Dokumentuaren akzioak
Guztien eragina duen pieza
Jon Maia koreografoa eta Dantzaz konpainia 'Ongi etorri' emanaldia osatzen ari dira egunotan Donostian
Dantzarien eta zuzendariaren artean desberdintasun «handia» dagoela iruditzen zaio Maiari. «Nire lan eremua Kukai dantza taldea da, eta, alde horretatik, egitasmo hau berria da niretzat, gutxitan lantzen dudan eremua baita». Horregatik, erronkatik ere badu egunotan prestatzen ari diren piezak. «Dakarten horretatik eta ni natorren esparrutik gauzak transmititzen ari naiz». Baina estiloan bakarrik ez, jatorriz ere herrialde desberdinetakoak dira Dantzaz konpainiako dantzariak. Euskal Herriko dantzariekin batera, Norvegiako, Herbehereetako, Herrialde Katalanetako eta Frantziako dantzariak baitaude, besteak beste. «Etengabe ari dira gazteak joan eta etorri, etengabe 'kaixo' eta 'gero arte' esaten». Hargatik jarri dio piezari Ongi etorri izena. «Dantzaz zer den adierazten du izen horrek».
Etorri eta joan egiten diren dantzariak aritzen diren arren konpainia kolektiboa ere badela uste du. «Iruditzen zait mugimendua, hizkuntza eta nortasuna ekarri egiten dutela, eta oso modu azkarrean bada ere talde bat osatzen dutela».
Ur desberdinetatik edaten dutenez koreografietan ere hori igarri egiten dela gaineratu du. «Oso bere sentitzen duten abesti edo testu bat proposatzeko eskatzen diet, eta handik hasi gara sortzen». Piezaren zati batek badu ukitu hori. Dantzarien beraien lana da Ongi etorri, emanaldiari lotura bat eta espazio bat ematen saiatu baita Maia.
Konpainiari lotutako musika
Dantzaz konpainiaren izaerari lotutako abestiak aukeratu ditu Maiak. Atzo egin zuten zatian We Are Standard eta Oreka Tx taldeek elkarrekin egindako We Are Ready Now abestiarekin dantzatu zuten momentu batean. «Taldeari oso ongi egokitzen zaio; badu irekitasun bat, bertakoaren eta kanpokoaren eragina baitago». Hasieratik partaideen gustukoa izan da kantua, gainera. Mikel Laboak ezagun egin eta Willis Drummond taldeak beste bertsio bat egindako Gaztetasuna eta zahartasuna eta Bl¿f taldearen Dansen Aan Zee abestien erritmora ere egingo dute dantza.
Atalak XX programaren barruan antolatutako ekimenetik sortu dute Ongi etorri. Aurretik Asier Zabaletarekin batera Urak dakarrena eta Igor Calongerekin Muxua piezak osatu dituzte. Etziko emanaldian, konpainiako Garazi Etxaburu, Beñat Urretabizkaiak eta Marina Scottok eurek sortutako piezak aurkeztuko dituzte. Azken emaitza izango da.
Ongi etorri piezaren zatia egiten ari ziren artean, Jon Maia koreografoak apunteak hartu ditu. / ANDONI CANELLADA / ARP
Dokumentuaren akzioak