Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gure lanaz maiteminduta gaude erabat»

Dokumentuaren akzioak

«Gure lanaz maiteminduta gaude erabat»

Sabin Bikandi (Aiko taldea)

Artea eta grina uztartzen dituen proiektu bat, taldean egina eta euskal dantzak ardatz dituena: AIKO Taldea. Sabin Bikandi musikaria, musikagilea eta dantza maisua da, besteak beste. Berarekin hitz egin dugu taldearen ibilbideaz eta helburuez.
Komunikabidea
Kulturklik
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/03/13
Lotura
Kulturklik

Dantzaldiak, kalejirak, ikastaroak, tailerrak, erromeriak... AIKO Taldea leku guztietan dagoela dirudi... Nola definitzen duzue zuen burua? Euskal musikak eta dantzak "zoratutako" taldea al zarete?

Ez dakit, ba... Egia da gure musika eta dantzarako pasioa partekatzen, kutsatzen saiatzen garela aukera dugun guztietan, eta egia da, baita ere, gure lanaz maiteminduta gaudela erabat eta bide horretan asko gozatzen dugula, eta ez garela gure etengabeko lanaz ohartzen. Inoiz komentatu dugu guk ere asperdura sumatzen dugun egunean ospa egingo dugula, beraz, momentuz, aurrera...

Nork osatzen du AIKO Taldea?

Musika eta dantzaren munduan, gure herriko musikan eta dantzan, eskarmentu handiko profesional lagunen kuadrilla bat dela esango nuke. Aspaldi batean, hainbat xede, gogo, nahi eta helburu komunean genituela ikusi eta zerbait egin nahian elkartu ginen, eta AIKO sortu genuen. Hasiera-hasieran, Aitor Furundarenak (akordeoia), Alvaro Garciak (gitarra), Patxi Labordak (dantza) eta ni neuk eman genituen lehen urratsak, baina berehala Asier García (perkusioa), Larraitz Artetxe (dantza), Jon Maya (dantza) eta Vanesa Castaños (dantza) elkartu zitzaizkigun. Eta, gero, hainbat musikarik eta dantzarik parte hartu dute gure proiektuan momentu ezberdinetan: Jasone Akizu, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Mintxo Garaikoetxea txistulariak, Jean Mixel Bedaxagar txirula eta kantuan, Jon Gaminde eta Martin Ariztimuño gaiteroak, Asier Gonzalez albokaria, Elur Arrieta, Ander Hurtado eta Juanma Urriza "Boli" perkusioan, Miren Zeberio eta Ainara Artetxe biolinarekin, Iraide Sarria biolarekin, Iñigo Eskubi eta Enrike Solinis gitarrarekin, Juan Ortiz eta Gorka Aginaga piano jotzaileak, Koldo Salazar akordeoiarekin... eta barkatu beste lagunen bat ahaztuko nuen eta.

Ikusten duzuenez, talde bat baino, kolektibo bat osotzen saiatu gara. Dena dela, gaur egun, bost musikarik osatzen dugu talde egonkorra: Alvaro Garcia (gitarra) Txus Aranburu (akordeoia) Sabin Bikandi (txistua) Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Vicent Zaragoza (perkusioa); Asier Garcia Areatzako alkate lanetan dabilkigu eszedentzian edo (kar-kar-kar...). Dantza maisuei dagokienez: Ainhoa Odiaga, Irune Arrizubieta, Larraitz Artetxe, Ibone Maruri, Patxi Laborda, Josu Garate eta Josu Zarate. Eta, gero, batez ere, dantzariak! Gurekin dantzan aritzen diren Enrike, Elena, Maribi, Juanjo, Nere, Marisa, Itziar, Miren... Koadrilla galanta! Guztion artean AIKO egiten dugu egunez egun.

Zer jasotzen duzue publikoarengandik?

Musikari moduan, aitortu behar dut, kontzertu bat ematen duzunean, sarri askotan, bukatzean zeure buruari galdetzen diozu entzuleek jaso ote duten zure lana, gozatu ote duten, disfrutatu, ulertu... Erromerietan, aldiz, feedback positiboa berehalakoa da, benetan... Dantzaldietan, gehien-gehienetan, pozik goaz etxera, "gaur zerbait egin diagu" esanda. Dantzarien irribarrea ikusteak bete egiten gaitu, eta bitartean guk geuk ere ederto pasatzen dugu... Gure historiari begira, kontzertuen errituala, gaur ezagutzen dugun formatuan, nahiko berria dela esan behar da, eta gogoratu behar dugu musika (kantua barne) eta dantza, batez ere parte hartzaileak, edo gaur egun esaten dugunez, interaktiboak izan direla batik bat. Horregatik, guk ez dugu publikoarentzat jotzen, elkarrekin erromeria bat egiten dugu, guztion artean, guztiok gara protagonistak, eta ez dira hitz hutsak, AIKO Taldea musikari, dantza maisu eta dantzariek osatzen dugu.

Zer dira Dantzategiak?

Egin ditugun ikastaro, mintegi, tailer, dantza barnetegi eta abarretan, inguruetako dantza maisu onenekin ikasteko aukera izan dugu. Urte hauetan, dakigun guztia partekatzen saiatu gara; beraz, esan daiteke, gurekin dantza bidaide direnek jakin beharreko "guztia" jaso dutela jota, jauzi edo mutil dantzen inguruan, adibidez. Baina gauza bat da jasotzea, ikustea, entzutea, imitatzea... eta beste bat barneratzea eta sakon ikastea. Gu geu ere, AIKOtarrok, egunero ari gara ikasten, eta beti dugu zerbait ikasteko, benetan. Eta hori ederra da. Ematen dugun eskola bakoitzean ere, zerbait ikasten dugu. Eta sarritan gauzarik inportanteenak! Eta hori abiapuntutzat hartuta, jaso duguna barneratzeko, "dakiguna ikasteko" aukera izateko, Dantzategiak martxan jarri genituen. Arratsalde batean elkartu eta "dakigun" eta ez dakigun gai bat hartu eta lantzeko ikastaro monografikoak, mutil dantzak, dantza jauziak, hirukoak (balsa-mazurka-fandangoa)... Noizbehinka Dantzategi bat eskainiko dugu, elkartu eta dantzan eginez elkarrekin ikasteko.

Zein dira zuen helburuak?

Ene bada... horrenbeste ditugu... Lehena segur aski, eta AIKO sortarazi zuena, musika eta dantza bat izan direla beti mahai gainean jarri, eta gaur egungo musikaren eta dantzaren arteko dibortzioaren aurrean zerbait egiten saiatu, musikariei dantzan irakatsiz eta dantzariei musika... azken batean, guztiei dantza eta musika bere osotasunean ulertzen lagundu (ahal dugun neurrian eta uzten badigute. Kar-kar-kar...). Eta hortik abiatuta, dantzatzeko musika egokiak sortu, dantzan egiteko gune berriak sortu, dantzaren metodologia eta pedagogia berriak sortu eta hobetu, gure tradiziozko dantzaren ikerketa orokorrean lagundu, dantzarako baliabide pedagogikoak ekoiztu...

Zer jarrera dute gazteek euskal dantzen aurrean?

Nik neuk 52 urteko gaztetzat daukat nire burua; beraz, ez dakit zer esan... Bromak aparte, gazteen artean denetarik aurkitu dezakegula uste dut, tradiziozko dantzen kontuan zein beste edozeinetan. Esan dezakedana da gazteagoentzat proiektu ezberdinak ditugula esku artean martxan jartzeko eta ilusio handiarekin ari garela zerbait sortzeko asmoz. Argi dugu beraien neurrira eta beraientzat propio egindako guneak sortu behar ditugula. Dantzak harremanak sortzeko duen potentziala deskubritzeko toki bat sortu behar dugu, eta gazteek hori balia dezatela elkarrekin komunikatzeko eta ondo pasatzeko. Banakakoa gurtzen duen gizarte honetan, eta batez ere gure Euskal Herri honetan, dantza herritarrok elkartzeko tarteko oso inportantea izan daiteke, arma eraginkor bat. Ia ba.

Zeren beharra ikusten duzue euskal dantzen arloan?

Horrenbeste... Begira, gure ama euskara irakaslea izan zen Galdakaon Frankoren garaian, elizan antolatu ziren eskoletan. Gure ama ia analfabetoa da, ia eskolatu gabea gerra garaia tokatu zitzaiolako eskola urteetan, baina, euskaldun euskaltzalea zenez, eskolak eman zituen. Gero, trantsizioa deitzen den garai horretan, Miren arreba, soziologian lizentziatu zenez eta Euskaltzaindiaren D maila zuenez, institutuetan euskara irakasle bihurtu zen, eta katedraduna da. Geroago, lehengusinak, Josunek, Euskal Filologia ikasi eta itzulpengintzan Master bat egin zuen, eta hortik bizi da baita ere. Dantzan, oraindik, gure amaren garaian gaude. Bide luzea dugu egiteko. Euskararen munduan, ziur hor ere badagoela zer hobetu, baina, behintzat, euskara unibertsitatean irakasten da, titulazio propioak ditu, euskarazko irakasleak profesionalak dira, gizarteak onartzen du euskarazko eskolak emateko prestakuntza bat behar dela eta titulazioa bat, eta eskoletan euskara irakasleek ingeles edo aleman irakasleen soldata bera dute, profesionalak ditugu. Dantzaren munduan, hori guztia ibiltzeko dugu.

Ba al duzue proiektu berriren bat egiteko asmorik?
Hor gabiltza inguruetako musika bandekin BANDtzaldia egitasmoa zabaltzen, urtean zehar Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Lizarran, Portugaleten... egongo gara bertoko bandekin dantzan. Mutil dantzen CD bat grabatzen ari gara udarako bukatzeko asmoz. Gazteentzako dantza laborategi bat sortu nahi dugu, eta aparteko ekimen bereziak dantzan ikasteko. UPV/EHUko uda ikastaroak antolatzen ari gara Areatzan uztaileko lehen astebururako kanpoko dantza maisu gonbidatu mordo batekin. Dantzarako perkusioak duen garrantzia ikusita, AIKOn danbor bereziak garatzen ari gara Ezpelako Raul Parienterekin. Ez gara aspertzen...

Sabin Bikandi (AIKO Taldea): «Gure lanaz maiteminduta gaude erabat»

Dokumentuaren akzioak