Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputzetik dantzatzen

Dokumentuaren akzioak

Gorputzetik dantzatzen

Egilea
Oihane Vicente
Komunikabidea
Goiberri
Mota
Iritzia
Data
2021/01/25
Lotura
Goiberri

Ez genuke dantzatuko gorputzik ez bagenu eta gorputz bat izatea izan beharko litzateke dantzatzeko baldintza bakarra. Baina eraiki dugun kulturan gorputz jakin batzuk izateak dantzariak izateko mugatzen gaituela dirudi. Edo hobeto esanda, gorputz jakin batzuk dantzan ikustea beste batzuk baino hobeto ikusita dago. Ikusi nahi ditugun gorputzak onartzen dira, txalotzen dira eta miresten dira. Askotan dantza ikuskizun batean, gorputz moldeek garrantzi gehiago dute dantzek beraiek baino.

Mari Luz Estebanek Antropologia del cuerpo liburuan esaten duen moduan, emakumeen jabekuntza soziala gorputzetik egin beharrekoa izango da edo ez da izango. Gure gorputza objektu bezala ikusten badugu, besteen oniritziaren zain egongo gara beti, baita oholtzara igotzen garenean ere. Besteek espero duten hori dantzatuko dugu, besteek espero duten gorputzekin, jantziekin eta espero duten moduan gainera, guk geuk sortu nahi dugunaren gainetik jarriz kanpotik datorren begirada.

Euskal dantzetan hasi nintzenean, mutilek bezala dantzatu nahi nuen eta beraien dantzak egin. Horiek zirelako plazan txalo gehien jasotzen zituztenak. Orain konturatu naiz dudan gorputza izango ez banu, ez nituzkeela hausnarketa hauek egingo, ez nukeela dantza modu askeago batean ikusi eta bizi beharrik izango, eta noski ez daudela gizonenak eta emakumeenak diren dantzak, dantzak libreak direla eta gorputzak ere bai nahi dituzten dantzak egiteko.

Emakume dantzariok sinetsi beharko genuke gure modura egin dezakegula dantza oholtzan ere, eta gure bizipenetatik kontatu dezakegula istorio bat edo historia, dantzaren bidez. Oholtza gainean ere libre sentitu beharko ginateke gure gorputzekin.

Dokumentuaren akzioak