Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gu dantzari collahuak ginen...

Dokumentuaren akzioak

Gu dantzari collahuak ginen...

Antton Lukuri

Egilea
Iñigo Aranbarri
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2009/09/06

Kondorraren hegalak ukitu nahi dituzten kanpotarrak goiz jaiki dira Chivayko ostatu txikian. Egunak argitu aurretik gosaldu dute, abegikor zerbitzatu ditu etxeko andreak, jangela ongi apainduan. Mismi sumendiaren itzala ikusi uste dute aurreneko argi izpiekin, furgoneta zurietan sartu dituztenean. Hemen hasten da Amazonas ibaia, Colca arroan, Arequipatik ia berrehun kilometrora.

«Colcako hamalau herriek bitxikeria historiko bakan horietakoa osatzen dute», irakurri dute jangelako horman ongi enmarkaturiko prentsa artikulu batean. Berme, Vargas Llosaren sinadura darama: «Hiru mendeko bizimodu koloniala ia ezertan aldatu gabe, bere horretan mantendu dira hemen», jarraitzen du. Hala jakin dute XVI. mendean Francisco Pizarrok bere anaia Gonzaloren esku utzi zuela orain beraiek zapaltzen ari diren lurraldea, eta erregeorde Toledok sorturiko indigenen bilgune haien itzal direla begien aurrean iratzartzen ari zaizkien herriak: Yanque, Maca, Cabanaconde, Pinchollo, Achoma...

Goizeko seiak ez direla Yanqueko plazatxoan gelditu eta gidariak jaitsarazita, Vargas Llosak agindutakoa ikusi dute. Handiagoak edo txikiagoak, baina Espainian diseinatu eta hemengo lur zokorrez eraikitako herriak, denak dira elkarren antzekoak. Xake taula baten gisara antolaturiko karrikak nahinon, zuzenagoak ezin. Hemen, plaza garrantzitsu bat; han, azokarako gunea; haraxeago, kareztatutako eliza. Denbora tarratadak behelainotan: orain ere Espainiako banderaren koloreak ikus daitezke zaharberritzen ari diren elizan. «Cooperación Española», dio afixa handiak.

Orduan entzun dute Perukoa bai, baina lasai asko Nepalgoa ere izan daitekeen doinu errepikakorra, halako mantra alai bat. Ostikadak iratzartzen hasia den harriaren kontra. Dantzariak dira, bira bakoitzean kanpaiak bezala hanpatzen diren gona zuri-gorri-urdin luzeekin. Atorra zuriak daramatzate, kapelu ikusgarriak. Uhalak musu aldea estaltzen diotela, emakume bat gizonarena egiten.

«Maitasunaren dantza deitzen da», argitu die gidari isilak.

Plaza ertzean, mendeetako itzal berak lapiko ketsuen bueltan. Jaietan dira, eta beraiek han aplikatu. Zinez hunkitu dira. Munduko tokirik egokienean dira, unerik aproposenean. Erlojuari begia: seiak eta hogei. Europan, hondartza bidean imajinatu dituzte etxeko eta lagunak. Bakardade hartan bakarrik egotearen zaina bizkar hezurrean behera. Ezagunen artean, nork izan du halako ditxarik? Nork izan du bertako erritual bat horrela, hain gordin, hain berezko ezagutzeko aukera? Dantzarien ondoan llama ikusgarri bat dago, kolore biziz jantzita hau ere. Hurbiltzeko keinua egin die indiarrak, nahi badute ateratzeko argazkia, unearen betiko oroigarria izan dezaten. Goizaldeko freskurak bildu ditu denak. Etxetik urrun dabiltza.

Dantzak amaitu gabe artean, eta bidean aurrera segitu behar dutelako agindua jasota, furgoneta gehiago ikusi dituzte iristen. Egun gogoangarria izango da gaurkoa. Gero, aurrerago, bertatik bertara ikusiko dituzte hegazti erraldoiak Kondorraren Gurutzean. Bidean, harrizko labarretan egindako zuloak erakutsi dizkiete, non diren collahua eta cabana indioen hilobiak, petroglifoak, Madrigalgo zilar meen bristadak, laboreak egiteko mendeetan eraikitako txapaldak.

Eguzkia gora da egindako bidea desibiltzen hasi direnerako. Itzuleran azkarrago doa dena. Bidaide gehienak harria baino gogorrago lo. Yanqueko plaza aurretik igaro direnean, ez dago dantzaririk, ez festarik. Denak behelainoak eraman dituela dirudi. Orduan ohartu dira, orduan, beharbada... kondorra ikustera doazen kanpotarrentzat antolatutako ikuskizuna izan da egunsentiak eskaini diena. Eta nola ez dakitela, zi-rrara desegiten hasia da, gosa-riko opil birrinak koka matetan bezala.

Dokumentuaren akzioak