Dokumentuaren akzioak
"Gure folkloreak aise ematen du nazioarteko jaialdietarako"
Aritz Ibañez, Duguna dantza taldeko zuzendaria
Aritz Ibañez (<Artiz Ibancz> Middlesbrougheko jaialdian) duela 22 urte sortu zen Iruñean, eta Duguna taldeko dantzaria, txistularia eta zuzendaria da. Udal Ikastolan eta Biurdana institutuan ikasi eta gero, Nafarroako Unibertsitatean kazetaritza ikasi zuen. Iaz Euskalerria Irratian kiroletako arduraduna izan zen, eta, Martxelo Sotesekin batera, Iruñea Konexion saio sarkastikoa egiten zuen, Egun ETBko erredaktore lanetan dabil Iruñean.
Aritz Ibañez bitan izan da Midelsbrougheko jaialdian. Aurten, dantzari eta txistulari gisa ez ezik, Duguna taldeko zuzendari gisa joan da.
Nolako bidaia izan da?
Uztailaren 19an abiatu eta hilaren azken eguean itzuli ginen. Middlesbrough herrian bost egunean egon ginen dantzatzen, eta gero txangoa egin genuen Londresera. Dantza taldean urtero, edo bi urtetik behin, horrelako bidaiak egtea gustatzen zaigu. Dantzatzeko eta atseden hartzeko balio dute.
Middlesbrougheko jaialdian egoten zineten bosgarren aldia zen.
Bai. Lehenago Duguna taldea 1974an, 1976an, 1992an eta 1997an egon da jaialdian. Eta egon garen bakoitzean, nahiko emaitza onak erdietsi ditugu. 1997an sari nagusia irabazi genuen, hamabost talderen artean. Horregatik ezin izan genuen parte hartu 1999ko jaialdian. Aurten, berriz ere, sari nagusia irabazi dugu, baina bost talde besterik ez zeuden. Agian horregatik izan dugu arrakasta.
Zein heritako taldeak zeuden txapelketan?
Bulgaria, Eslovakia, Txekia, Polonia. Ekialdekoak guztiak. Ez dut erranen folklore berdina dutenik, baina bai oso antzekoa. Bestalde, Turkiako batzuk joatekoak ziren, baina egun batzuk lehenago hil zitzaien zuzendaria. Eta Ukraniakoek ez zuten lortu bisarik.
Zer dela-eta hain partaide guti?
Horrelako jaialdia antolatzea zaila da, herri askotako taldeak ekarri behar direlako. Azken urteetan arazoak izan dituzte txapelketa antolatzeko. 1966tik ari dira egiten, dantzariak etxeetan hartzen dituzte eta, akaso, nekaturik dago jendea.
Baina nola epaitzen ahal dira txapelketa batean herri bateko eta besteko dantzak?
Ni ez naiz epaile, eta pentsatzen dut nahiko zaila eginen zitzailela. Dantza batzuek ez dute besteekin batere zerikusirik, eta dantza mailari baino nik uste dut kasu gehiago egiten diotela herri bakoitzaren folkloreari. Hemen zorte handia dugu; Euskal Herria herri ttikia da, baina oso folklore aberatsa dugu, oso dantza ezberdinak baititugu. Txapelketan hamar bat dantza egin behar ziren. Zorionez, euskal folkloreak askoz ere dantza gehiago ditu, eta aise ematen du nazioarteko txapelketetan parte ahrtzeko. Beste herrietako dantzariek sailetan antzeko dantzak egin zituzten, edo, besterik gabe, dantza errepikatzen zuten, orain neskak, gero mutilak, eta bukatzeko neska eta mutilak. Bulgariako taldeak, adibidez, bi dantza besterik ez zuen egin. Uste dut hori asko baloratu zutela, folklorearen aberastasuna. Gu saiatu ginen sail bakoitzean dantza arras ezberdinak egiten, errepertorio zabala eskaintzen, eta horitk etorri zitzaigun arrakasta. Musika ere aldatuz joan ginen, txistulariak, fanfarrea eta Tafallako gaitariak tartekatuz.
Txapelketa izan eta gero, Londresera egin zenuten txangoa, eta Trafalgar plazan larrain-dantza dantzatu omen zenuten.
Halaxe da, bai. Txistulariok eta gaitariek erabaki genuen egun batean musika tresnekin kalera ateratzea. Eta taberna batetik apsatu eta gero, Londresko karriketan barrena abiatu ginen jo eta jo. Trafalgarren udaltzaina etorri zitzaigun erranez han ezin zela jo. Komentatu genuen guk ez genuela dirurik eskatzen, gustatzen zitzaigulako dantzatzen genuela. Nagusiarekin hitz egin ondoren, hamar minutu eman zizkigun. Jendetza bildu zen gure inguruan, eta, gero, Trafalgarreko iturrian bainua hartu genuen. Eta, bitxia bada ere, udaltzainak orduan ez zuen deus ere erran.
Dokumentuaren akzioak