Dokumentuaren akzioak
Grabitatearekin dantzan
Zer da horizontala? Zer bertikala? Oinak ia beti lurrean izatera ohituta, horizontal eta bertikal kontzeptuek eta haiek irudikatzeko moduek garbiak dirudite. Dantza bertikalak, ordea, irauli egiten ditu kontzeptuak eta ikuspegiak: horizontala bertikal bihurtzen du; bertikala, horizontal. Hormak dira lurra. Paretak oholtza bihurtzen dira, eta airea, eszenatoki. Arrunt bihurtzen du oinekin hormak zapaltzea, nola naturako harrizkoak, hala herri eta hirietako adreilu, harri, kristal edo porlanezkoak. Grabitate indarrak hor jarraitzen du, gauzak lurrera erakartzen, baina dantzari bertikalek aurre egiten diote. Grabitatearekin dantza egiten dute. Horma bat. Soka lotzeko lekua. Sokazko zilbor-heste bat. Arnesa. Balazta. Dantzaria. Eta dantza. Dantza bertikala.
Probatzen dutenak kateatzen ditu. Hala gertatu zitzaien Janire Etxaberi, Amaia Jorajuriari eta Unai Gorriri. Dantza bertikala ezagutu zutenetik, ia ez dute beste ezer buruan.
Janire Etxabe arrankudiagarrak ez zekien zer zen dantza bertikala. Eskalatu egiten zuen. Bikotekidearekin joaten zen eskalatzera, baina, sarritan, bikotekideak Etxaberentzat zailegiak ziren eskalada bideak abiatzen zituen. Etxabek, beraz, denbora pasatu behar izaten zuen, hormatik zintzilik, bikotekideak bukatu zain.
Jauziak egiten hasi zen. Kulunkatzen. Probatzen. Sentitzen zuena horman adierazten, gorputzaren mugimenduen bidez. «Jolasten, gozatzen». Gustatu zitzaion. Hormatik jaitsi orduko hurrengo asteburuan berriro ere hormaren batean zintzilikatzea eta jolasarekin jarraitzea pentsatzeraino.
Egun batean, jauzika eta kulunkatzen ikusi zuen gizon batek galdetu zion ea ezagutzen zuen Antoine le Menestrel frantziarra. Etxabek ezagutzen zuen, eskalatzaile ospetsua zelako; baina gizon hark esan zion Le Menestrel Etxaberen moduan aritzen zela, «dantza bertikala egiten». Etxabek ez zekien berak egiten zuenak izena eta izana zituenik, jarduera artistiko bat zenik.
Furgonetara bueltatutakoan, Etxabek egin zuen lehen gauza sakelakoa hartzea izan zen. Le Menestrelen dantza bertikaleko saioak bilatu zituen. Ikusi zituen. «Txundituta geratu nintzen, eta pentsatu nuen: 'Nik hau egin nahi dut'».
Amaia Jorajuria azkaindarrak soken gaineko lanak egiten ditu, lan bertikalak. Eskaladak eraman zuen lan horietara. Lan horretan ez dira emakume asko, eta talde bat sortu zuten Facebooken, elkarren berri izateko. «Taldeko neska batek proposatu zigun dantza ikastaro bat egitea Bordelen [Okzitania]», gogoratu du. «Horrela ezagutu nuen dantza bertikala. Plazera aurkitu nuen, eta, geroztik, hori besterik ez dut buruan».
Bizipoza eta askatasuna
Unai Gorri gasteiztarra zirkuan aritu izan da. 16 urte baino ez ditu, baina urteak daramatza zirkua lantzen. Ikastaro batean ezagutu zuen dantza bertikala, Bilbon, Dantzaka Zirku Espazioan. «Orain bete-betean ari naiz horretan».
Dantza bertikalak kateatu ditu, nahi dutena adierazteko aukera eskaintzen dielako, baina baita dantza bertikala egiten dutenean sentitzen dutenagatik ere. Plazera, bizipoza eta askatasuna aipatu dituzte hirurek. «Jolasteko eta gozatzeko tresna» da Gorrirentzat. «Benetan sentitzen duzu hegan egiten ari zarela, batez ere pendulu handietan», azaldu du Etxabek. «Hormatik kanpo egon zaitezke zortzi edo bederatzi segundoan. Batzuetan, txori sentitu naiz».
Dantza bertikaleko ikuskizunetan dantzariak zutik ibiltzen dira hormetan, zutik dantzatzen dira. Grabitate indarrak lurrera bultzatuta ere, hormetan zutik ibiltzen dira, eta jarrera hori arrunt eta natural bihurtzen dute. Sokaren eta hormaren artean grabitate berri bat sortzen dute ia.
Normaltasun eta naturaltasun horren atzean, ordea, ahalegin fisiko handia dago. «Erraza dirudi, baina oso fisikoa da», Jorajuriaren arabera. «Oso gogorra da, denbora guztian grabitatearen kontra jolasten ari baitzara; borroka bat da», nabarmendu du Etxabek. Pelbisaren parean edukitzen dute lokarria arnesari lotuta, eta bertan kontzentratzen da pisu guztia. Gorputzari zutik eusteko enborra indartu behar izaten dute: abdominalak, lunbarrak eta gihar zeiharrak. Haiek eusten diote gorputzari. «Zintzilikatzen garenean, dantza egiten dugunean, zoriontsu sentitzen gara; hormatik jaisten garenean, gorputza txikituta izaten dugu». Ohikoak dira lesioak.
Bakarka edo taldean egin daiteke dantza bertikala. Taldean eginez gero, aintzat hartu behar dira taldekideen pisua, indarra... «Intentsitatea», gehitu du Etxabek. «Entseguetan horretan jartzen dugu arreta: bakoitzak intentsitate bat dauka, eta intentsitatea neurtu behar dugu koreografiako urrats bakoitza egiteko. Hori da zailena, intentsitateak neurtzea. Oso ondo elkar ulertu behar dugu, energia aldetik batez ere».
Intentsitatearen garrantzia
Ikuskizunetan, gainera, dantza musikarekin eta argiztapenarekin uztartu behar dute; dantzarien igoerak eta jaitsierak koordinatu behar dituzte altuerako teknikariekin; eta batzuetan baita zuzenean sokak aldatu ere.
Hirurek egiten dute dantza bertikala, baina haien egoerak oso ezberdinak dira. Etxabek du eskarmenturik handiena. Le Menestrelek egiten zuena ikusi eta gero, beste erreferentzia batzuen bila jo zuen. Munduan zehar ibili zen eta ibiltzen da, irakasle ezberdinengandik ikasten. Veneziako (Italia) Wanda Moretti du eredu.
Amets bat zuen: «Dantza bertikalaren bidez naturan esku hartzeak egitea, eta, gero, horiek film labur batean biltzea». Dimegaz kultur elkartea sortu zuen horretarako. Harria herria film laburra eta ikuskizuna izan ziren emaitzetako bat. Oreka TX txalapartariek, Miren Narbaiza musikariak eta Karmen Gisasola harri jasotzaileak parte hartu zuten.
Dantza bertikalari buruzko proiektuak ugaritu egin ziren, eta Etxabek Harrobi Dantza Bertikala konpainia sortu zuen 2020an —Dimegaz proiektuen eta ikuskizunen ekoizpen lanez arduratzen da—. Gaur egun, bost dantzarik osatzen dute konpainia, bostak emakumeak.
Martxoaren 15ean estreinatu zuten Dendu ikuskizuna —oreka esan nahi du—, Donostiako Kursaal jauregiaren kristalezko horma oker eta bihurrietan. Orain arteko hormarik zailena Etxaberentzat. Ikuskizun hori ere Oreka TX-rekin elkarlanean sortu dute. Maiatzaren 7an izango dute hurrengo emanaldia, Bilboko Euskalduna jauregian.
Ez dira asko Euskal Herrian dantza bertikala egiten duten konpainiak. Harrobiz gain, La Glo Zirkoa eta Zinburu dira horietako bi.
Harrobiren sortze prozesua kolektiboa eta berezia izaten da: hasteko, gaia aukeratzen dute; gaiari lotutako hitzak identifikatzen dituzte; hitzei ezaugarriak jarri; naturan inprobisatu —Gautegiz Arteagako Andrabide harrobia dute leku kutuna—; grabatu; eta entsegu lekuan, Bilboko Errekalde auzoko kiroldegiko frontoian, moldatu.
Prozesuak joan-etorriko bidea du: koreografiak naturan egiteko pentsatzen dituzte, eta film laburrak naturan grabatzen dituzte; baina emanaldiak herri eta hirietan izaten dira, leku urbanizatuetan. «Proiektu berri bat prestatzen ari naiz», azaldu du Etxabek, «eta sortzeko erabili ditugun naturako espazioak mapping bidez proiektatuko ditugu horman». Ez da gauza, bera, ordea: «Oso zaila da naturan sentitzen dituzun gauzak hirira eramatea».
Dantzarako lekurik ez
Jorajuria «hasiberria» da. Gabezia handi bat du: «Ez daukagu dantza bertikala egiteko lekurik». Ipar Euskal Herriaz ari da. Inguruko herriko etxeekin hitz egin nahi du, dantza bertikala egiteko leku bat eskatzeko eta antolatzeko. Batzuetan Donibane Lohizuneko eskalatzeko horman aritzen da, «baina ez da egokia dantzarako».
Azpiegiturarik ez, eta dantza bertikala egiten duen jende gutxi. Jorajuria harremanetan jarri da beste bi neskarekin, eta zerbait sortzen saiatzen ari dira: «Konpainia bat sortu nahiko genuke, baina aurrena leku bat behar dugu dantza egiteko. Etsigarria da, ez dugulako aukerarik, baina gogoa badugu».
Unai Gorrik dantza bertikala egiten du, baina hormarik gabea batez ere: dilin dantza. Lokarria puntu finko batean lotzen da, sabai batean edo beste lokarri batean, eta handik eskegita dantza egiten du, airean edo baita lurra ukituta ere. «Libreagoa da, jolasteko eta esperimentatzeko aukera gehiago eskaintzen ditu dantza bertikalak baino», Gorriren iritziz. «Askeago sentitzen naiz dilin dantzan, hormarik gabe».
Kaput konpainia sortu zuen, Paloma Strachan musikariarekin batera. Zuzeneko musika, dantza eta akrobaziak uztartzen dituzte. Ikuskizun bat estreinatuko dute apirilaren 10ean, Gasteizko Ibaiondo gizarte etxean: Inkululeko. Zuluerazko hitza da. Askatasuna esan nahi du.
Gorri bere kabuz ikasten ari da dantza bertikala, eta bere kontura entrenatzen da: «Aurrera egiteko gauzatxoak hartzen joaten naiz irakasle eta leku ezberdinetatik, eta, gero, nire erara lantzen eta moldatzen ditut. Bilatzen aritu behar duzu: gorputzarekin gauzak egitea da, jolastea, eta ikustea ea nora eramaten zaituzten. Jolastuz sortzen da».
Zirkuan aritzen da batez ere, baina dantza garaikideko ikastaroak ere egin izan ditu. Eskalatu egiten du, eta izugarri gustatzen zaio eskalada saioak dantza bertikala egiteko ere baliatzea.
16 urte ditu. Batxilergo ikasketak egiten ari da. «Bukatutakoan», aurreratu du, «Euskal Herritik kanpora joan nahi dut, eskola profesional batera, benetan ikastera eta dantza bertikalari zukua ateratzera».
Etxabek dantza bertikaleko ikastaroak eskaintzen ditu, Dingilizke proiektuaren bidez, «sentitzen bainuen beste zerbait egin behar genuela dantza bertikalari ate berriak zabaltzeko». Horizontalak eta bertikalak.
Dokumentuaren akzioak