Dokumentuaren akzioak
"Gure gazte sasoian ez zegoen antolatutako dantza talderik; jaietan batzen ginen dantza egiteko"
Felipe Amutxastegi, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeko sortzaile eta arduraduna
Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko da igande honetan Markina-Xemeinen. Hori dela eta, aitzaki ezin hobea da Felipe Amutxastegitekin hitz egiteko. Herriko Zerutxu dantza taldeko sortzaileetako bat izanik, bera da pertsonarik aproposena talde antolatzilearen ibilbideaz hitz egiteko eta, jaikina, bere esperientzia oparoaz ere bai.
Jai itzela edukiko duzue igande honetan herrian.
Bai, 3.000 bat dantzari eta 30.000 lagun espero dira egun horretan eta jai eta giro polita zango da. Bazkaria egongo da zelaian 600 edo 700 lagunentzako, gero erromeria eta zesta partidak... herriaren izena ezagutzera emateko baliok du.
Zuek ere dantza egingo omen duzue..
Orain dela 50 urte dantzan egiten genuenok Xemenigo ezpatadantza egingo dugu. Entseiatzen ibili gara, jendeak ez duelako edozelan egin gura. Inork ez du "indioarena" egin gura.
Zerutxu dantza taldean aritu zineten denak?
Ez, gure sasoian taldeka ez ziren egoten oraingokoen moduan entolatuta. "Karmenak datoz!" edo "San Migelak datoz!" eta orduan batzen ginen dantza egiteko. Dirua ematen ziguten eta jaiak pasatzen genituen "de madre".
Eta noiz sortu zen taldea?
Duela 42 urte Zerutxu ikastola sortzen hasi ginenean, ni batzordekoa nintzen eta proposatu nuen ekintza gehiago ere egitea, umeek euskara egin zitzaten. Hor sortu ziren bertsolaritza, txistulariak, gaueko ikastola eta beste ekintza batzuk, euren artean dantzak.
Zelan gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Hasi ginen 12 neska eta 8 mutilekin. Umeak ziren denak. Gero ikasten-ikasten joaten ziren eta Arabara, Gipuzkoara, Iparraldera... joaten hasi ginen andra eta seme-alabak hartuta. Baina hori baino lehen dantzarako tresnak berreskuratzen hasi nintzen, aspaldian hortik utzita egon zirenak.
Markina-Xemeingoak ziren dantzarako tresnak?
Bilboko Barrenkale Barrena kalean 1932an egindako eskapulario eta ezpata zaharrak gordeta zeudela banekien. Hauek Markinako Batzokikoek beldurragatik Bilbon ezkutatu zituzten gerra sasoian. Idatzi nien karta bat azalduz taldea berriz ere atera nahi genuela Markinan eta eman zizkiguten.
Altxor ederra izango dira.
Eskapularioak hain zahar zeuden, ze konpondu egin behar izan ziren. Batzokiko andrek egin zuten lan hau, ezpatekin batera, eta gorri, berde eta zuriak zirenez ezkutatu egin genituen koloreak lehen urteetan. Dena dela bigarrenean esan nuen, "ze demonio, aurrera bota behar dugu" eta atera genituen, baina Guardia Zibilak -hemen txapelokerrak esaten genien- atzetik ibiltzen genituen, zaintzen.
Arazoak izango zenituzten.
Zerutxu talde moduan galazota egon ginen Bizkaianm gobernadoreak ez zigulako uzten dantzatzen hemengo Udaletxearen informeen arabera gu nazionalistak ginelako. Lehen dantza saioan parte hartzen zutenen izenak karteletan jartzen ziren eta horretarako gobernaziotik pasatzen ziren lehenago. Guk ez genuen esaten dantza egingo genuenik eta gero egiten genuen karteletan agertu barik.
Zelako dantzak egiten zenituzten hasierako urteetan?
Hasieran oinarrizko ezpatadantzak, baina gero gehiago ikasten hasi ginen. Hauetako batzuk gero aldatu egin genituen Jose Aginagaren semeak bere aitak dantza desberdinen inguruan egindako apunte batzuk pasatu zizkidanean eta haietara moldatzea erabaki genuelako.
Zeintzuk dantza agertzen ziren?
Xemeingo ezpatadantza, esate baterako. 1898ko argazkiak daude erakusten dutenak orduanegiten zela eta baita 1915ekoak ere, baina gero zati baten ez zen egiten, ez dakit zergatik, eta Batzokiko jendeak holako dantza bat galtzea pena bat izango zela eta berreskuratu nahi zuten. Aginagak ezpatadantza guztia apuntatu eta marraztu zuen. Material guzti hori plastifikatu eta sailkatu nuen eta nik daukat gordeta. Gerra aurrean gertatu zen hori guztia eta urte batzutan ahaztu egin zen berriro.
Berreskuratzeko beste saiakerarik egon zen?
1942an Segundo Olaeta koreografoa etorri zen Markinara eta bertako Markinako ezpatadantza ikasi nahi zuen baina ez zioten erakusten, edo nahita txarto erakutsi zioten. Antza denez bertako dantza zelako eta ez dakit zelako tontakeriengatik ez zuten erakutsi nahi. Olaetak bere erara muntatu zuen dantza eta behin markinarrak Bilbon dantzatu zutenean hark ikusi eta haserretu egin zen.
Zuek ere galdutako beste ohitura batzuk berreskuratu dituzue.
Markinako aratusteetan, Saragi dantza eta Hartzaren ohitura berreskuratu genituen. Dantzaren erreferentziak daude hamazortzigarren mendetik baina gero galdu egin zen. Hartzarena amak ere gogoratzen zuen, baina duela 70 bat urte itxi zitzaion egiteari. Horrek biak orain dela 30 bat urte berreskuratu genituen.
Baina beste dantza batzuk ere atera dituzue gogora.
Bai, Arretxinagako Mahai-gaineko dantza eta Lekeitioko Andren Aurreskua berreskuratu genituen. Azken hau 1974an atera genuen berriro, hango jendeari galdetu eta galdetu ibili eta gero. Harrez gero eurek egiten dute.
Eta oraindik taldean jarraitzen duzu?
Orain beste batzuk dute taldearen ardura eta nik laguntzen jarraitzen dut. Laurogeita hamar bat dantzari daude gaur egun taldean, adin desberdinetakoak. Orain igandera begira entseiatzen ari gara, batek ezpata guztiak eraman zituen torlojuak estutzeko, garbitzeko.. Jendea gogotsu dabil.
Protagonista
Adina: 71 urte
Jaioterria: Markina-Xemein.
Lanbidea: Erloju konpontzailea izan da. Orain jubilatuta nago baina semearen dendan laguntzen du.
Dantza taldean: Orain dela 42 urte Zerutxu dantza taldea sortu zuen, beste batzuekin batera, eta harrez gero beti egon da lotuta taldeari irakasle moduan.
Dantzan: Zerutxu sortu aurretik hainbat dantza egina zen herriko mutilekin. Haietako batzuekin batera igande honetan Xemeingo ezpatadantza egingo dute plazan.
Ohiturak berreskuratzen: Herriko ohiturak berreskuratzen aritu da. Horrela galduta zeuden Aratusteetako Saragi Dantza eta Hartzaren usadioa egiten hasi ziren duela 30 bat urte. Arretxinagako Mahai-gaineko dantza eta Lekeitioko Andren Aurreskua ere bere ekimenari esker egiten hasi ziren berriz ere.
Argazkilaritzan: Milaka argazkirekin osatutako artxiboa du. Bertan herriko baserriak, aspaldiko ohiturak eta antzinako irudiak jaso ditu.
Aspaldikoekin DEIA egunkariak oraintsu argitaratu du liburu bat.
Dokumentuaren akzioak