Dokumentuaren akzioak
Grina bortitzak
Kritika, Emanuel Gat /Hallet Eghayan /Jant-Bi
Israelgo jatorria eta Frantziaren babesa dituen Emanuel Gat konpainiak maila tekniko eta artistiko itzela erakutsi du bi piezatako egitarauan. Voyage d'hiver izenekoan agertoki hutsean dantzatzen dute Gatek berak eta Roy Assafek argi monotono baten pean. Musikak ere -Schuberten hiru lied- giroaren araztasuna areagotzen du eta giro zorrotz horretan murgilduta arituko dira bi dantzariak, une estatiko ugariak tartekatuz, askotan paraleloan eta beste batzuetan batak besteari jarraituz, beren dantza bihurgunetsuen xede bakarra mugimendu etengabearen bilaketa balitz bezala.
Le sacre du printemps-en, berriz, hiru emakumek eta bi gizonek dantzatzen dute Stravinskiren musika ezagunarekin, baina Gatek bost zenbakiaren zatiezintasuna baliatu du bosten arteko permutazio posible guztiak sortzeko, Karibeko dantza-pausoak erabiliz askotan. Eta bosten arteko konbinaketak abiadura itzelean gauzatzen dira era guztiz hipnotikoan, dantzariak barneko su batek janda baleude bezala, edo bestela, indar teluriko batek astinduko balitu bezala, desio eta menderatze erritu basati hartan murgilduta.
Astearte arratsaldean, ordea, Hallet Eghayan konpainiaren Retour en avant ikusi dugu, eta argi geratu zaigu denborak zaharkitze nabarmenaren aztarnak utzi dituela mende laurden bat duen piezan, oraingoa jatorrizkoaren bertsio berritua izan arren.
Senegalgo Jant-bi konpainiak Fagaala aurkeztu du. Lan honekin Germaine Acogny koreografoak -emakumea eta afrikarra den aldetik- zerbait egin nahi izan zuen Ruandako genozidioaz eta horrek azaltzen du Kota Yamazaki japoniarraren laguntza, butoh dantza ere II. Mundu Gerraren ondorioz jaio baitzen.
Acognyren koreografian beren burua bilatzen duten zazpi gizon aritzen dira, jatorrizko talde sentimendua galdu ostean. Eta zazpi dantzarien inguruan afrikar kanta ederrak, aizto zorroztuen hotsak eta jungle erako erritmoak batzen dituen soinu banda entzuten da, hura delako emanaldiaren benetako protagonista, dantzarien mugimendu ahalmentsu eta zehatzekin batera. Hala ere, emanaldiak gehiegizko luzera du eta erabateko abstrakzioaren alde egindako apustuak zertxobait lausotzen du grina hiltzaileen gaineko gogoeta.
Piezak;. Voyage d'hiver; Le sacre du printemps / Retour en avant / Fagaala. Lekuak: Miarritzeko Kasinoa eta Gare du midi.
Egunak: Irailaren 15a eta 16a.
Dokumentuaren akzioak