Dokumentuaren akzioak
Gorputzak nora ezean
Asier Zabaleta koreografoak sorturiko 'Where is my Mind?' lan berria estreinatuko du Fueradeleje taldeak, bihar, Uharten
Ezkerrera begiratu, eskuinera gero, urrats batzuk aurrera, eta une
batez galduta diruditen arren, nora ezean, elkarrekin hasi dira dantzan
Mirian Ramirez eta Fueradeleje dantza taldeko Iñaki Fortun, Virginia
Oroz eta Marisa Vera dantzariak. Hasi da musika, eta Pixies taldearen Where is my Mind?
kantuaren hotsetara mugitzen dituzte gorputzak orain, simetrikoki
kasik, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren aparkalekuan (Nafarroa).
Gune hori hautatu dute Asier Zabaleta koreografoarekin batera sorturiko
ikuskizuna erakusteko, autoa eta guzti.
Azken entseguak dituzte, eta auto horiek ikuskizunean nola
sartu pentsatzen ari dira, jaso berri dituzten oinetakoetara ohitzen,
beren urratsak lur irristakorrera egiten. Bukatu da musika, eta une
batez berriz ere nora ezean bezala mugimenduan jarraitu ondoren,
gelditu dira gorputzak. Nafarroako dantza taldeak bihar estreinatuko du
sorkuntza, 20:00etan. Martxoaz geroztik Uharteko zentroan dantzari
buruz antolatutako bi erakusketen itxiera ekitaldia izango da.
Nora eza da ikuskizunaren oinarrian dagoen ideia. Pixiesen
kantuaren leloak dioen bezala, «non dut burua?», galdetzen diote beren
buruei dantzariek. Gaztaroan izan eta gerora bete ez diren asmoez ari
da Zabaletak sorturiko koreografia, lehen urratsa bultzatu zuen
hasierako amets hartaz, eta haren gainbeheraz. Antzerki-dantza
ikuskizuna izatera heldu gabe, hitzak eta dantza nahasten dira Where is my Mind? lanean.
Marisa Verak obra prestatzen ari zirela entsegu batean botatako esaldi
bat da konstanteetako bat: «Ez nago nora ezean ibiltzeko egoeran».
Zabaletaren gidaritza
«Geure buruari begira jarri gaitu Zabaletak», dio Verak, «eta
aberasgarria izan da hori dantzarentzat». Hasiera batean zituzten
ametsei eta egun dauden egoerari buruzko testu bana eskatu zizkion
Zabaletak dantzari bakoitzari, eta horien gainean joan da koreografia
eraikitzen. «Jasotzen zuenaren arabera eman dio forma dantzari», azaldu
du Mirian Ramirezek.
Nolabaiteko elkarlana izan da. Ekainaz geroztik aritu dira
Zabaletarekin lanean, Uharteko zentroan bertan. Zabaletak gidak eman,
dantzariek gorputzarekin eta mugimenduekin esperimentatu, eta hala joan
da ikuskizuna egitura hartuz, Iñaki Fortunek adierazi duenez. «Pauta
batzuk markatzen zizkigun Zabaletak, eta haien arabera inprobisatu
egiten genuen. Mugimendu eta keinu horiek moldatu egin ditu berak gero,
gure esperientziak ere kontuan hartuz, eta prozesu horretatik atera da
dantza ikuskizun osoa».
Verak esandakoari eta egiten dituen keinuei erantzuten diete
beste dantzariek ikuskizunean, Pixiesenaz gain, 1999. eta 2000.
urteetan Bartzelona egindako Sonar jaialdiko musika ere entzuten da.
Nora ezean dirudite batzuetan denek, banaka, lurrean, hormetan, airean
zerbaiten bila ariko balira bezala, baina elkartu ere egiten dira
batzuetan. Batak bestearen buruan eskua jarri, eta eskumuturraren
keinuaz beste dantzariaren gorputz guztian eragiten du mugimendua
halakoetan; elkarri lotuta baleude bezala, gorputz bakarra balira
bezala, uneka.
Hainbat espaziotan entseatu dute ikuskizuna uztailetik hona,
baina aste honetan hasi dira benetan erabiliko duten gunean dantzatzen;
aparkalekuan. «Ikaragarria da», dio Virginia Orozek, «baina badirudi
gune hau espresuki gure ikuskizunerako eraiki dutela!».
Kale eta antzokietarako
Aste honetan heldu zaizkie Karlota Laspalas diseinugileak
eginiko oinetako eta arropak ere. Oinetakoetara ohitu nahian dabiltza,
horregatik, eta jantziei azken konponketan egingo zain. Beltzez
jantzita ari dira entseatzen. Publikoa ere badute. Zeharka begiratzen
ditu jendeak aparkalekuan dantzan ari direla. Pozik hartzen dituzte,
Orozek dioenez. «Hori da gure asmoa, antzoki batera dantza ikustera
joango ez litzatekeen jendea erakartzea, eta dantzara hurbilaraztea».
Bi formatutan prestatuko dute ikuskizuna. Bihar arte
zentroaren aparkalekuan ikusi ahal izango dena izango da bat, motzena,
kalerako prestatutakoa. 25 minutuko iraupena izango du, baina izango da
bertsio luzeago bat ere antzoki eta gisako guneetarako. 50 bat minutuko
iraupena izango du bertsio horrek, eta urrian hasiko dira haren
prestaketekin dantzariak, berriz ere Zabaletarekin batera. Fortunek
azaldu du iraupen ezberdinen zergatia: «Bihar aurkeztuko dugun
ikuskizunak Marisaren [Veraren] esperientzia du oinarrian, batez ere,
baina bertsio luzean lau dantzarion errealitatea izango da taularatuko
dugunaren oinarria». Bideo emanaldiak ere izango dira antzokietarako
prestaturiko moldaketan.
Iaz prestatu zuen bere lehen ikuskizuna Fueradeleje dantza
taldeak, eta aurten Zabaletaren koreografia bat estreinatzea apustu
handia izan omen da. «Handitzeko, ikasteko eta hobetzeko beharra
geneukan», dio Fortunek. «Arriskatu egin nahi genuen». Nafarroako
Gobernuaren diru laguntza izan dute 30.000 euroko aurrekontua duen
ikuskizun hau prestatzeko, eta egoitza artistikoa izan dute Uharteko
arte zentroan.
Dokumentuaren akzioak