Dokumentuaren akzioak
Gure estiloak bi ezaugarri ditu:puntetan egitea eta espresioa
Beren estiloa definitzeko eskatu eta elkarri begiratu diote. Mutila da, Aitor, erantzuna eman duena: «Bi ezaugarri dituela esango nuke: bata hanka puntetan egitea eta, bigarrena, gorputz osoa erabiltzea». Neska, Amaia, animatu da ondoren: «Joan den igandean oholtzara igo aurretik Joanito Sanchizek, gure maisua izandakoak, gomendio hori eman zigun, alaitasunez dantza egin behar genuela».
- Noiz irabazi zenuten zuen lehen txapela?
AMAIA: Dantzan hasi eta urtebetera. Nik sei edo zazpi urte izango nituen eta Aitorrek 11. Sanjoanetako aurreskuarekin hasi ginen eta segituan pasatu gintuzten sueltora. Geroztik sari asko irabazitakoak gara. Behin kontatzen hasi ginen eta 300en bat badira etxean eta ganbaran.
- Zer diferentzia dago Segurako bikote txapeldunaren eta sailkapenean beherago geratzen direnen artean?
AITOR: Gure eta ondotik datozen gazteagoen arteko diferentzia nabarmenena konfiantza kontua da. Azken urteotan indarrean eta ziurtasunean irabazi dugu, oholtzan egoten. Dantza ez da hankekin bakarrik egiten, eskuekin, gerriarekin eta, batez ere, aurpegiarekin egin behar da. Sentimenduak transmititzen ikasi dugu.
- Zer transmititzen duzue?
AITOR: Sueltoa bikotean egiteko dela kontuan izanik, bikote baten arteko sentimenduak transmititu behar ditu, eta, gauza guztien gainetik, alaitasuna.
- Zenbat lo egin zenuen larunbat gauean?
AMAIA: Dozena bat ordu. Gaueko hamarretatik laster sartuko ginen ohean eta goizeko hamarretan jaiki. Fuerte gosaldu, goiza etxean patxadan pasa, bazkaritan platerkada pasta jan eta joan ginen Segurara. Oholtzara igo aurretik zaude urduri, baina behin goian zaudenean, dantzan kontzentratzen zara eta kito.
- Zuen ezaugarrietako bat hanka puntetan egitea dela esan duzue. Zer da dantza hanka puntetan egitea?
AITOR: Hanka puntetan egiteak arintasuna ematen dio dantzari eta lurra ukitu gabe ari zaren itxura ematea da helburua. Badaude beste estilo edo eskola batzuk alderdi hori hainbeste zaintzen ez dutenak eta, hala ere, oso ondo dantzan egiten dutenak.
- Oraindik ere nabaritzen al dira eskolen arteko diferentziak dantza egiteko orduan?
AITOR: Ikasle arruntak beharbada ez ditu bereiziko, baina gure artean bereizten ditugu dauden estilo eta eskolak. Egia da poliki-poliki bateratzen ari direla, baina oraindik ere gu begira jartzen gara eta hori Bergarakoa da, hori Azkoitikoa eta beste hura Errenteriakoa esateko adina bereizten dira.
- Maila igotzen ari den inpresioa al duzue?
AMAIA: Une honetan lauzpabost bikote gaude dantza sueltoan maila berean egiten dugunak eta xehetasun edo akats txikien baitan daude txapelak. Orain urte batzuk faboritoen taldea murritzagoa zen.
- Zein dira datozen asteotan dauzkazuen konpromisoak?
AMAIA: Bihar bertan herriko festen barruan egiten den txapelketa daukagu Hernanin. Segurako finalista gehienak han izango dira. Orion daukagu ondorengo hitzordua, Zumarra gako txanda etorriko da segidan eta Errenteriakoa gero, uztailaren 25ean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko baita. Errenteriakoa da, Segurakoaren ondoren, dantza sueltoak duen hitzordurik garrantzitsuena, oihartzun handikoa eta txapelketen artean zaharrenetakoa.
- Noiz bukatzen da dantzari baten bizitza?
AMAIA: Gogoak huts egiten duenean. Izugarri gogorra da Segurakoa baino hilabete lehenago hasi eta uda osoa batetik bestera ibiltzea, lana eta entseguak beste egitekorik gabe. Nik 23 urte ditut eta Aitorrek 27. Oraindik ez gaude fase horretan. Egun askotan hiru edo lau ordu dantza eginda joaten gara etxera, eta, hala ere, irratian trikitia entzunez gero, gorputza dantzan jartzen zaigu. Oraindik gogoarekin jarraitzen dugula esan nahi du horrek.
- Sei-hamar urterekin hasi zineten dantzan. Ez al duzue etenik egin gaztetan?
AITOR: Nik lau urteko etena egin dut berriki, kimika ikasketak Donostian bukatu eta doktoretza egitera joan nintzen Manchesterra. Abenduan itzuli nintzen eta berehala hasi nintzen lanean Andoaingo enpresa batean. Eta hilabete gutxi izan ditut sasoian jartzeko.
- Lau urte horietan ez al duzu izan dantza egiteko aukerarik?
AITOR: Euskaldunak biltzen ginen bakoitzean aurreskua egitea tokatzen zitzaidan, baina sueltoan ere egiten genuen, trikitia ere bagenuelako, baina fandango bat bukatzeko gorriak ikusten nituen.
- Noiz irabazi zenuten aurreko Segurako txapela?
AMAIA: 1996an, eta sekulako harrera egin ziguten Udaletxean. Kontuan izan behar da Segurara herri baten ordezkari bezala joaten garela sari indibidual asko ematen dituzte, baina sari nagusia, Basterretxearen eskultura, Udaletxean uzten da eta ondo iruditzen zaigu, dantzari txapeldunen atzetik beste dantzari asko egoten direlako eta saria nolabait guztiena delako. Sanjoanak pasatzean espero dugu egingo digutela bigarren harrera.
Dokumentuaren akzioak