Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Habanatik dator txaloak jasotzen

Dokumentuaren akzioak

Habanatik dator txaloak jasotzen

Kritika, Gelabert-Azzopardi

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/05/30

Aste honetan bertan Gasteizen egon ondoren, Barakaldo antzokian izan dugu Gelabert-Azzopardi dantza konpainia 8421 eta Viene regando flores desde La Habana a Moron lan koreografikoekin.



Itzela da obra bien arteko aldea planteamendu eta esanguraren aldetik, baina horrek are interesgarriago bihurtzen du egitaraua, eta nik uste dut aurkakotasun hori baliagarria izan dela ulertzeko zergatik dagoen konpainia hau munduko onenetarikoenen artean.



8421 iluna da, kontzeptuala, guztiz hotza eta hermetikoa, eta Shostakovitxen musikaren inflexioei zehatz-mehatz atxikia. Viene regando flores..., berriz, kontrako muturrean dago. Bertan mailarik goreneko musika kubatarrak hartzen du protagonismoa Timbancó laukotearen eskutik, eta haien teklatu, perkusio, tronpeta eta gitarretatik irtendako soinuekin dantzatzen dute konpainiako kideek, kontraste arraro eta zirraragarria sortuz beren mugimendu etereoen eta tropikaltasunaren artean.



8421 piezako mugimenduak arautuagoak dira, koreografia jakin bati lotuta daudelako, eta bigarrenekoek libreagoak dirudite, Karibeko bizipozak hala eskatuta. Bietan, ordea, antzeman ditzakegu konpainiaren estiloa definitzen duten ezaugarriak: mugimenduaren muturreko araztasuna, eta leuntasun eta energiaren arteko elkarketa artegagarria. Horrek sentsazio kontrajarriak eragiten dizkigu uneoro eta aldi bereko irudi eder asko sortzen ditu taula gaineko bazter guztietan.Benetan miresgarriak dira dantzari bakoitzaren prestakuntza, sotiltasuna, grabitate falta eta keinuen dotorezia. Gainera, nabaria da haiek guztiek jasotako heziketa klasikoa, era zeharo berezian islatzen dena lengoaia garaikidean, eta edertasunaren gailurrera heltzen dena beso eta eskuen posizio delikatuetan.Izan ere, bitxi-bitxia eta ia deskribatu ezina da konpainiaren mugimendu estiloa. Lehenengo batean nahiko hotza dirudi, eta hala da dudarik gabe, kontaktu fisikorik eta emozio nabarmenik gabea. Baina Gelabert-Azzopardi bikote artistikoak eta gainontzeko kideek bilatzen duten emozio bakarra edertasun hutsarena da eta egitarauko lan bietan dena dago haren zerbitzura, dantzarien arimatik hasi eta Baltasar Patiñok diseinaturiko argi eta eremu eszeniko bikainetan amaitu arte.Alde horretatik argi dago Gelabertena estilo edo teknika baino zerbait gehiago dela eta dantzaren historian izandako hainbat maisuren mailara iristen ari dela, hain zuzen ere ez lengoaia berri bat sortzeagatik, baizik eta bere dantzan eta pertsonarengan igartzen diren inspirazio eta barne indarrarengatik.

Dokumentuaren akzioak