Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Grabaketa egun bat beti da berezia"

Dokumentuaren akzioak

"Grabaketa egun bat beti da berezia"

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Albistea
Data
2021/03/02
Sutan dantza taldeko kideak. MAITE MARTINEZ

Sutan dantza taldea estatu mailako The Jungle Battle lehiaketan parte hartzen ari da. Dantza bideoak sortzen eta lehiaketetan parte hartzen egoerari buelta eman diote dantzari altsasuarrek.

Igone Augusto, Leire Bujanda eta Nerea Llamas Altsasuko dantzariek Sutan taldea sortu zuten 2018. urtean. Gaztea Dantzan bideo lehiaketan publikoaren saria irabazi zuten. 2019. urtean Burgosko Dance Cup Spain lehiaketara "probatzera" joan ziren. 2020an lehiaketa ezagututa itzuli behar ziren. Baina dantza lehiaketa hori eta beste asko bertan behera gelditu ziren. Dantza taldeak egoerari aurre egin dio, eta dantzariek dantza bideo sorkuntzan eta bideo lehiaketan motibazioa aurkitu dute.

2020an hainbat lehiaketetan parte hartzeko prestatzen ari zineten. Nola daramazue egoera?
Egoerak gure proiektuak aldatzea ekarri du, eta ondorioz ez gaude beste urteetan bezain aktiboak. Baina, hala ere, egoerara ahalik eta hoberen moldatzen saiatu gara, eta geldirik ez egoteko eta gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko alternatibak bilatu ditugu.

Lehiaketa batean parte hartzen ari zarete. Nola sortu zitzaizuen aukera? Zergatik parte hartu duzue
Egoeragatik Instagram sare sozialak indar handia hartu du. Lehen inspirazioa ikuskizunetan eta lehiaketetan hartzen genuen, eta orain hori ere aldatu da. Emanaldiak ez daudenez jendea edukiak Instagrameko kontuetara igotzen hasi da. Orduan, gauza, proiektu eta kontu berriak sortu dira. Beraz, gu ere hasi gara bertatik inspirazioa hartzen. Behin Instagrameko storyak begiratzen dantzari batek online bidezko lehiaketa bat sustatzen zuela ikusi genuen. Estatu mailan oso lehiaketa garrantzitsua da, egoera honetan dantza bultzatzeko lan handia egiten ari delako, eta horrek parte hartzera animatu gintuen.

Zer egin behar izan duzue?
The Jungle Battle-k bost fase ditu. Lehenengorako, bi minutu eta erdiko bideo bat prestatu behar izan dugu eta jendeak bere bozka eman du. Bigarren fasera pasa gara. Denbora gutxian lan handia egin dugu. Normalean proiektuetarako denbora gehiago behar dugu prestaketarako, baina lehiaketaren berri epea bukatu baino aste gutxi batzuk lehenago izan genuen. Emaitzarekin oso harro gaude.


Sutan taldea 'Mi danza' koreografian. MAITE MARTINEZ

Eta zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Esperientzia ona izaten ari da. Dantza egitea bada, ona da. Gainera, grabatzen diren proiektuak gustatzen zaizkigu; grabaketa egun bat beti da berezia. Zortea badugu hurrengo fasera pasatuko gara, eta beste bideo bat egin beharko dugu.

Espektatibarik?
Ez daukagu aurreikuspenik. Hurrengo fasera pasatzen bagara oso zoriontsu izango gara, baina aurten zerbait desberdina egin ahal izateak ere asko pozten gaitu. Gehien bat, egoera honetan dantza bultzatzeko mugimenduarekin bat egiteko izena eman genuen, beraz, gure helburua bete dugu.

Zenbat entrenatzen duzue?
Ez daukagu entrenamendu finkorik. Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan egiten ditugu entrenamenduak, eta neurri berriekin 21:00etan itxi egiten da. Aurretik klaseak daude, beraz, asteburuetan edo gelak libre daudenean entseatzen saiatzen gara. Kontuan hartu behar da ere bakoitzak bere lana duela, eta batzuetan kosta egiten da ordutegia adostea. Lehiaketa hau prestatzeko, denbora gutxiko lan handia izan da. Gabonen ondoren hasi ginen koreografia prestatzen eta entrenatzen, eta hiru edo lau astetan bideoa grabatu behar genuen epeak betetzeko.

Eta klaseak jaso dituzue?
Hirurak batera Madrilen hiru asteburutako intentsibo bat egin genuen Wosap akademian. Oso aukera aberasgarria izan zen. Irakasle eta ikasgai desberdinak izan genituen eta mundu berri bat ireki zitzaigun: klaseak emateko modu desberdinak, irakasle bakoitzak zuen estiloa, pauso eta koreografia berriak, giroa… Oso esperientzia polita eta interesgarria izan zen. Errepikatzeko modukoa, zalantzarik gabe.

Zein da zure estiloa?
Gure estiloa batez ere dantza garaikidean oinarritzen da. Hortik, beste estilo batzuetara ireki gara: klasikoa, lirikoa… Pixkanaka urban estiloko hainbat pauso ikasten ari gara eta koreografietan sartzen ditugu; garaikidea ahaztu gabe. Gutako bakoitzak dantzatzeko estilo bat du, eta koreografia garbiak egiteko hiruen arteko oreka bilatzen dugu beti.

Nola sortzen duzue?
Koreografiak sortzea da gehien gustatzen zaiguna; nahiz eta lan zaila den. Musikari asko erreparatzen diogu: letrari, erritmoari, doinuari… Ondoren, koreografiaren estiloa finkatzen dugu. Hori eginda musika aldi askotan entzun eta bakoitzak dituen ideiak lotzen ditugu. Batek pauso bat proposatu, besteak beste bat eta besteak beste bat. Horien arteko lotura eta jarraipena bilatzen dugu. Behin eta berriz errepikatzen ditugu pausoak musikarekin ongi bat egiteko. Inspirazioa bakoitzak bere etxetik ekartzen du. Egun batzuetan zaila egiten zaigu, beste batzuetan erraza.


Sutan taldea 'Mi danza' koreografian. MAITE MARTINEZ

Etorkizunerako?
Egoera honekin, zaila da etorkizunera begiratzea. Hainbat txapelketa bertan behera geratu dira, eta besteek ez dute data zehatzik. Espero dugu lehiaketa honetan finalera iristea, eta, bestela, gauzak prestatzen jarraituko dugu, beste batzuk sortzen badira, parte hartzeko.

Zer behar da dantzari izateko?
Dantzaria izateko gogoak behar dira. Ikasteko gogoak batez ere. Edozein izan daiteke dantzari, ikasteko prest badago. Teknika ikasi behar da, baita lotsa eta beldurra galdu ere. Teknika ikasteko irmoa izan behar zara. Gauzak ez dira egun batetik ateratze, baina praktikatzen baduzu, berandu baino lehen aterako dira. Irmoak izateko motibazio bat da.

Bideoak egitea gustatzen zaizue, eta bideoklipetan atera zarete.
Oso esperientzia onak izan dira. Bi bideoklipetan parte hartu dugu, baiak Dupla taldekoak. Ezagunak genituen. Duplako kide batek Dronetikan Airwork-en lan egiten du eta gure bideoak grabatzen ditu. Beste dantzariekin dantzatzeko aukera izan dugu, eta bideoklipetan nola egiten den lan ikusi dugu. Baita pertsona berriak ezagutu ditugu ere. Oso ondo pasa dugu grabaketetan, giro polita sortzen delako. Espero dugu gehiago parte hartu ahal izatea. 

Dokumentuaren akzioak