Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gure ihauteriak

Dokumentuaren akzioak

Gure ihauteriak

Komunikabidea
Diario de Noticias
Mota
Erreportajea
Data
2006/02/09

Altsasuko ihauteriak hiru egunez ospatzen dira. Lehenengoa, ihauteri igandean, haurren eguna izaten da. Egun honetan haurrak mozorrotzen dira euren gustoko mozorroaz: pailazo, sendagile, indiar, etab.



Hurrengo asteartea Herri ihauteri eguna da. Egun honetan bertako ihauteri pertsonaiekin desfile galanta ospatzen da herri osoan zehar musikarien laguntzarekin. Pertsonaiak hauexek dira: Momotxorroak, sorginak, akerra, juantranposoak, maskaritak, matxingaiztoak, herensugea, ereitza eta ezkontza. Aurrerago zehaztuko ditugu pertsonai hauek nola Urdiaingo eta Olaztiko pertsonaiak.



Ondorengo larunbatean Piñata eguna ospatzen da, zeinetan herritarrak koadrilaka mozorrotzen dira nahi duten mozorroaz. Egun honetan parranda handia egiten du jendeak eta oso ondo pasatzen dute.



herri ihauteriak



Gure pertsonaiak



ereitza Momotxorroek joareekin udaberriari deitzen diote eta honekin batera ezinbestekoa dugu ereitza esnatu berri den lurra erein eta fruituak ematen has dadin.



Ereitza desfilearen eszena garrantzizkoa da. Hiru pertsona eta golda batez osatuta dago. Horietako bi goldearen aurrean jartzen dira, idiak bezala egiten. Hirugarrenak goldea gidatzen du, lurra irauli eta ereitzarako prestatzen. Eszena hau momotxorroen aurretik joaten ohi da desfilean.



ezkontza Bigarren eszena dugu hau. Honetan apaiza, meza-laguntzaileak (monagiloak) eta ezkongaiak joaten dira. Azken hauek gurdi batean ezkonsaria daramate: izarak, sukaldeko ontziak, oiloak, altzariren bat edo beste...



momotxorroak Hau dugu ihauteri honetako pertsonai nagusia edo gutxienez ikusgarriena.



Oro har, handia, izugarria eta ikusgarria da. Buruan saski handi bat jartzen du aurrealdean ipurukoa josirik daukana, ipurukotik ileak zintzilik aurpegia estaltzen diote momotxorroari. Saskiaren bi aldeetan adar handi pare bat josten dira eta atzealdean ardi larrua bizkarretik behera eroriko zaiona gure pertsonai ikusgarri honi. Eusteko edo joareak jartzen ditu gerri inguruan soka batez lotuta eta larrua ere helduz. Joare hauekin udaberriari dei egiten dio momotxorroak. Soinean alkandora txuria, mahonezko prakak, artilezko galtzerdiak, zatak eta odolez zikindutako ohial bat alkandoraren gainetik jartzen ditu. Ohiala odolez zikintzerakoan gauza bera egiten du aurpegi, esku eta besoekin. Guzti honi eskuan daraman sardea gehitu behar zaio benetan beldurgarri bihurtzeko. Sardearekin jendea izutuz joaten dira.



Lehengoek diotenez momotxorroak etxeetan sartzen ziren aurkitzen zutena hautsi eta nahi zutena harrapatzen. Orain ez dute holakorik egiten.



Ibilbidea enparantzan bukatzen da, bertan momotxorroek euren dantza egin ondoren saskia burutik kentzen dute, elkar ezagutu eta festari amaiera emanez.



sorginak eta akerra Desfile edo ibilbidean taldean joaten dira akerra zirikatzen eskuetan daramaten erratzekin. Noizbehinka eta bat-batean akerra sorginen aldera bueltatu eta hauek bi lerrotan jarririk "u,u,u,u" egiten diote erditik pasatzen den akerrari erratzarekin zirikatzen duten bitartean. Sorginak beltzez janzten dira eta buruan zapi beltza jartzen dute era askotako ileordearen gainean. Lehen ileorderik ez zegoenez espartzuarekin moldatzen zuten sorgin-ilea. Aurpegia horiz eta ezpainak eta begi inguruak beltzez margotzen dituzte.



Sorginekin batera eta esan bezala Akerra joaten da. Berau sorginen jainkoa da eta ibilbidean gidatu egiten ditu. Aker bakar bat egoten da eta bere jantzia oso interesgarria deritzagu.



Buruan adar izugarriak dituen aker buru-hezurra, soinean larrua eta larruzko oinetakoak. Soinean daraman larruaren azpitik aker barrabil handi batzuk ikusten dira zintzilik eta azkenik joareak gerrian eta beste buru-hezur txiki bat duen makila bat eskuan.



maskarita Beste pertsonai hau ere bitxia da. Burutik behera eta soin osoa estaliz oihal bat darama, normalean ohazala izaten da.



Ohazal hau kokatzeko lehenengo buru gainean heldu eta beherantz erortzen uzten da. Gerri aldean soka batez lotu egiten da gorputz osoa estaliz. Besoak ere barruan geratzen dira eta zirrikitu bat uzten da eskuak ateratzeko. Aurpegia beste oihal batez estaltzen da, ez ezagutzeko edota izpiritu gaiztorik ez sartzeko eta eskuetan saski txiki bat eramaten du.



juantranposo Honek gorputza zakuz estalita darama eta honen azpian lasto ugari gorputz lodi eta borobila osatuz. Buruan kapela jartzen du aurrealdean zapi bat kokaturik aurpegia estaltzeko.



Juantranposo elementu jostagarria da, bere gorputz borobilarekin jendea zirikatzen du. Jendeak bultzatu egiten du eta beti lurrean bukatzen du bueltaka eta zilipurdika. Pertsonai hau Lantzeko Ziripot aren oso antzekoa da.



herensugea Pertsonai hau berria da, urte gutxi batzuk besterik ez du.



Txinako herensugeen antzekoa da ikusgarria eta koloretsua. Buru handi bat, gorputz luzea eta buztan luze batez osatuta dago. Buruaren azpian pertsona bat jarri eta gidatu egiten du. Gorputza jende mordo baten osatzen du, bata bestearen atzean jarrita eta oihal handi batez estalirik. Buztana sendoa da, honen barruan pertsona bat joaten da, alde batetik bestera mugiaraziz eta ikusleak bultzatuz ibiltzen da.



matxingaiztoa Gaztetxeko gazteek asmatutako pertsonaia dugu hau duela 5-6 urte. Oso arrakastatsua da gazteen artean.



Alkandora zuria, mahonezko prakak, artilezko galtzerdiak, zatak, txapela eta aurpegia estaltzeko zapi zuria darama. Eskuetan makila luze bat daramate eta etxez etxe eskean ibiltzen dira. Herritarrek atea ireki eta janaria ematen diete, ondoren afari ederra egiteko.



urdiaingo momoxarroak Herri honetako pertsonai nagusia dugu momoxarroa . Hauek nahi duten bezala janzten dira baina eskuetan makila bat daramate mozorrotu gabe daudenak jotzeko. Haur asko ateratzen da momoxarroz jantzita baina beldurra ematen dutenak handiak dira, indarrez jotzen baitute, jendea korrika egin araziz.



Jendeak, zirikatzeko, lelo bat kantatzen die:



"Momoxarro xirrikitixarro



Esportero molinero



Zahia jan ta putza bero



Arre konpañero"



Bi egun aurretik Mantaguna ospatzen da. Egun honetan, jendea zakuz jantzi eta aurpegia estaltzeko zapi bat ipintzen du. Etortzeko asmoa baduzu, hankak ederki arinak ekarri beharko dituzu!



beste ihauteriak



Olaztiko pertsonaiak



Olaztiko Ihauteriak duela 20 urte berreskuratu ziren. Ihauteriari hasiera emateko Urbasatik Maria Arroka jaisten da. Herriko haurrak Urbasako jaitsieran itxoiten diote aipatutako jainkosari, herriko enparantzaraino laguntzeko.



maria arroka Maria Arroka jainkosa denez oso dotore jantzita dator, ihauterien hasieraren berri ematera. Hurrengo egunean Zamar-txiki, Zamar-handi eta Neskak agertuko dira.



zamar-handiak Pertsonai honek bi ardi larru janzten ditu soinean; joareak lotzen ditu gerri inguruan eta aurpegia zapi batez ezkutatzen du.



zamar-txikiak Hauek ordea, larru bakar batez estaltzen dute gorputza eta aurpegia beltzez margotzen dute.



neskak Beste pertsonai hau berriz oso desberdina da. Saski bat daramate buruan eta soinean kapa antzeko bat.Olaztiko herri denetan ohi denez mozorrotutakoek ongarria botatzen diote mozorrotu gabe dagoen jendeari. Kontuz! Eta mozorrotuta etorri!



Bestalde, artikulu honekin batera, gonbidapena luzatu nahi dizuegu irakurle guztioi, gure herrietako ihauteri festak ezagutzera etor zaitezten.





BUSCADOR | HEMEROTECA

En Diario de Noticias:

En internet / Google:



DESTACADOS



ihauteriak bertsotan

Sorgina ta akerra

Baita Zamarroa

Maskarita ere bai

Ta momotxorroa

Juantranposo baita ere

Ta momoxarroa

Denetatik azkena

Da oso harroa

Ihauterietako

Pertsonaia hauek

Hemengo herrietan

Guztiz famatuek

Altsasun ta Olaztin

Nahiko dexentiek

Ta Urdiainen berriz

Guztiz kankailuek.

Dokumentuaren akzioak