Dokumentuaren akzioak
Gorputzak ere mintzo baitira
Euskal Kultura 2015
Belaunaldi gazteen artean, azken aldian estreinatu ikusgarrien artean, halako joera bat agertzen da. Laburbiltzeko, 'euskal dantza', 'dantza garaikideari' nahasi nahi dutela erraten entzuten dira gero eta gehiago. Bereizketa horretaz zehaztasunak eskatuz gero, ideia hau izan daiteke nolabaiteko laburpena:
"Euskal dantzan, gehienbat zangoek eta hankek dute lan egiten. Gaineko partea gutxiago erabiltzen da. Aberastasunak ere badira. Baina, halere, zurrunagoa da. Ez da deus egiten lurrean, adibidez." Zarena Zarelako dantza taldeko Amets Lahetjuzan-en hitzak dira horiek (Berria, 2015-04-25).
Halako frustrazio bat sentitzen da noiztenka belaunaldi berriengan. Baina dantza mota bera mugatzailea dela ondoriotzat hartzea baino, Jon Mayak egin erantzunak ñabardurak ekartzen ditu Berria-ko zenbaki berean:
"Uste dut dantza tradizionalak gaur egun erakusten duen baino aberastasun eta dohain gehiago dituela, bai inprobisazio mailan, bai gizarte mailan, bai erritmo eta urrats aberastasun mailan, zentzu askotan. Eta, agian transmisio horren sinplifikazioagatik eta dantza tradizionalaz egin den erabilpenagatik, hainbat gauza galdu egin dira."
Eta, preseski, transmisio horren sinplifikazio horretan hizkuntzaren auzia sar daiteke. Euskal dantza Ipar Euskal Herrian anitzetan frantsesez transmititzen da —ez beti, baina usu, eta gainera, testuingurutik kanpo—, euskara apaingarri bilakatuz hor ere. Eta halako nahasmen bat sortzen da. Hori uler daiteke, agian, Johañe Etxebestern hitzetan. Etxebestek Baküna Show ikusgarrian parte hartu zuen. Zuberoako dantzak koreografia berriz pentsatuetan eman zituzten. Kritika zenbait egiten zituen ikusgarriari begira Etxebestek:
"Uste dut ez dugula gauza anitz irabazi historia horretaz. Mugimendu berriak ezarriz eta. Zertako ezarri mugimendu berriak? Zentzurik eta intentziorik gabe, egiazki, teknika hutsa izan da, amiñi bat."
Intentzioaren kontua honela esplikatzen du Etxebestek:
"Ez dantzan aritzea teknika batentzat, baizik eta zerbaiten adierazteko. Plazan dantzan ari zarelarik, aintzindaria zara, aintzindaria izan behar duzu. Ez zara hor puntuen lerrokatzeko. Dantzan zara ari, dantza eman behar duzu."
Hor sartu daiteke testuinguruaren garrantzia, eta beraz, euskararena. Euskara galdurik, testuingurua galdurik, nola adierazi aitzindari bat zer den? Dantza "kultura baten barrenean" irakatsi behar dela argi du Etxebestek berak:
"Erakustea euskal balioa dantzan. Beharbada ez dira dantzari hobeak izanen, baina ezagutuko dute beren kultura, euskara baliatuko dute. Ideia dukezu ikus dezaten dantza arte baten gisan."
Dokumentuaren akzioak