Gasteizen irakasle dabil Iñar Sastre (Irura, 1986) baina ateratzen du denbora hainbat musika proiektuetan parte hartzeko. Ilusio berezia du, gaur, gertuko jendearen aurrean, Arineketan diskoa aurkezteko.
Aspaldiko ezagunak zarete Jagoba Astiazaran eta biak. ‘Arineketan’ al da elkarrekin egiten duzuen lehen lana?
Profesionalki baietz esan liteke. Gu ez gara oso ondo akordatzen baina ume ginela gurutzatu omen ginen garai batean antolatzen ziren kantu txapelketa horietako batean, hain justu, Leidor zaharrean. Geroago elkarrekin tokatu ginen batxilergo musikala egiten eta orduan konturatu ginen gauza askotan antzeko profila dugula biok. Gure instrumentu ofizialaz gainera beste batzuk probatutakoak gara: Jagoba txistularia da, baina ibili izan da pianoarekin eta ni piano jotzailea naiz, baina bateria jo izan dut. Aurreneko urte horietan T-Klax taldean jardun genuen elkarrekin, baita aktore lanetan ere zenbait ikuskizunetan. Arineketan da lehen aldia gure instrumentu ofizialetan elkarrekin aritu eta proiektu diskografiko batean murgiltzen garena. Nabari da erraza dela gure arteko komunikazioa.
Non du sorburua dantzarako doinu berrien bilduma honek?
2017an komentatu genuen lehenengo aldiz gure artean. Alurr dantza taldearekin ere ibili izan gara biak eta dantzarako doinu horiekin dugun harremanetik abiatu nahi genuen proiektua. Duela hiru urte, gainera, Juan Inazio Iztueta folklorista gipuzkoarraren 250. urteurrena ospatzen zen eta ikusi genuen bazegoela material interesgarri bat lanerako. Dantza guretzako elkar topaketa bat da eta materiala bildu, doinuei gure ikuspegia eman eta sorkuntza berriak gehitu genizkien. Pieza guztiek mantentzen dute, hala ere, euskal dantzen doinukera eta erritmoa. Agertzen dira ezpata-dantzak, zortzikoak, arin-arinak, fandangoak...
Zenbat denbora eman duzue diskoa osatzen?
Bi urte eman genituen doinu horien lanketa egiten eta 2019. urte bukaeran grabatu genuen diskoa. Egia da, guk biok ere gauzak horrela egiten ditugula, azkeneko momentuan eta arin, horregatik jarri genion Arineketan izena diskoari. Nik uste musika ulertzeko gu bion era hori dela: egiten ditugu gauzak nahikoa azkar, interpretatzerako garaian kode batzuk konpartitzen ditugu funtzionatzen dutenak; ez gara partiturak luze aztertu eta estudiatzekoak.
Astiazaranen txistua eta zure pianoa daude oinarrian, baina diskoa grabatzerakoan izan dituzue kolaboratzaile gehiago.
Pare bat piezetan pianoarekin lagundu zigun Joana Ortegak. Bere ahizpa Ainara abesten izan genuen eta Eñaut Elorrietak ere hartu zuen parte grabazioan. Iban Casado izan genuen txeloan eta gero zuzenekoari begira, Xabier Zeberio eta Agate Amilibia izaten ditugu hari instrumentuekin eta Ainara Ortega aritzen da kantuan.
Tolosan eskainiko duzuen gaurko emanaldian gonbidatu gehiago izango dira.
Normalean Haatik konpainiako dantzariak izaten ditugu lagun emanaldian, baina gaur Tolosan arituko garenez, aproposa iruditu zitzaigun Udaberrikoak ere gonbidatzea. Gaurkora Maddi Arana biolinista ere izango dugu gure artean. Saiatzen gara diskoko errepertorioa emanaldia eskaintzen dugun tokira egokitzen. Gaur, esate baterako, inauteri giroko doinuak eskainiko ditugu. Gure borondatea da Arineketen ez izatea ezer itxia, tokikora egokituz, zerbait bizia egin nahi izaten dugu. Publikoarekin hartu-eman hori izatea gustatzen zaigu, ez da kontzeptu interpretatibo serioa, emanaldiak festa kutsu bat izan dezan saiatzen gara. Ondo pasa eta ondo pasaraztea da kontua.
Zer eman dizu zuri ‘Arineketan’ proiektuak sortzaile gisa?
Nire egunerokoan bizitza dezente ematen dit. Oso aktibo nauka. Ez naiz soilik interprete bat, kasu honetan, Jagobarekin batera egilea naiz eta inplikazio bat eskatzen dit. Horrelako ekintza bat aurrera eramateak atzeko lan horretan aritzea eskatzen du. Gauza asko ikasi ditut. Eta maila pertsonalean, asteburu bat zeregin gabe izan baino nahiago dut kontzertu bat eman. Azken batean topaketa bat baita Arineketan. Egote hutsa, taldekideekin eta publikoarekin, plazera da. Gaurko egoeran ez da gutxi.
Bestelako lanetan ere badiharduzu. Duela gutxi kaleratu duzu ‘Visions fugitives. Improvisations after Prokofiev» diskoa.
Ez da anbizio handiko proiektua. Beharbada nire ibilbide pertsonal-pianistikoari erantzuten dio gehiago. Gorputzak eskatzen didanaren arabera joaten naiz gauzak egiten. Lehenago ere Beethoveni egin izan diot keinu nire sorkuntza lanetan. Haien lanetan inspiratuta sortzen ditut pieza berriak. Oraingo honetan, jo izan dudan obra batean oinarritu naiz. Prokofieven lan horren ideia asko gustatu zitzaidan. Sortzaile gisa, nahikoa azkar eta arineketan ibiltzen naiz ni ere; ez ditut garapen handiko obrak egiten, ideia bat hartu eta hura garatzen saiatzen naiz. Identifikatuta sentitu nintzen Prokofieven lan horrekin eta 20 pieza motz sortu ditut. Nire barruari erantzuten dion zerbait da, baina ez nuke esango hari jakin bati jarraitzen dionik. Beraien artean ere piezak oso ezberdinak dira, badaude ukitu erromantikoa dutenak edo garaikideagoak direnak. Forma irekia dute, ez dira konposizio itxiak, pianoaren gainean jarri, hemendik abiatu eta han bukatzen dut, inprobisazioari leku eginez.
Musikari bezala jarduteaz gain, aktore bezala ikusi zaitugu Ertza konpainiaren azken lanean. Eroso sentitu zara?
Bai. Ez da lehen aldia Asier Zabaletarekin lan egiten dudala. Zehar emanaldiarekin gabiltza orain. Bizitzaren zeharkaldiari egiten dio Asierrek keinu, etapak nola pasatzen diren aztertzen du, kontakizun hori dantzaren bitartez adierazten du. Ni oholtza gainean bidelagun aritzen naiz, pianoa eta bateria jotzeaz gain, aktore bezala ere banabil. Hizketaldiak izaten ditugu elkarrekin eta publikoaren artean gogoeta batzuk bultzatzea da asmoa.