Dokumentuaren akzioak
«Gozogintza izan dut bizibide, baina dantzari emana bizi izan naiz»
Txikitatik ikasitakoa ofizio izan du 15 urtetatik 68 urtera arte Aramendiak. Zangozako Kale Nagusiko gozotegian aritu da beti. Dantzaria ere izan da, Rocamador taldearen sortzaileetako bat. Herriko ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen.
Beti aritu zara gozotegian?
Beti egin dugu lan hemen, zazpi anai-arrebak aritu gara. Mazapantxoak paperean biltzen ikasi genituen Eguberri kantak. Egia esan, nik ikasi nahi nuen, baina ez nintzen ikasle ona. Beraz, azkenengo aukera 15 urterekin galdu nuen, ikasturte bat ez nuelako gainditu. Mandarra paratu zidaten, eta 68 urte bete arte hemen. Hala ere, etxea liburuz beterik dut, eta beste gisa batera ikasi dut.
Nolakoa zen lana?
Hasi nintzenean, batik bat gozokiak egiten genituen, baina, ordurako, gain behera zen hori. Fabrika gehienak desagertzen hasi ziren, gozoki enpresa handiak sortu zirelako. Hortik aurrera, pastak, pastelak eta tartak egiteko aukera izan genuen bakarrik.
Asko lotzen zintuen lanak?
Bai, bai. Goizeko zortzietan hasi eta arratseko zortzietan bukatzen genuen. Hamabi langile genituen familiakoak ez zirenak, baina, gozoki fabrika desagertzearekin batera, lanpostuak desagertuz joan ziren. Hortik aurrera familiako lau lagunek lan egin dugu gehienez. Bitxia da, baina etxekoandreek ez dute inoiz beren burua gozogintza lantegiko langiletzat hartu, baina beti egin dute lan enpresan.
Betiko errezetak dituzue?
Belaunaldi bakoitzak bizpahiru ekarpen egin izan ditu, baina oso errezeta gutxi dira berriak.
Haurtzaroko Zangoza hura aldatzen ikusi duzu?
Haurra nintzenean, gozotegiko atea beti zabalik egoten zen, ez zelako autoen kiratsa sartzen. Landa mundua zen erabat, eta, era berean, guretzat ezezaguna zen industriaren mundua hasi zen. Paper fabrika iritsi zenean erabat eraldatu zen bizitza sozial, kultural, politiko eta laborala.
Nola aldatu zuen egoera?
Jendeak pentsatzeko modua aldatu zuen lanean. Hilabetero kobratzeko aukera zuten, eta ez uzta bukatzean, edo barazkiak saltzean... Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldetik jendea heldu zen, eta euskal kulturaren alderdi politikoa piztu zen. Gerra ondoak basamortu moduko bat egin zuen, olio baltsa bat. Baina, noski, baltsaren azpikoa ateratzen hasi zen gutxika.
Hainbat lanbide desagertu dira, tartean almadiazainena. Zuk ikusi dituzu Zangozara iristen.
Almadiazainak jaitsiko zirela jakin bezain pronto, ibai ertzera jaisten ginen, eta zain egoten ginen aparkatzen zuten arte, erregaliza oparitu ohi zigutelako. Almadiazaina izatea oso krudela eta gogorra zen. Egurra Zangozan saltzeko zortea izatekotan, etxera, baina, hala ez bazen, Mediterraneoraino joaten ziren. Halakoetan egurra ia oparitu egiten zuten.
Politikan ere ibili zara. Karlismotik heldu zara; nolatan?
Familiatik jaso nuen karlismoa. 23 urte bete arte militatu nuen, nire fideltasuna kolokan jarri zuten arte. Izan ere, erregeari, jainkoari eta haien aberriari buruz galdetzen hasi nintzen. Ez zitzaien gustatu nola planteatzen nuen hori. Ordutik ez dut alderdi politiko batean ere militatu.
Gaztetan kartzelan ere izan zinen. Zer gertatu zen?
Montejurrakoaren ondoren, argazki batzuk atera zituen Poliziak Lizarran. Iduri zuen manifestazioa antolatzen ari nintzela, argazkietan ni nintzelako zutik solasean ageri zen bakarra. Aurretik beste batzuk ere altxatu ziren, baina. Isuna jarri zidaten, eta ez nuen ordaindu; beraz, bi urte geroago, 1973an, kartzelara eraman ninduten hamazazpi egunez. Ez nuen epaiketarik izan, ez nuen kondenarik, baina ez zidaten jokabide onaren agiria eman; ezin nuen pasaporterik izan, eta, beraz, muga gordeka pasatzen nuen dantzatu ahal izateko. Kondena inplizitua izan zen.
Zer kezkak eraman zintuzten politikan parte hartzera?
Nire kezkak beti aberriarekin loturik egon dira. Euskal Herria gainerako guziaren aurretik zegoen.
Dantza anitz maite duzu, eta oraindik ere jarraitzen duzu dantzan. Noiz hasi zinen?
Osabak, nire mentoreak, ez zidan dantzatzen utzi seminariotik atera arte, apaizek ez zutelako dantzatu behar. Beraz, lehen aldiz 15 urterekin dantzatu nintzen, Nabarrengosen [Biarno], eta ordutik ez diot dantza egiteari utzi.
Hasieran ez zineten talde bat, tarteka elkartu eta dantza egiten zenuten. Noiz sortu zen taldea?
Soldaduskatik Gabon gauean askatu ninduten, eta aukera izan nuen Olentzero ikusteko. Errege opilaren denboraldia bukatuta, lagun bati deitu nion, eta taldea sortu genuen. Batzuek izena euskaraz jarri nahi zuten: Egunsenti, edo halako zerbait. Baina halako hamaika zeuden, ez gintuen bereiziko. Rocamador Erdi Aroko izena zen. Erromantzez, ez euskaraz. Hala ere, aurrera atera zen.
Lehenago zegoenari segida eman zenioten taldearekin?
Aurretik bazen oinarri bat, bestela ezinezkoa izanen zen. Nik jendea dantzan ikusi nuen txikitan, eta Accion Catolikak ere dantza taldea izan zuen. Beti elizaren gerizpean, haiek denetarik zutelako. Gero, Juan Cruz Labeaga konturatu zen 1500ean Zangozan dantzariak bazirela.
Zangozari funtsezko ekarpena egin diozue taldearekin?
Gu geu izatea erabaki genuen, eta hasi ginen dantzatzen ttun-ttuna, jota zaharra... Gero, Luis Mari txistulariak 1870ean zangozar batek idatzitako partitura bat ekarri zigun, eta Cantarico egitea erabaki nuen. Musika gehiago etorri ziren gure eskuetara, eta orain hamabost dantza ditugu. Hori da Zangoza eta inguruko ondare folklorikoari egin diogun ekarpena.
Jantziak ere bereizgarri dituzue.
Nortasun propioa lantzen jantziek ere laguntzen dute. Zaraitzu, Erronkari, Aezkoa, Echo eta Anso haranen nahasketa bat dira.
Horrek guziak beste zentzu bat ematen dio taldeari?
Bereizgarria da, toki guzietan ezberdina zara. Emanaldi batzuetan tipo bitxiak ere izan gara.
Dantza ez ezik, euskara ere garrantzitsua da zuretzat. Zein harreman izan duzu harekin?
Niri txikitan aitak bi kanta eta kontatzen irakatsi zidan euskaraz, baina familian aitaren aitatxi eta amatxi ziren euskaldunak. Aita nintzela, ikastolako andereñoak zerrenda bat eman zigun euskarazko hitzekin, eta horrek bultzatu ninduen gau eskolan izena ematera. 28 urterekin hasi nintzen, baina nire bizitza sozio-politikoak eta lanak bultzatuta utzi nuen. Badira bederatzi urte euskara ikasteari ekin niola berriz. Ikasle txarra naiz, aditzekin katramilatzen naiz, baina hitz egiten dut; gaizki, bai, baina saiatzen naiz.
Nolakoa izan zen Zangozako ikastolaren sorrera?
Bazen gogoa. Lauzpabost lagun borrokatu ziren diputazioan, Kultura departamentuan, Carlos Garaikoetxea zegoenean. Aurrerago bilerak egin ziren Zangozan, eta gurasoak bilatu ziren. Bigarrenean lortu genuen haurtzaindegia euskaraz. 30 haur baino gehiago izan genituen, baina hurrengo saltoa eman beharra zegoen. Bilera bat egin genuen, eta atzetik ginenok konpromisoa hartu genuen aurrekoek urratsa eginez gero jarraituko geniela. Ikastola sortu zen, modu alegalean. Zortzi haur izan ziren lehenbizikoak, eta atzetik gehiago heldu ginen.
Hasiera gogorra izan zen?
Kalean batzuek esaten zuten: «Gizajoa, ikastolara eramanen zaituzte». Haurrak ez dira oroituko, baina irainak eta mespretxuak egiten zizkieten. Zangozako eskolan ez zituzten haurren liburuxkak sinatu nahi, eta Irunberrin sinatu zizkiguten.
Non hasi zineten?
Oraingo musika eskolan. Gaur egun ez luke garbitasun, segurtasun edo argitasun azterketa oinarrizkoena ere gaindituko. Ez genuen komunik; kanpora joan behar genuen. Gero, Txaparroren etxera pasatu ginen. Eraikinaren erdia oso gaizki zegoen, eta itxi behar izan genuen. Baina horrekin demostratu genuen gogoa izanda edozer egin zitekeela: lurra jarri genuen, paretak margotu, dirua bildu... Iraultza moduko bat izan zen, eta harro gaude horretaz.
Herrian nola lortu zenuten zilegitasuna?
Irabazi genuen lehenbiziko Nafarroa Oinez-en. Beste toki batzuetatik etorritako agintariek eta jendeak ezin zuten sinetsi eraikin horretan ginenik. Euria ari zuen gogotik, eta jendetza etorri zen.
Eraikin berria egiteko aukera izan zenuten horri esker.
Hor erein zen gero etorri zena. Legalizazioa ukatu zigun hezkuntza kontseilariak esan zuen: «Zangozako ikastola nire hilotzaren gainetik legeztatuko da». Inaugurazioan gonbidatu genuen. Hala izan zen; haren hilotzaren gainetik inauguratu genuen legezko ikastola, haren hilotz politikoaren gainetik. Zangozako alkateak ere atsekabe handia hartu zuen. Lehendakaria eta biok haren bulegora joan ginen eraikin berria eginen genuela esateko. Atzeraka egin zuen oharkabean, harridura aurpegiz. Hori da buruan dudan koadro ederrenetako bat.
Gaur egun ikastola erroturik dago Zangozan, ezta?
Badago, bai, eta sozialki onarturik dago. Baina hemen erdaraz egiten da batik bat; beraz, haurrek ez dute euskara askorik erabiltzen. Hori da hurrengo belaunaldiak egin behar duen borroka, erabilerarena. Nire etxean ziklo bat itxi da, eta hori harro egoteko modukoa da, ez soilik borrokagatik, baita kultura eta ohituragatik ere. Are, esanen nuke askorendako bizitzeko modu bat dela. Gozogintza izan dut bizibide, baina dantzari eta euskararen munduari emana bizi izan naiz.
Dokumentuaren akzioak