Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputzaren poesia

Dokumentuaren akzioak

Gorputzaren poesia

Matxalen Bilbaok idazketaren eta gorputzaren arteko lotura aztertu du 'Haiku 4' obran. Etzi estreinatuko du, Fundicion aretoan

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/05/02

Kazeta batean Japoniako haiku motako poesiari buruzko artikulu bat irakurri zuen, eta Interneten informazio gehiago bildu zuen ondoren. «Metrika oso sintetikoa du poesia mota horrek, baina hitz gutxirekin gauza asko iradoki eta irudi handia osatzen du. Mugimenduaren bitartez, halaber, irudiak osatzen ditu gorputzak».

Hala, idazketaren eta gorputzaren arteko lotura aztertu du Bilbaok Haiku 4 pieza berrian; idazketaren eta mugimenduaren arteko harremana, zehatz-mehatz. «Berdin mugitzen ez garen bezala, pertsonok ez dugu berdin idazten. Bakoitzak modu batean egiten du. Areago, batzuetan, esan nahi dugunak eragiten dizkigun sentsazioen arabera, idazteko eta mugitzeko moduak aldatzen dira. Ez dugu berdin idazten, adibidez, maitasun mezu bat edo maitasun gutxiko mezu bat. Hizkiak desberdin idazten ditugu, espazioan ere desberdin kokatzen ditugu», azaldu du Bilbaok.

Horregatik, idazketaren eta norberaren mugimendua lotu ditu Bilbaok obra berrian, «gutariko bakoitzaren singulartasuna agerian uzteko».

Izan ere, Bilbaok diseinatu du koreografia, eta Bilbaok berak aurkeztuko du jendaurrean. Alabaina, oholtza gainean ez da bakarrik ariko. Bego Krego, Maria Martin eta Pilar Andres dantzarien laguntza izango du. Lauren artean erakutsiko dute, nork bere adierazpidea duela, idazteko zein mugitzeko orduan. «Dantzari bakoitzak bere adierazteko modua bilatu eta garatu du; keinu arraroa bilatu du, bere zeinua, bere marka, besteengandik bereizten duena», adierazi du Bilbaok. Haatik, lauren mugimenduek pieza bakarra osatzen dutela argitu du. «Obra bakarra sortu dugu», esan du. «Dantza garaikideak horretarako aukera ematen du, gainera, askotariko estilo eta keinuz osa daiteke pieza bakarra; aldiz, obra klasikoetan, dantzariak batak besteen klonak dira».

Bego Kregok obra teatralagoak egin ditu orain arte, baina ez da oztopo izan Bilbaoren kodeetara batzeko. «Nire piezak eskatzen zituen ereduetara egokitu da, bere estiloa bazter utzi gabe». Horrek Haiku 4 pieza aberatsagoa egiten duela uste du Bilbaok.

ATMOSFERA MUSIKAL ETA HIPNOTIKOA. Raul Lomasek egin du Bilbaoren pieza berrirako musika. Eta Lomasen doinuak dantzarien mugimenduen ondoren hazi direla dio Bilbaok. «Entseguetan egon da Raul [Lomas], eta ikusi duenarekin eta emandako azalpenekin sortu du musika». Atmosferikoa dela dio koreografo bilbotarrak; «mugimendua dantzatzeko baino gehiago, mugimendua girotzeko sortutakoa da musika».

Paul Basañezek eta Victor Gonzalezek egindako bideo lanek osatzen dute Haiku 4 obra. «Idazkeren eta mugimenduen arteko harremana sakontzen dute, modu hipnotikoan», Bilbaoren arabera. Hala, obrak eszenografia minimalista du. Aulki batzuk baino ez dituzte jarriko oholtzan. Dantzariek haiekin jokatuko dute; batzuetan, eserita ageriko dira; beste batzuetan, berriz, haiei biraka.

Oro har, Haiku 4 pieza «apala» dela dio Bilbaok. Urtebete eman du prestatzen, eta hiru hilabete daramatza Fundicion aretoan goiz eta arratsalde entseatzen. Eusko Jaurlaritzak diru laguntza eman dio, eta horri eskerrak ekoitzi ahal izan du. Bilboko aretoan etzi eta etzidamu erakutsiko du lehendabizikoz. Eta horren ondoren, Donostiako Antzerki Ferian emango du, uztailaren 12an. Halaber, Biarritzen erakutsiko du, irailean.

Gainera, Bilboko Lekuz Leku jaialdian parte hartuko du, ekain bukaeran. Kalean egiten den jaialdia da hori, baina Haiku 4 aretoan emateko obra izan arren, ateak ez dizkio ezeri itxi nahi Bilbaok, eta kalean emateko egokituko du. «Denborarekin ikasi dut kaleak ez duela zertan entretenitzeko lanak bakarrik erakusteko gune izan; obra serioak eskain daitezke kalean, artistikoak, kalitatekoak», esan du.

'Haiku 4' pieza
Zuzendaria.
Matxalen Bilbao.
Zuzendariaren laguntzailea. Robert Jackson.
Dantzariak. Bego Krego, Maria Martin, Pilar Andres eta Matxalen Bilbao.
Musika. Raul Lomas.
Bideo lanak. Paul Basañez eta Victor Gonzalez.
Eszenografia. Matxalen Bilbao.
Argiztapena. Olivier Quijera.

Dokumentuaren akzioak