Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gure jarraitzaileentzako omenaldi txiki bat ere bada ikuskizun hau»

Dokumentuaren akzioak

«Gure jarraitzaileentzako omenaldi txiki bat ere bada ikuskizun hau»

Edu Muruamendiaraz. Aukeran dantza konpainiako burua

Aukeran konpainiak 'Aukeran, 20 urte' ikuskizunarekin ospatuko du bi hamarkadako ibilbidea. Dantza munduan egindako ibilbideaz mintzo da proiektuaren sortzaile eta zuzendari Edu Muruamendiaraz.
Egilea
Amagoia Iban
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/11/03
Lotura
Berria

Bi hamarkada joan dira Aukeran dantza konpainia sortu zuenetik. «Konpainia hitza propio aukeratu nuen, dantza egitetik bizitzeko helburuz sortutako proiektua baita hau. Profesionaltasuna nuen eta dut amets». Konpainiaren sortzailearen hitzak dira, Edu Muruamendiarazenak (Bergara, Gipuzkoa, 1964). Dantza askatu eta aurresku txapelketetan egindako bidea agortutzat ikusi osteko erabakia izan omen zuen.

Hamar ikuskizun sortu ditu ordutik, 1997tik: Sutargi (2001), Izena duen guztia omen da (2003), Bideak (2006), Gernika, mihise gaineko dantza (2009), Jai-Alai (2010), Burnia (2011), Geltokia (2014), Fusioak (2015) eta Maurizia (2016). Hasieran, dantzari ere aritzen zen konpainian. 2009tik, ez. Konpainiako zuzendaria eta koreografoa da egun. Igandean estreinatuko du Aukeran, 20 urte ikuskizuna, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan; urtarrilaren 7an, Bilboko Arriagan eskainiko du. Euskal Herriko hiriburu guztietan taularatzeko asmoa dauka. «Ikuskizunaren formatua handia izaki, ez da erraza programazioetan sartzeko, baina saiatu beharra daukagu».

Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen Gunean hartu du kazetaria. Hantxe egin dute ikuskizun berriaren lehendabiziko entsegu orokorra, bezperan. «Goizeko zortzietatik gaueko bederatziak arte aritu ginen». Herenegungoagatik.

Ikusleak ez omen du Aukeran konpainiaren 20 urteotako ibilbidearen laburpen soil bat aurkituko igandean. Zer aurkituko du, beraz?

Ez da koreografia nahasketa bat izango, ez. Gure ustez bereziak izan diren gure koreografia batzuk hartu, berriztu, eguneratu egin ditugu. Estetika guztia ere aldatu dugu. Eta koreografia berriak asmatu. Hari batek josten du ikuskizun guztia: nondik hasi ginen —tradiziotik— eta garaikidearekin nola lan egin dugun kontatzen dugu. Ikuskizun berezia izango da, formatu handiarekin goazelako, musika zuzenean joko duen jendearekin dantzatuko garelako. Ordubete eta hogei bat minutu irauten du. Eta sorpresak ere izango dira. Atzo [herenegun] egin genuen lehendabiziko entsegu orokorra.

Gustura al zaude lehen entsegu orokorrean ikusitakoarekin?

Bai. Oso. Gure lehen asmoa zen 20 pertsona oholtzaratzea, urte bakoitzeko bat. Hori guztia mugitzea eta antolatzea ez da erraza, eta musikariak alde batetik aritu dira, eta dantzariak bestetik. Atzo [herenegun] elkartu genituen guztiak, lehen aldiz, eta eromen txiki bat izan zen, baina ederra ere bai. Eta izugarrizko luxua da halako musikarien doinura dantza egitea. Mixel Ducau arduratu da musikaz. Xabi Payaren hitzak ere agertuko dira ikuskizunean.

Zuzendaritza eszenikoaz, berriz, Ainhoa Aierbe arduratu da; jantziez, Oskar Armendariz; eta afixa, Jesus Mari Lazkano margolariarena da.

Bai, eta afixa hori da, hain zuzen ere, gure ikuskizunaren leitmotiva. Hodeiak dantzan jarri ditu, eta horrek abiapuntu ederra eman digu. Adur onekoa sentitzen naiz, halako kolaboratzaileak edukitzeagatik.

Kolaborazioen arloa ez duzue berria, gainera. 20 urteotan, kolaboratzaile asko izan dituzue.

Bai, bai. Konpainiarekin hasi ginenean, esaterako, nik ez nekien ezer arte eszenikoei buruz, eta Garbi Losadarekin lan egiteko aukera izan genuen. Hori ere, luxu bat izan zen. Gero, Kike Santiagorekin beste saio bat egin genuen, eta, orain, Ainhoa Aierberekin ari gara. Beste dimentsio bat ematen diote gure lanari halakoek.

Eta idazleak ere izan ditugu laguntzaile: Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio... Musikan, berriz, Mixel Ducauz gain, Fernando Velazquez, Xabi Solano, Xabi Zeberio... izan ditugu kide.

Konpainia sortu zenean, dantzari ere aritzen zinen. Gaur egun ez. Nola daramazu hori?

Oso gaizki. Beti errepikatzen dut gauza bera: beti izan naiz eta beti izango naiz dantzaria, oholtzan ez egon arren. Oholtzan egotea maite dut, aldi berean ikara ere ematen didan arren. Adrenalina hori maite dut. Ikasi dut, baina, atzean egoteak ere baduela berea. 53 urte dauzkat, eta bizitzak zure tokian jartzen zaitu. Onartu dut, eta oso pozik nago.

Urduri zaude igandera begira?

Oso. Baina horrela egon ohi naiz beti, estreinaldia daukagunean. Leher eginda nago, baina gustura ere bai, atzokoa [herenegungoa] ikusi eta gero. Eta beti esaten dut: uste dut 20 urteotan lortu dugula jarraitzaile multzo bat, eta horientzako omenaldi txiki bat ere bada igandeko ikuskizuna. Horiek gabe, ez genuke iraungo hainbeste urtez.

Goazen 20 urte atzera. 33 urte eta hamaika txapel zenituen garaira. Nola gogoratzen duzu zeure burua, dantza konpainia bat sortzeko erabakia hartzen?

Irabaz zitezkeen dantza txapel guztiak irabaziak nituen. Gehiago ezin nuela pentsatzen nuen. Aurresku, fandango eta arin-arin arloan, ezin nuen gorago egin, eta dantzarako grina izugarria neukan artean. Donostiara etorria nintzenetik, Eskola dantza taldean sartu nintzenetik, banekien dantza txapelketak baino askoz gehiago zela, hor beste mundu bat zegoela. Hasi nintzen dantza klasikoa eta garaikidea ere ikasten... Hortik bizi nahi nuen, baina ez nuen ezagutzen hori lortu zuen inor.

Zer erantzun zizuten etxean dantzatik bizi nahi zenuela esan zenuenean?

Amak esan zidan lehen gauza: dantza jantziak lisatzen ikasi beharko nuela. Ikasi nuen. Azkenean, Aukeran izeneko koreografia bat sortu genuen, eta halaxe abiatu ginen.

Eta zer erantzun jaso zenuen?

Izugarri kritika gogorrak jaso genituen. Tradizioaz hasi zitzaizkidan, eta nik sekula ez nuen esan nire asmoa tradizioa aldatzea zenik. Beti egon naiz oso harro dantza tradizional mundutik etortzeaz. Neure bidea aukeratu nuen, neure ustez onena zena, besterik ez. Orain, 20 urteren buruan, begira zenbat jende dagoen bere bidea egiten. Baita bere garaian epelak esan zizkidatenak ere. Garaiak aldatu egin dira.

Zirkuitu bat ere lortu du dantzak, ezta?

Bai, txikia izanik ere, badu bere eremua. Eta horrek izugarrizko poza ematen dit. Jendea dantza ikustera joateko gogoz dago. Ez ginateke hemen izango, bestela.

Konpainia sortzearekin batera, dantza irakasle ere bihurtu zinen. Gaur arte. Hortik bizi al zara oraindik ere?

Bai. 20 urte daramatzat Aukeranekin, eta beste 20 beharko ditut, nik uste, hortik bizitzeko. Beraz, dantza irakaslea naiz.

Nola gogoratzen dituzu dantza ikasle zineneko egunak?

Bergarako ikastolan nengoela, Moises Azpiazu etorri zitzaigun dantza erakustera, ikastorduz kanpo. Fandango eta arin-arina dantzatzeko prestatu gintuzten, eta lehendabiziko txapelketa zazpi urterekin jokatu genuen, herriko neska batek eta biok. Ez genuen ezer irabazi, baina Euskal Herri osoa zeharkatu nuen gerora txapelketaz txapelketa. Autoan sartuta ematen genuen aste bukaera osoa. «Honek dohainak baditu», esaten zuten batzuek, eta hala.

A zer estresa, ala?

Bai, izugarria. Nik ez dut hori nahi nire alabarentzat. Beste garai batzuk ziren. Lehertu arte aritzen ginen entseatzen. Hatz muturrak odoletan, kriskitinak ondo jo arte, hantxe. Asko aldatu dira gauzak, eta eskerrak.

18 urte nituela, Pasaiako Aurresku Txapelketan parte hartu nuen. Bergarako aurreskuarekin joan nintzen. Epaimahaikide bat etorri zitzaidan, sekula dantzaria ez nintzela izango esanez. Nik ez nekien txapelketan zeinen irizpide estuak zeuden. Ikasi nituen, eta dantzari izan ere bai. Grina eta lan askorekin.

Zure garaian egun baino mutil gehiago ariko ziren dantzan.

Aukera gutxiago ere bazegoen gure garaian. Futbola, txistua, pilota eta gutxi gehiago. Nirekin dantzan hasitako mutil gehienek, hala ere, utzi egin zuten dantza 14 urte-edo betetzean. Futbolean ere aritzen nintzen ni, ezkutuan, dantza irakasleak ez zigulako uzten. Orain konturatzen naiz bi ariketak bateraezinak direla benetan, baina nola utziko nuen nik futbola, bada, orduan?

Gaur egun, are gutxiago dira mutilak, eta horrek berak aldaketak ekarri ditu dantza mundura. Mutil harrobirik ez daukagu. Nik, behintzat, ez dut lortu, eta 20 urte daramatzat irakasle.

Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak