Dokumentuaren akzioak
Gu biok eta besteak
'VLH' , Dantza
Jatorriz, lau zatik osatzen dute VLH dantza ikuskizuna, baina
Miarritzeko kasinora haietariko hiru etorri dira, eta --zantzu guztien
arabera-- egitarau berbera errepikatuko da aste honetako larunbatean
Donostiako Gazteszena aretoan. Jean-Claude Gallottak berak aitortzen
duenez, ez dago hiruren artean beste munduko loturarik, eta izenburuko
siglek piezen sorburuaren laburdura (Vaulnaveys-le-Haut) baino ez dira.
Hala ere, haien ezaugarri komunei eta dantzarien adin mailakatzeari
erreparatuta, erraza da hiruren arteko elkarguneak ikustea.
Sunset Fratell izeneko piezak bi mutil gaztek izandako moto
istripuan du bere jatorria, eta koreografoak gorputz bakarra balitz
bezala aurkeztuko dizkigu bi dantzariak, batzutan paraleloan eta beste
batzuetan simetrian, baina betiere gaztetasunari dagozkien arintasuna,
zehaztasun naturala eta perfekzio harroa nabarmenduz. Hasiera nahiko
konbentzional baten ostean, pasarte askoz abstraktuago batzuetan
murgilduko gara bi dantzarien maila bikainaren eskutik, eta hasierako
paralelismo eta kontrasteak mugimenduaren desbideratze pertsonal
batzuekin etengo dira. Izan ere, bikote gaztearen mugimenduek
esgrimaren zorroztasun algebraikoa daukate, eta hala ere, hor azpian
dago protagonista bakoitzaren barne prozesua, Strigall taldearen musika
inguratzaile eta artegagarriak lagunduta.
Bigarren zatia Darius deitzen da eta han bikote heldu
bat da protagonista. Lehen uneetan emakumea geldi dago, eta gizonak
eboluzio hotz batzuk garatzen ditu after estiloko musika
neutro baten pean. Beranduago, baina, aurreko bikotearen maila
bikainari eutsiko diote biek, eta koreografian zehar VLH osoaren mezu sakona agertuko zaigu, hiru piezen azpian ni-aren
pertinentzia eta bestearen azaleko ezagutza dautzalako, azken finean
bestea ezinbestekoa zaigulako, nahiz eta aldi berean ezinezkoa egiten
zaigun haren sakontasun osoan sartzea.
Azken zatia Khorsabad deitzen da eta lehen piezatik
garatutako planteamenduaren apoteosia da. Aurreko ataletan bezala,
agertokia hutsik dago eta Strigall-ena da soinu-banda aberatsa, baina
oraingoan agerikoa da taula gaineko gizona eta emakumea aurreko bi
bikotekoak baino adinduagoak direla. Adinak, ordea, beren alde jokatuko
du eta bien dantza bizigarriaren bidez nork bere alboan bestea
edukitzearen zoriona eta bizi izatearen poztasuna komunikatuko digute,
«gu biok» esatea dena esatea balitz bezala, eta hortik aurrerako guztia
hitz alferrak balira bezala.
Dokumentuaren akzioak