Dokumentuaren akzioak
Guztiz txundituta
Kritika, Nederlands dans theater I
Hiru koreografia edo sekuentzia desberdin irudikatu ziren, bakoitza egilearen berezko ukituaren seinale. Lehenengo ikuskizunak, sabaitik hankaz gora zegoen zuhaitz sendo bat zuen ardatz gisa, berezko sustraiak eszenatokira begira. Ikaroren mitoan oinarrituta, dantzariak espazio osoaren jabe izan ziren, beren mugimenduak geroz eta gehiago ireki nahian. John Cagen pianorako preludioan, instrumentuak interpretatzen dituen nota kolpe bakoitza ez zen emakumeen mugimendu estatikoekin ondo bateratu. Emanaldi osoko minuturik ilunena izan zen. Berriz ere Bachen musikaz lagunduta, liluragarri aritu ziren, mutil eta nesken artean benetazkoak ziruditen giza korapiloak lotzen eta askatzen.
Bigarren atalean, lehenengoan bezala, Jiri Kylian koreografoaren lanaz gozatu genuen. Johann Sebastian Bachen 24. preludioa musika euskarri dotorea izan zen lau dantzarien lanaz gozatzeko. Hiru gizonezko eta emakume baten gorputzak eite bakar batean zirindu ziren, barneko higidura lasai batez baliaturik. Aldi berean, telebista batek entsegu eta lanak irudikatzen zituen agertokian, lanaren kemena, uharra eta iraunkortasuna azaldu nahirik. Dantza jarioa malgu iragarri zen, ondorioz, beren espresibitatea nabarmentzekotan, angelu ugari eraiki zituzten.
Philip Glassen biolinerako kontzertua hirugarren eta azken pasarteko osagai berezia izan zen. Musikaren erritmo zelula errepikatzaileak askatasun itzela dira dantzarientzat. Azken uneak, geroz eta urriagoa zen entzuleria txalo zaparradaz esnatu zuen. Honelako ikustaldi batek publiko berrien ikusnahia piztu dezake, baina ordubeteko lan saio batek, hogei minutuko bi etenekin, ikuslea bera atentzio puntutik urruntzen du.
Egitaraua: 'Wings of Wax', 'Click-Pause-Silence' eta 'Signing Off' Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 30
Dokumentuaren akzioak