Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gure kulturaren baitako nahasketa dantzatua

Dokumentuaren akzioak

Gure kulturaren baitako nahasketa dantzatua

'Aurrez aurre' ikuskizuna estreinatuko dute bihar Maritzuli eta Meatzaldeko Arrigorria taldeek

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2009/03/20

Jon semearekin asmatua du sorkuntza. Semea koreografiako pausoei lotu da bereziki; aita, berriz, oholtzaren antolaketari. Dantzarien aldetik, Maritzuli konpainiak eta Bizkaiko Meatzaldeko Arrigorriak elkarturik, 45 bat dantzari dira iganen oholtza gainera. Musikarentzat, Bilboko Aiako taldea dute. Guztiei denbora eta lan handia eskatu dien proiektua da Aurrez aurre. Jende anitz inplikatu da. Ballet Biarritzen errepikaketetarako estudioan aritzeko aukera izan dute urte osoan. Eta, bide batez, Thierry Malandain koreografoak aholkuak eman dizkie. Kanpoko soa ekarri die. Beste laguntzaile bat Juan Antonio Urbeltz koreografoa izan da. Bere esperientzia partekatu du haiekin. Jantzientzat, hamabi pertsona aritu dira zortzi bat hilabetez. Orotara, 150 jantzik osatzen dute ikusgarria. Jende anitz, baita diru anitz ere. 60.000 euro inbertitu ditu Maritzulik. Ezohiko desafioa hor ere. Jakinez, gainera, hitzeman diru laguntza publiko guztiak ez dituztela oraino eskuratuak. Parioak ez badu funtzionatzen, baliteke Maritzuliren azken sorkuntza izatea. Halere, ez dira oraindik horretan. Donibane Lohizuneko hitzordutik landa, beste leku anitzetan ematekoa dute dantza ikusgarria. Mementoan ez dute hitzordu zehatzik. Egunen finkatzen ari dira.

Ikusgarria bera lau zatitan banatua dute. Lehenean, Lapurdiko inauterien mundua dute jorratuko. Bigarrenean, Zuberoako maskaradena, baina ez usaiakoa. XIX. mendeko formatua dute landu. Hirugarren zatiak pizkundeko garaietan bidaiatzea gonbidatzen du. Euskal dantzen eta Italiakoen arteko loturak aztertzen dituzte hor. Laugarren eta azken zatiak Ando drom izena du. Erran nahi baita bidean romen hizkuntzan. 2.000 urtean landu dantza dute, birmoldatua dutena.

Guztiak tradiziotik etorriak, beraz, nahiz eta batzuk ahantziak diren. «Tradizioan hainbeste gauza bada, hortik hasi behar dugu. Norberak, dituen berezitasunak ezagutu behar ditu. Berezitasun melodikoak, erritmikoak, koreografikoak. Behin hiztegia menperatu eta, orduan bai, testuingurutik atera daiteke eta urrats berriak asmatu. Bertsotan bezala, nonbait», deritzo Iruretagoienak. Tradizioa lantzea ez dela «heste bat» azpimarratu nahi du: «Jadanik eginak izan ditugu nahasketak dantza garaikidearekin eta beste. Aldi honetan, gure kulturaren baitako nahasketa dugu egin nahi izan».

Dokumentuaren akzioak