Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gorputzarekin lan egitea konpromiso politikoa da»

Dokumentuaren akzioak

«Gorputzarekin lan egitea konpromiso politikoa da»

John Kasperse, Koreografoa

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/07/07

Atal bitan banatu du mintegia Jaspersek: «Batetik dantza teknikak lantzen ari gara, eta bestetik sorkuntza. Jorratutako dantza teknikak baliatuta, zer pieza sor daitezkeen aztertzen dugu elkarrekin. Ez zait gustatzen ezer inposatzea».

Harrituta geratu da Euskal Herrian dantza ikasketa ofizialik ez dagoela jakin duenean. AEBetako zenbait unibertsitatetan dantza irakasten dela esan du, eta Frantzian dantza kontserbatorioak daudela. Ez du ulertzen zergatik ez dagoen halakorik Euskal Herrian. «Dantzan aritu nahi dutenek beren kabuz egin behar dute bidea, beren kabuz bilatu behar dituzte ikastaroak eta bestelakoak, eta horrek izugarri zailtzen du etorkizuneko dantzari eta koreografoen lana».

Jaspersek New Yorkeko Sarah Lawrence Collegen ikasi zuen dantza. Harrezkero sona handiko koreografoen konpainietan egin du lana, AEBetan eta handik kanpo. Ann Teresa de Keersmaerkerrekin nahiz Jennifer Monsonekin lan egin du. 80ko hamarkadaren bukaeran sortu zuen bere konpainia. Ordutik hona bederatzi pieza sortu ditu, luzeak eta laburrak; besteren artean, Rickety Perch, Excessories, Waving to you from here eta Just two dancers. AEBetan, Brasilen, Txilen, Israelen, Japonian eta Europako herri askotan erakutsi ditu bere lanak.

Zein teknika lantzen ari zarate ikastaroan? Zeintzuk dira helburuak?

AEBetan 60ko eta 70eko hamarkadetan garaturiko teknika postmodernoak jorratzen ari gara. Barrualdea lantzeko teknikak dira, gorputz terapia egiteko teknikak. Haien bitartez, gorputzari berari ematen diogu garrantzia, esate baterako, pisuari, gure energiari. Esfortzua-emaitza kontzeptuak oso kontuan hartzen dituzten teknikak dira, fisikalitatea lantzen dutenak. Ikastaroak helburu bat baino gehiago du. Adibidez, sorkuntza lan bat egiteko teknikak ematea da bat. Azken batean, koreografo izateko, dantzari izan behar da aurrena. Ezer sortzeko, zer eta nola sortu jakin behar da lehenago.

Baina zuk inprobisazioa erabili duzu piezak egiteko teknika gisa, ezta?

Bai. Inprobisatzea, halere, ez da bakoitzak nahi duena egitea. Pieza bat egiteko prozesu gisa erabili dut inprobisazioa, betiere aldez aurretik zehazturiko forma eta neurri batzuk aintzat hartuta. Baina gero, azken emaitzan, dantza obran ez dago inprobisaziorik. Pieza batzuetan, beharbada, lekua egin diot inprobisazioari instante batez, baina oro har, inprobisazioa irizpide batzuen arabera erabakitako bide bati segitzeko metodo gisa erabili dut beti.

Lisa Krausekin hasi zinen koreografo gisa. Zer ikasi zenuen Krausekin?

Oraindik dantzaria nintzenean, Editta Braunen lanarekin obsesionatuta nengoen, hark markatutako ildotik jo nahi nuen. Lisa Krausek Braunekin dantza egiteko aukera izan zuen; hortaz, Krausekin lan egitea izugarria izan zen niretzat: Braunen unibertsoan barruratu ahal izan nuen.

Nolakoa da unibertso hori?

80ko urteetan Braunek egiten zuen lana ezagutu nuen. Ordura arte teknika fisiko-mekanikoak ezagutzen nituen baina ez ninduten asetzen. Braunek bestelako teknikak planteatzen zituen, autokontzientziaren eraginkortasunean oinarritutako metodoak erabiltzen zituen.

Zure konpainia sortu zenuen ondoren. Dantzari izatetik koreografo izateko pausoa izan zen?

Betidanik izan dut koreografo izateko gogoa. Dantzaria nintzenean, koreografo izan nahi nuen eta nire piezak egiten saiatzen nintzen. Koreografo izatea prozesu naturala izan da, koreografo izateko dantzari izan behar duzulako. Zure konpainiak zure piezak zuk nahi bezala emateko aukera ematen dizu, eta hori oso ondo dago.

Konpainia sortu zenuenetik hona nabarmen aldatu da dantza egiteko eta ulertzeko modua, teknologia berriak agertu dira, adibidez.

Teknologia berriak agertzearekin batera, gauza asko aldatu dira. Fisikoari, gorputzari erreparatzeko modua aldatu da. Halaber, edertasun irizpideak aldatu dira. Asko arduratzen nau horrek guztiorrek, zeren nik benetako gorputzak aurkeztu nahi ditut, errealak. Niretzat dantza egitea teknologiatik haratago gauza asko daudela esatea da. Gorputza bera hor dagoela, azala bera hor dagoela. Denak ez duela zertan irudia izan, bideoa izan.

Orduan ez duzu teknologiarik erabiltzen?

Ordenagailuarekin egiten dut lana. Ez dut ezer teknologia berrien kontra, dantzan teknologia erabiltzearen kontra. Areago, teknologia berriak erabiltzen dituzten koreografo batzuen lanak asko gustatzen zaizkit, oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Baina nik lehentasuna ematen diot gorputzari, materia organikoari. AEBetan mass mediek egiten dutena ikusita, teknologia erabiltzeko gogorik ez dut. Gorputzarekin lan egitea konpromiso politikoa da niretzat.

Dantzak mundua alda dezakeela uste duzu?

Ez, baina lagun dezake. Pertsonen artean harremanak bestela ulertzeko ikuspegia eskaini dezake dantzak. Iruditzen zait zatiketaren eta banaketaren aldeko mezu ugari jasotzen ditugula hedabideen bitartez. Zatiketa bultzatzen dutela gizartean hedabideek, jendeen arteko gatazka bilatzen dutela. Eta nik horren kontrako mezua eman nahi dut. Adierazi nahi dut elkarri uki diezaiokegula, elkarri uler diezaiokegula, azken batean, beste era batera bizi gaitezkeela.

Dokumentuaren akzioak