Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gure eskumena ez doa harago baina gure ardura da kartografia osoari erreparatzea»

Dokumentuaren akzioak

«Gure eskumena ez doa harago baina gure ardura da kartografia osoari erreparatzea»

Euskal dantzariek eta konpainiek frantsesa hizkuntza duten herrialdeetan presentzia areagotzeko ahaleginetan ari dira Etxepare Euskal Institutua eta Malandain Ballet Biarritz. Hiru administrazioren menpe dagoen dantza alorraren «kartografia komuna» osatzea da programaren asmoetariko bat.
Egilea
Xole Aramendi
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2025/09/14
Lotura
Naiz

 

Irene Larraza eta Yves Kordian, Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentroaren zuzendari ondokoa.
Irene Larraza eta Yves Kordian, Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentroaren zuzendari ondokoa. (ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA)

 

Euskal dantza frankofoniara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren eta Malandain Ballet Biarritzen eskutik. Egitasmoa balioan jarri du Irene Larrazak, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, elkarrizketa honetan.

Etxepare Euskal Institutuaren ‘Ça colle au basque’ programaren barruan kokatzen da egitasmoa. «2025etik 2027ra bitartean garatuko dugu eta martxan jartzen hasi gara euskal kultura eta euskara frantsesa hizkuntza duten herrialdeetara eramateko asmoz», azaldu du Larrazak.

Hainbat alorretan du garapena egitasmoak eta, dantzari dagokionean, Malandain Ballet Biarritzekin batera, ‘Saut de basque’ proiektua jarri dute abian. Joan den irailaren 6an Maitaldia jaialdian, Biarritzeko Udal Kasinoan egindako ‘Saut de basque’ jardunaldi profesionalaren baitan aurkeztu zuten euskal dantza frankofoniako sare artistiko eta instituzionaletan kokatzea helburu duen aliantza estrategikoa.

Topaketan 80 lagun baino gehiago elkartu ziren, tartean Irene Larrazarekin batera Maider Arosteguy Biarritzeko alkatea; Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuko Kultura sailburua; Thierry Malandain Biarritzeko Balleteko zuzendari artistikoa; eta Martin Harriague, zuzendari berria izango dena, baita euskal dantzako hainbat sortzaile ere.

Etxapare Euskal Institutuaren eta Malandain Ballet Biarritzen arteko elkarlana lehendik dator.

Bai, euskara euskal kulturaren eta identitatearen isla izanik gure programetan eta dirulaguntza deialdietan Iparraldetik eta Nafarroatik datozen proposamenak ere hartzen ditugu. Eta inkorporatzen ditugu kanpoan abagune berriak sortzen ditugunean. Euskal Leihoak deitzen diegu ekimenei, jaialdi edo programazio zehatz batean badago atal bat euskal sorkuntza garaikideari eskainia. Eta saiatzen gara ahalik eta jaialdi esanguratsuenekin lotzen. Baita egonkortasuna eduki dezaten, erakusleihoek bihur daitezen urtero erreferentzia bat jakiteko diziplina jakin batean zertan ari diren gure sortzaileak. Arnas luzeko egitasmoa izatea da gure nahia. 

Malandain Ballet Biarritz, adibidez, izan zen protagonista Quebec-eko Quartiers Danses jaialdian antolatutako Euskal Leiho batean. Ez ziren partehartzaile bakarrak izan, baina eurena izan zen han egindako emanaldirik handiena.

Aurten presentzia berezia izan dute euskal dantza konpainiek Maitaldian.

Beti gabiltza elkarlana nola sustatu begiratzen. ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren izpirituak islatzen du gure lan egiteko modua. Guretzako Ipar Euskal Herriko eragileak eta sortzaileak badira gure hartzaileak eta kasu honetan badira, gainera, ate bat frankofoniara, frantsesa hizkuntza duen eremuen bizi direlako. Hainbat proiektu garatzen ari gara Ipar Euskal Herriko erakundeekin, esaterako, Baionako Euskal Museoarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin. Malandain Ballet Biarritzek Maitaldia jaialdiaren programazioaren ardura du eta pentsatu genuen izan zitekeela interesgarria bere baitan euskal dantzari eskainitako lehio bat irekitzea. Beti egoten dira euskal dantzariak, baina aurten zortzi konpainiek parte hartu dute, hegoaldekoak eta iparraldekoak. Beraien lanak aurkeztu dituzte Frantziako eta nazioarteko programatzaile eta profesionalen aurrean eta gainera lan egin dugu Frantziako programatzaileak etor daitezen leihoa ikustera. Alegia, atal bat sortu dugu Maitaldian bigarren eragin hau eduki dezan. Gako garrantzitsua da Malandain Ballet Biarritzek Frantziako Zentro Koreografiko Nazional izaera izatea. Hau baliatu nahi izan dugu euskal dantza garaikideari ikusgarritasuna emateko. Garaikide diot, eta hala da denborari dagokionez, baina gaur egun erakusten ditu dantza klasikotik eta tradiziotik oso gertu dauden edo hortik eratorri diren proposamenak.

Euskal artistei laguntza eta akonpainamendu integrala emango zaie. Sortzailea ez da bakarrik arituko, bidelaguna izango du. Garrantzitsua da.

Malandain Ballet Biarritzek, zentru koreografikoa den aldetik, ez du bere lana erakustaldi honekin bukatuko. Euskal Leihoekin, orohar, ‘hemen gaude’ esan nahi dugu lehenengo. Existitzen gara. Euskaldunak gara, euskaraz egiten dugu lan eta gure identitate propioa dugu, eta sorkuntza garaikidea daukagu hein berean munduari erakusteko. Frantziako programatzaileen aurrean horrelako leihoa ipintzeak mezu hau ematen du eta baita ere amua botatzen du harreman baterako. Malandain Ballet Biarritzek horretan lagunduko digu, harremanak sustatzen, eta gure aldetik beste amu bat jartzen diogu, edozein programatzaileri interesa piztu dion euskal konpainia bat eramanez gero Frantziako programazio batera Etxeparek baditu laguntzak gastua arintzeko. Eta hau programatzaile bati interesgarria zaio.

Dena den, Etxepare ez da laguntza leihatila soil bat. Gure ardura ere bada motor izatea eta abagune berriak lortzea beraientzat. Horregatik ditugu Euskal Leihoak. Modu egonkorrean eginez gero erreferentziazko gune bihurtzen dira zer gertatzen ari den jakin nahi duenarentzat. Erakuslehio bezala badira aukera interesgarriak eta profesionalki ere bai. Guk beste toki batzuetan lantzen ditugunean lanerako aukera eskaintzen ari gara sortzaileei eta ikusgarritasuna ere bai etorkizunean lanerako aukerak gehitu daitezen. Oso lan xehea da, pertsonalizatua. Batzuek nazioartekotze bokazio handiagoa daukate eta egin dutena errazago ulertzen da kanpoan beste batzuena baino, baina saiatzen gara aukerak denei ematen. Maitaldian sortu dugun lehioa urtero errepikatuko da. Bertan egin diren kontaktuei eta presentziari jarraipena egingo zaio, gure laguntzen berri eman eta tirriki-tarrak txingurri lana egiten jarraituko dugu, ea gero dantzarien eta konpainien mesederako aukera berriak sortzen diren.

Literaturan, adibidez, sortzaile bat kanpora eraman nahi baduzu halako hizkuntzatan itzulia egotea eskatuko dizute. Horregatik, ‘Ça colle au basque’ egitasmoan baditugu beste lan lerroak eta horietako bat da euskarazko literatura frantsesera areago itzulia izan dadin, orain arte oso gutxi itzuli baita. Bai, diozun bezala lanerako baldintzak sortzea ere bada gure lana. Eta egitasmoz egitasmo osatzen goaz puzzlea.

Euskal Lehioak guk sortu eta finantzatzen ditugu baina bertan sartzen direnek jaialdi horretako programatzaileak jarritako irizpideak betetzen ditu, alegia, kanpoko programatzaileak sekula ez luke aukeratuko bere estandarrak betetzen ez dituen ezer. Horrek ere ematen digu erreferentzia gure sortzaileen mailaren inguruan. Kanpoko programatzaileek ez lukete onartuko, ezta finantzatuta ere, euskal sorkuntzari begira jarriko den atal bat, euskal sorkuntzak ez balu edukiko beharrezko kalitatea eta maila.

Hiru administrazioren menpe dago euskal kulturgintza. «Kartografia komuna» osatzea da programaren beste helburuetako bat. Zein da horren inguruan egindako hausnarketa?

Guk ekarpena egin nahiko genuke horretan. Hiru administrazio ezberdin dira eta bakoitzak bere kudeatzeko modua dauka. Baldintzak ere ez dira igualak alde guztietan. Badago lana sortzaileen alor profesionalari begira garatu behar dena eta badagoena mahai gainean. Ez dagokio Etxepare Euskal Institutuari baina nahiko genuke ikuspegi osoa erakutsi kanpora goazenean. Zenbateraino da interesgarria sorkuntza orohar armonizatzea? Sortzaileek kontatzen digutena da oso naturala dela hegoaldeko edo iparraldeko konpainia batekin lan egitea, esaterako. Dantzaren bitartez berez hizkuntza komuna erabilita egiten da lana baina zirkuituak eta baldintzak oso desberdinak dira. Ikusten dugu sortzaile eta koreografo asko dabiltzala mugan salto egiten batera eta bestera eta zentzua duela euskal dantza eszena edo kartografia batez. Beraientzat oso naturala da eta guk narratiba horri heltzen diogu. Horretan sinesten dugu. Gure eskumena ez doa harago baina iruditzen zait gure ardura dela kartografia osoari erreparatzea. Askotan hain gaude bakoitza berean, eta horrek badu bere logika, begirada ez dugula zabaltzen, ez zaigu natural ateratzen. Eta Etxeparek hori egitea bada ekarpena baita ere. Gero administrazioek erabakiko dute nola egin gauzak.

Dantza alorretik jaso izan dut Euskal Herriko kulturgintzaren ekosisteman ahazturan daudenaren sentipena. Zuk eurekin duzun harremanean esperientzia bera izan duzu?

Zirkuituak eta euren lana erakusteko aukerak mugatuak dira eta dantza konpainiak bizirik mantentzea esfortzu handia da. Lan handia egin behar izaten dute jardun profesionala aurrera eramateko. Etxepareren ordezkari bezala ez daukat iritzirik horren inguruan. Pentsatu nahi dudana da zenbat eta gehiago zabaldu zirkuituak eta lanerako aukera eman, euren jardun profesionala ere indartzeko aukera dagoela. Gu ez gara agenteak, managerrak edo ekoizleak, baina ikusten dugu dantzarekin gure mugaz gaindi ere egoteko aukerak ditugula, hemengoak beti direlako mugatuak. Guk ekarpena egin dezakegu pixka bat haratago ibil daitezen lagunduz, jakinda borroka asko egiten dutela lana aurrera ateratzeko.

Dokumentuaren akzioak