ondoren Donostiako Argia edo Eibarko Kezka taldeetan ibili zen.
Gainera, jaioterrian ospatzen den San Bartolome eguneko aurreskua hainbat aldiz egiteaz gain, Errosarioko ezpata-dantzan ere kapitan lanak egin zituen urte askotan. Aurresku txapelketetan ere aritu zen.
Bizitokia Durangora aldatuta, Iriondok dantzan jarraitu zuen Kriskitin taldearekin, eta Aiko taldeak herrian eskaintzen zituen eskoletan ere maisu-lanetan ibili zen. 2016an Kriskitin taldeko emakumezko eta gizonezko dantzariek lehenengoz osatutako talde mistoan aritu zen Durangaldeko ezpata-dantzari egunean, Dantzan.eus webguneak gogoratu duenez.
Ibilbidea
San Fausto egunez berriz, Durangoko dantzari-dantza, platillu soinua eta erregeletan lehen aldiz emakumeek parte hartu zuteneko taldean ere aritu zen.
Iriondoren heriotza jakin zenetik, nonahi zabaldu dira bere ibilbidea, izaera eta prestutasuna gogoratzen dituzten aipamenak. Horren erakusgarri da Juanan Aroma txistulariak uztailaren 25ean Ezkurdiko kioskoaren inaugurazioa zela eta Facebooken argitaratutako bideoa.
Irudietan, Abel Iriondok eskainitako ‘Agurra’ dago ikusgai, Aroma bera eta Arantza Berriozabalgoitia txistulariak direla.
Dokumentuaren akzioak