Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputzetik haratago

Dokumentuaren akzioak

Gorputzetik haratago

Koreografia Erakustaldira aurkeztutako 11 lanen artean lau onenak estreinatuko dituzte gaur

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Erreportajea
Data
2004/04/22

Matxalen Bilbaoren Lotura, Natxo Montero eta Jorge Lastraren Naranjas del tiempo, Maria Ibarretxeren Txatxorra´s cube eta Atxarte Lopez de Munainen 9 dantza lanak gailendu dira euskal koreografoek sortutako lanen sariketan. Orotara, 11 lan lehiatu dira aurten; horietatik guztietatik lauk baino ez dute lortu Koreografia Erakustaldian aurkezteko txartela. Lehiaketan nagusitutako lau dantza lanak Gasteizko Ibañez de Matauko antzokian ikusi ahalko dira gaur; Donostiako Gazteszena aretoan hilaren 25ean, eta Barakaldo antzokian hilaren 29an. Jaurlaritzaren Dantza ekimenaren barruan erakutsiko dituzte lanok.1996an abiatu zuen Jaurlaritzako Kultura Sailak dantza egitasmoa. Dantza sustatzea du helburu, eta horren barruan antolatzen dute euskal koreografoen lanen lehiaketa. Aldez aurretik aukeraturiko 11 koreografori diru laguntzak ematen dizkie Kultura Sailak, beren lanak ekoitz ditzaten. Dantzaren alorreko zenbait adituk 11 lan horien artean lau aukeratzen dituzte ondoren, eta dantza lan horiek dira, hain zuzen, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian antolatutako saioetan erakusten direnak. Elorrioko Arriola kultur aretoan apirilaren 3an eginiko ekitaldian aukeratu zituzten Bilbao, Montero eta Lastra, Ibarretxe eta Lopez de Munainen azken sorkuntzak. Dantza pieza laburrak dira, hamabost minutu ingurukoak. Eta askotarikoak. Lopez de Munainek gorputzaren hizuntza baliatu du bere lana eratzeko; gainerakoek Monterok eta Lastrak, Bilbaok eta Ibarretxek, bideo lanak eta dantza garaikidea uztartzearen aldeko hautua egin dute. Ibarretxeren esanetan, «gorputzaren hizkuntza fisikoaren bidez adieraz ezin daitezkeen ideiak plazaratzeko bitarteko egokia da bideoa». Lastrak bideoa dantzaren «osagarri bikaina» dela uste du. «Dantza aberasteko balio du, inolaz ere ez gorputzen adierazkortasunari garrantzia kentzeko».



'LOTURA'



Azalaren lurraldea konkistatzeko pausoak



Azalaren lurraldea konkistatu du Matxalen Bilbaok Lotura dantza lanean. «Gorputz leuna, ertz bakoa gailendu da gure gizartean. Ez dugu besteak ukitzeko ohiturarik, ausardiarik; ikusmenaren bidez antzeman dezakegun horretara mugatzen gara. Ukimenak sortzen duen gozamenaren inguruan hautsi ezineko barrerak eraiki ditugu urteen joan-etorrian. Eta bada garaia horiek hausteko. Uki ditzagun gure gorputzaren atal guztiek gordetzen dituzten kodeak!», laburbiltzen du Bilbaok bere lanaren filosofia.



Oholtza gainean, emakume batek Matxalen Bilbaok berak, hain zuzen bere barneko sentimenak bilatzen ditu, bere beldur eta fantasiak. Bien bitartean, bideo irudi batzuk proiektatzen dira. Alicia Carreño eta Asier Vazquez azaltzen dira irudi horietan. Itsuak dira biak, «baina inork baino gehiago ikusteko gaitasuna dute, azalaren hizkuntza ederki menderatzen baitute», argitu Bilbaok. «ONCEra jo nuen nirekin batera lan egiteko prest egon zitekeen jendearen bila. Beldur nintzen, ez nekien zer-nola hartuko ninduten, eta izugarria izan zen. Sekulako kemena dute, ukimenari buruzko testu bat egiteko eskatu nien, eta harrituta utzi ninduten. Mundu berri bat deskubritu nuen, orain ikusleek deskubritzea nahi dudan mundua, alegia», dio Bilbaok. «Ukiezinen arraza berri bat sortu dugu. Arrotz bihurtu gara geure buruarekiko eta besteekiko», Ana Goñiren esaldiak biribiltzen du Lotura. «Zorionez, ukiezinen mundu horretan Carreño eta Vazquez bezalako jendeak ez du lekurik; gure gainetik daude, eta gizakiok gizatiarrago izateko irakaspena ematen digute: ukimenaren gozamenari bidea emateko esaten digute», adierazi du Bilbaok. Marian Gerrikabeitiak eta Lurta Nikolasek egin dute bideoa. Carreño eta Vazquezen hitzen esanahiaz oharturik, hasieran «egun arrunt batean edozeinek jantzi dezakeen arropa» kenduko du pixkanaka-pixkanaka Bilbaok, «ia osorik biluztu arte», Ernesto Maestrok eginiko musika elektroakustikoa geroz eta indartsuagoa den bitartean.



Koreografia: Lotura

Zuzendaria: Matxalen Bilbao

Iraupena: 15 minutu.



'tXATXORRA´s cube'



Albokoari begira sortutako dantza



«Guztioi egokitu zaigu inoiz beste baten mende egotea, beste horren zerbitzaria izatea. Dela lanean taberna batean, esaterako, dela etxean, dela beste edonon. Beste batzuetan guk geuk izaten ditugu zerbitzariak geure esanetara. Beraz, zuri egitea gustuko ez duzuna ez iezaiozu besteari egin! Konforme?». Bete-betean sartu da Maria Ibarretxe Txatxorra´s cube dantza lanean jokatzen duen pertsonaiaren rolean, Koreografia Erakustaldian erakutsiko duen koreografiaren esanguraren nondik norakoak kontatzeko.



Dantza eta antzerkia uztartu ditu Ibarretxek Txatxorra´s cube lanean; «Performance modukoa da», dio. Ibarretxe bera eta Patricia Fuentes dantzariak azalduko dira oholtza gainean, Pepa Floresen, Barbara Redden, Roy Orbisonen eta Etta Jamesen kantuek lagunduta. «Aspaldi elkar ikusten ez duten lagun bik topo egiten dute Ibarretxek eta Fuentesek, eta beren bizitzari buruzko atzera begirakoa egiten dute, bideo kreazio baten bidez. Bideoan lagun biak ageri dira, jende gehiagorekin, oturuntza batean. Haien iragana da. Jantzi dotoreak dituzte soinean, baina oso festa faltsua da, ez da dotorea. Ezer ez da dirudiena». Elkar topo egitean, batak bestea hobeto ezagutzeko, haien izaerak ez zapaltzeko, eta iragana hobeto konprenitu ahal izateko, rol trukaketa egiten dute; hau da, bata bestearen paperean jartzen da. «Guztiok noiz edo noiz egin beharko genukeena egiten dute. Txatxorren neskameen kuboaren instrukzioak jarraitzen dituzte, besteekin zuzen jokatzeko arauak, alegia». Gorputzaren adierazkortasunari hitzaren bizkortasuna erantsi dio Ibarretxek. Bi dantzariak solasaldi batean murgiltzen dira, batak bestearen mugimenduen berri ematen du, eta alderantziz». Its Antzerki Eskolen Nazioarteko Jaialdian Txatxorra´s cube lanarekin parte hartuko du Ibarretxek. «Amsterdamen, Bruselan eta Edinburgon aurkeztuko dugu. Beraz, dantza piezak jarraipena izango duenez, hura luzatzeko asmoa dugu: musika eta testu gehiago sartu nahi dugu. Are gehiago, lan honekin batera eskaintzeko, musika sortu nahiko genuke. Orain arte egin dugun bezala, esperimentazioaren bidetik joko genuke, sentsazio berrien bila».





Koreografia: 'Txatxorra´s cube'

Zuzendaria: Maria Ibarretxe

Iraupena: 12 minutu



'NARANJAS DEL TIEMPO'

Ezarritako denbora erritmoetatik aske



Natxo Montero eta Jorge Lastra dira Naranjas del tiempo dantza lanaren egileak. Dantzari bik Monterok eta Lastrak dantzatzeko propio sortutako lana da, baina Frantziako Rialto Nomas Frabrik konpainian hasi da Montero, eta pertsona bakarrak taularatu ahal izateko egokitu du Lastrak «dantza baino gehiago, hizkuntza edo energia fisikoa» darabilen lana.



Monteroren eta Lastraren bizipen pertsonalean oinarritutako pieza da. «Pertsona bakoitzak bere bizi erritmoa du, bere denbora subjektiboa. Mendebaldean, haatik, oso markatua dago nola bizi behar garen, eguna zelan antolatu behar dugun, eta agian, guztioi ez datorkigu ondo goizeko zortzietan lanera joateko esnatu behar izatea. Zergatik ixten dituzte, esate baterako, tabernak goizeko ordu bietan?, zergatik dirudi igandeetan mundua amaituko dela?», gogoeta plazaratzea du helburu Lastraren lanak. Monteroren eta Lastraren «bizi erritmoen arteko borroka da» finean Las narajas del tiempo. Hain zuzen, Lastra agertokian dela, dantzari bien bideo irudiekin abiatzen da lana. «Une jakin batean bideoa geldi daiteke, atzera eta aurrera bota. Natxo iraganetik orainera ekarri. Eta horixe da, hain zuzen, gure lanaren mamia. Natxorekin elkarrizketa antzeko zerbait dut bera bideoan dela eta ni oholtzan. Horretaz gainera, agertokian laranja batzuk daude. Nik laranja horiek txikitzenditut lanak aurrera egin ahala. 'Ateraiozue ahalik eta zuku gehien bizitzari!' dioen mezua helarazi nahi diogu ikusleari». Arantzazu Calleja, Santoño Criado, Ravi Shankar eta Velvet Undergrounden musika erabili dute Monterok eta Lastrak Naranjas del tiempo lanean.



Koreografia: Naranjas del tiempo

Zuzendaria: Natxo Montero eta Jorge Lastra

Iraupena: 15 minutu





'9'

Eguneroko ohikeriaren arauak hausteko saioa



Egunero, goizean goiz jaikitzen garenetik, egunak berarekin dakartzan erritmo, denbora eta zereginak gorputzaren hizkuntzaren bidez adierazi ditu Atxarte Lopez de Munain Bilbon jaiotako 29 urteko kortezubitarrak 9 lanean. 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9. Heldu, laranja zuritu, galtzerdiei buelta eman, ateak zabaldu, atondu, nahastu, ilea lehortu, 1, 2, 3... «Aurreko lanen dinamikarekin jarraituz, egunerokotasunetik abiatu naiz denboraren pertzepzioa aztertzeko, denbora hori nolabait neurtzeko, eta, horretarako, bederatziaren araua erabili dugu. Egiten dugun gauza orok sistematikoa, oso matematikoa izan behar duela dirudi, eta geuk zenbaki bikoitiek duten zehaztasun hori apurtu dugu», azaldu digu Lopez de Munainek.



Eguneroko ohikeria hautsi, eta Ernesto Maestroren pianoaren konpasera mugimendu irregularrak adierazten dituzte oholtzan, Oiane Lopez de Munain, Silvia Casero eta Pilar Andres dantzariek. 9 dantza laneko musikak eta koreografiak ibilbide bertsua egin dute. «Makina bat aldiz bildu gara Ernesto (Maestro) eta biok, denboraren erritmoei buruz ideia batzuk mahai gainean genituela. Eta musika eta koreografia ideia horiek garatutako neurrian zehaztu ditugu», dio Lopez de Munainek. Ondorioz, musika eta dantza pausoak banaezinak dira, «elkarren eraginean sortuak baitira». 9 lanean ez dabideo irudirik ageri, ezta ahozko hitzik ere. Gorputzaren hizkuntza da oholtzan jaun eta jabe.



Koreografia: 9

Zuzendaria: Atxarte Lopez de Munain

Iraupena: 12 minutu.

Dokumentuaren akzioak