Dokumentuaren akzioak
Gorputzak mintzo
Lau koreografiarekin eta arrakasta handiz aurkeztu du Dantzaz
konpainiak bere dantzarien belaunaldi berria, Mintzo izeneko
egitarau bikaina Donostiako Viktoria Eugenia antzokian estreinatuz.
Bere dantzari ohien mailari ohore eginez, Dis-connected izan da
gaueko lehen pieza. Sophie Antoine Dantzaz-eko ikasle ohia Nuremberg
Balleteko solista da orain, hogei urterekin, eta Mintzo-rako
diseinatu du koreografia miresgarri hau. Piano eta biolinerako
soinu-banda bizigarriak ederki lagundu dio freskotasunez eta umorez
zipriztinduriko diseinu koreografikoari, eta dantzarien gorputz gazteek
beren arteko jolas txikiak eta konbinaketa posible ugariak garatu
dituzte. Une batzuetan, beharbada, gehiegizko tentsio dramatikoa
erakutsi du proposamenak, baina hori ere baliagarria izan da dantzari
guztien malgutasuna, keinu-garbitasuna eta gaitasun teknikoaren
araztasuna frogatzeko.
Zirrara eta dibertimendua
Aurreko piezaren alaitasunaren ostean, itzelezko dentsitatea
erakutsi du Torque izeneko koreografiak. Hilde Koch
donostiarraren lan honek harridura sortu zuen Dantzazen aurreko
egitarauan, eta bere nazioarteko maila ukaezinarengatik asmatze hutsa da
aurtengoan ere egotea. Orduan bezala, hasierako irudi zatikatuak
esanguratsu bihurtu dira Arvo Parten musikaren laguntzaz, eta gogorra
eta hotza zirudien planteamenduak zirrara sorrarazi du berriro ere.
Alderantziz, Kochen hurrengo pieza laburra -Smoke Rings-
dibertimendu kutsukoa izan da, eta izaera horretan pisu handia hartu
dute Laurie Andersonen abestiaren ironiak, bi neska eta bi mutilen
janzkera anbiguoak eta kiroletatik eratorritako eboluzio jostagarriek.
Beste donostiar bat, Jone San Martin, izan da laugarren piezaren
sortzailea. Forsythe konpainiako aspaldiko solista honek Dantzaz-erako
diseinatu duen Gorputitz koreografiak deseroso utzi nau, bertan
ezer ez baita dirudiena eta planteamendu koreografikoak ohiko arau
batzuk apurtzen baititu, ikuslearen arreta probabilitate gutxiko
guneetan zentratuz eta espazio, argi, soinu eta dantzaren arteko logika
hainbatetan hautsiz. Forsytheren estiloko desegituratze horretan, ordea,
mugimenduaren finezia nagusitu da eta dantzarien eboluzio azkar eta
aleatorioek etengabeko bilaketaren ideia irudikatu dute.
Dokumentuaren akzioak