Dokumentuaren akzioak
«Gurasoei plazer egiteko jotzen dugu»
ATZEKOZ AURRERA. Jean Flesher. Musikaria
Ama Ezterenzubikoa badu ere (Nafarroa Beherea), AEBetan sortu zen Flesher, 1963an, Salt Lake Cityn. Amerikako euskalduna da, euskal kulturari arrunt lotua. Akordeoiarekin hamaika dantzaldi girotu ditu AEBetako euskal giroan. Berriki, Nevadako National Cowboy Poetry Gathering jaialdian parte hartu du, talde osoarekin. Euskal Herrian jotzeko gogotsu dago, nahiz eta oraindik ez duten data finkatu.
Amak erakutsi zizun euskaraz?
Ez. 4 urte nituenean, amona eri zen Euskal Herrian, eta ama, arreba eta hirurok hara joan ginen sei hilabeterako, hura ikusteko. Etxera itzultzean ez nekien euskara baizik. Gero eskolan hasi behar, aitarekin ezin berba egin, eta gurasoek deliberatu zuten euskararik ez egitea etxean, bakarrik ingelesa.
Orduan, nola ikasi zenuen?
Beraz, dena ahantzi nuen. Baina 12 urterekin hemengo apaiz euskaldun batek liburu bat eman zidan ikasteko. Hala hasi nintzen, eta, azkenean, etorri zitzaidan euskara berriz burura. Hara, beti praktikatzen eta euskaldunekin ibiltzen...
Euskara gordeta zenuen nonbait?
Buruan egonen zen, bai. Baina oraino ere amarekin ez dut euskara egiten: ingelesa baizik ez.
Akordeoi jotzailea zara. Noiz hasi zinen euskal musikarekin?
35 urtez jo dut musika euskaldunendako. Dantza taldean hasi nintzen euskal musikarekin, baina orain hemengo musika ere egiten dut. Aita-amek, etorri zirenean, ez zuten euskal musikarik tabernetan; orduan, hemengo musika gustatzen zaie, eta hori jotzen dugu.
Dantzari ere bazara?
Lehen euskal dantzaria nintzen, gure herrian dantzari talde bat baitzen. Gero, maisu izan naiz herri askotan. Okupatua naiz euskal kulturan: kozinatzen, dantza erakusten, musika jotzen...
Zer da euskal-amerikar musika?
Hango musika batzuk eta hemengo lehengo musika batzuk hartu, eta nahas-mahas egiten dugu. Baina jotzen dugun guzia gure gurasoei plazer egiteko da. Haien musika da. Horrela hasi ginen euskal dantzaldietan. Ez da euskal musika purua, hemengo euskaldunendako da.
Azkenean, disko bat kaleratu duzue. Nolatan?
Rene Caballero atabalariak —nire kusia— aspaldi zuen ideia, beti zegoen hori galdegiten. 35 urteren buruan deliberatu dugu egitea, kusiak minbizia baitzuen. Pentsatu zuen orain zela tenorea. Diskoa kaleratu eta berehala hil zen.
Andre Madalen eta Xalbadorren heriotzean ez ezik, Hey baby, qué paso ere grabatu duzue. Nahasketa handia, ezta?
Esan bezala, gure gurasoen denborako kantak eta dantzak dira. Baina gehienak dantzak dira, eta gehienak euskaldun aireak. Kontzertuak baino, dantzaldiak egiten ditugu.
Euskaldunendako kanta bitxiak ere badaude. Beer barrel polka aditzen duen euskaldunak Gora eta gora beti adituko du.
Bai, hala da. Gu lehenbizi Beer barrel polka jotzen hasi ginen, eta geroago ikasi genuen Gora ta gora beti. Beraz, pentsatu genuen lehengo gisan uztea.
Han aditzen da euskal musika?
Geroz eta gehiago ari gara Amerikan, bada maitasuna. Askotan aritzen gara euskaldunak ez direnentzat, munduko musikaren barruan. Bestalde, Renon badira beste bi musika talde, berriki sortuak.
Orain, zer asmo duzue?
Aurten beste CD bat grabatuko dugu, berriz ere antzeko musikarekin: euskaldun musika batzuk eta hemengo aire batzuk. Geroz eta gehiago gara okupaturik asteburuetan; hemen beti bada zerbait, euskal festak-eta. Gure asmoa da hemengo haurrek ikas ditzaten gure musika, dantza, kanta, pilota, musa... Horregatik ari gara, ez dugu diru handirik irabazten. Musikaren maitasunarekin egiten dugu, eta euskal ohiturak mantentzeko.
Haur eta gazteek jarraitzen dute?
Bai, bai. Kalifornian eta Idahon bereziki. Bada gazteri andana, eta beti etortzen dira euskaldun dantzaldietara. Polita da, egia; segitzen dute. Batzuek euskara ikasten dute ere, nahiz eta gehienek ez. Agian gure musikak laguntzen du horretan.
Dokumentuaren akzioak