Jerzy Starzynski, lemko komunitatearen bultzatzaile sutsua
Jerzy Starzynski (1967, Legnica, Silesia Beherea, Polonia) koreografoa, etnomusikologoa eta historialaria da. Alabaina, ezer baino gehiago lemko komunitatekoa da eta bizitza osoa darama beraien hizkuntzaren eta kulturaren alde borrokan. Umetan, eskolan, jazarria izan zen lemkoa zelako. 1989an Kyczera kantu eta dantza taldea sortu zuen, besteak beste, lemkoek haien identitatea indartu zezaten eta lemko izateaz lotsatu ez zitezen.
Zein zen 1989an, komunismoa amaitu eta Kyczera dantza taldea sortu zenean bizi zen giro soziala?
1989ra arte, Poloniako lemkook identitatea adierazteko aukera oso mugatuak genituen. Ez ginen gutxiengo etniko desberdin gisa ezagutaraziak. Soilik Ukrainako Elkarte Soziokulturalaren egituretako adar bat bezala lan egin genezakeen, lemkook ukrainartzat hartzen gintuztelako. Ez genituen berezko eskolak, lemkera ukraineraren dialektotzat hartzen zen. Egoera horretan, gure identitatea garatzeko eta jarduerak egiteko genuen modu bakarra folklore taldeak ziren.
1989an dantza taldea bildu zenuen.
1989an, Legnican, [Poloniako Silesia Behereko 100.000 biztanleko hiria] gaztez osaturiko lehen taldea bildu nuen. 1991tik aurrera, Lemkowskiego Zespolu Piesni i Tanca “Kyczera” (Kyczera Kantu eta Dantza lemko taldea) izenpean ari gara lanean. Gaur egun gure jarduera, artistikoa baino askoz zabalagoa da. Erakusketak eta biltzar zientifikoak antolatzen ditugu, gazte-trukeko nazioarteko proiektuetan parte hartzen dugu, landa-lanak egiten ditugu, liburuak argitaratzen ditugu, eta gainera, lemkoen kulturaren gainean Polonian eta agian mundu osoan den liburutegirik handiena dugu. Nazioarteko jaialdi handia ere antolatzen dugu.
Urte hauetan guztietan, 500 pertsona baino gehiago pasatu dira dantza eta kantu taldetik. Orain, 80 pertsona baino gehiago ari dira elkartean. Kyczera ezaguna da. Ez Legnican soilik, baizik eta eskualdean, Polonian, eta atzerrian.
Zeintzuk dira gaur egun Legnicako lemko populazioak aurre egin behar dien erronka eta zailtasun handienak?
Kulturako, zientziako eta heziketako gure berezko erakunde profesionalak izango bagenitu, gure identitatea mantentzea askoz errazagoa izango litzateke. Zoritxarrez, ez dugu inon horrelako erakunderik Polonian. Arazo handia da, zeren eta dena boluntarioki egin behar da, baina hala ere, nonbaitetik atera behar dugu bizimodua. Halako erakundeek asimilazio prozesua geldotu lezakete.
Duela urte askotatik, helburu honengatik borrokan lanean ari naiz. Tamalez, alferrik. Arazoa da gazteak hiri handietara joaten direla eta are azkarrago asimilatzen dira poloniar kulturan. Gure komunitatea zahartzen ari da. Hala ere, oraintsu halako fenomeno bat ikusten ari gara: gero eta gehiago dira hiru seme-alaba edo gehiago mundura ekartzea erabakitzen ari diren lemko gurasoak.
Zoritxarrez, iragarpena ez da baikorra. Gure lurralde etnikotik kanpo bizi gara, atzerrian. Itsaso poloniarrean bizi gara. Gure identitatea mantentzen dugu zale amorratuen talde txikiari esker. Esango nuke “eroak” ere badirela, osasunaren eta familiaren bizkar lan egiten ari baitira. Baina denak bere mugak ditu. 52 urte ditut eta oso nekatuta sentitzen naiz. Nire emaztea duela zazpi urte hil zen eta bakarrik geratu nintzen bost seme-alaba txikirekin. Bidegurutzean geldirik nago. Saiatzen naiz nire ezaguerak eta erantzukizunak gazteei transmititzen. Halako hainbat pertsona baditut inguruan, baina urte asko behar dira ezaguera barneratzeko.