Dokumentuaren akzioak
Gorputzak dantzan
Non: Bilboko Azkuna Zentroan. Noiz arte: Irailaren 20ra arte.
Gorpuzkeratik abiatzen diren adierazpen artistikoei buruzko erakusketak garatzea zaila da. Halaber, argi dago zailtasun hori areagotu egiten dela erakusketak omentzen dituen gorputz adierazpenak iraganekoak badira, efimeroak izanik momentuan desagertzen baitira. Performanceak, dantzak, antzerkiak... Zeintzuk dira mugimenduan oinarritutako praktikak erakusketa aretoaren molde estatikoetara egokitzeko aukerak? Peggy Phelan teorikoak azaltzen duen eran, ekintzok berriz ere errepikatuko ez den denbora tarte batean ematen dira. Horrela bada, ekintza performatiboak orainaldira ekartzeko erreminta bilakatzen dira momentu zehatzen testigantzak, bideoak, argazkiak...
Hari horri eusten dio Steve Paxton. Drafting Interior Techniques erakusketak. Steve Paxton (Phoenix, AEB, 1939) koreografoak ikertu eta sortutako gorputz adierazpenak biltzen ditu Azkuna Zentroan kokatutako erakusketak. Alabaina, artistaren omenezko atzera begirako lineal eta homogeneoa aurkeztu beharrean, espazioa zortzi sailetan banatutako dantza estudio bihurtu dute Romain Bige eta Joao Fiadeiro komisarioek. Modu horretan, ikus-entzunezko euskarriekin batera, geure gorputza ere esperimentaziorako esparru bilakatzen da, erakusketan integraturik, ezinbesteko papera jorratuz.
Aipatzekoa da hasiera batean ikuslearen gorputzak erakusketan izan lezakeen partaidetza aski murriztu dela, egun bizi dugun osasun larrialdiak eraginda. Orain dela hilabete batzuk erakusketa otsailaren 20an mustu zuten- esertzeko, etzateko, dantzatzeko edota patxadaz irakurtzeko esparruak zirenak gune ilun eta bakartiak dira orain; hein batean, espazio publikoetan debekatuak dauden ekintzen nolabaiteko aldarri bilakaturik.
Debekuak debeku, egungo egoerara moldatutako erakusketak jatorrizko esentzia mantentzen du, norbanakoaren gorputzaren berezko mugimenduei erreparatzera bultzatzen gaituen heinean. Lehenengo estudioarekin kontaktua izan bezain pronto ohartuko gara faktore horretaz. Oinezkoen mugimenduari buruzko estudioa da, bat-batean erakusketa aretoaren murruan tamaina errealeko hamarnaka pertsona agertzen dira oinez: batzuk tente, beste batzuk makur, gurpildun aulkietan... Honela, dantza klasikoaren birtuosismotik aldentzen den koreografia xumearen parte bihurtzen gara; geure gorputzak egunerokotasunean sortzen dituen mugimenduen dantzari printzipalak, alegia.
Dantza xume hori garatu eta aurrera egin ahala, tipi-tapa, espazioak zabaltzen dira, baita euskarriak aniztu ere: izkinetan ezarritako telebistak, hormetan proiektatutako dantzak, dokumentalak, erakusketan zehar gidatzen gaituzten esaldi sakonak...
Ildo berean, aurkezten zaizkigun elementuetan deigarriena gimnasioetan ezarri ohi diren koltxonetekin aldera daitekeen gune zabala da. Contact improvisation izeneko dantza teknika gauzatzeko estudioa da. Alegia, beste pertsona batekin kontaktua mantendu bitartean, inguruko gorputzekin lankidetzan mugimenduak sortzera bideratzen gaituen teknika da Ukituari buruzko estudioa-n ikasi, aztertu eta landuko duguna. Alabaina, agerikoak dira beste pertsonekin kontaktua mantentzea helburu duen teknika praktikara eramateko zailtasunak.
Teknika hori praktikara eramateko aukerarik ez dagoenez, estudio honetan aurkeztutako euskarriek dantzaren atmosferan murgiltzen gaituzte. Horrela, Paxtonen ikerketa prozesuen zertzeladak azaleratzen dira. Modu horretan, geure gorputzaren portaeren eta mugimenduen kontziente izatera bultzatzen gaitu erakusketak. Halaber, erakusketak koreografoaren lana bistaratzea helburu zuela kontuan harturik, hura ehuntzen duten euskarrien pluraltasunarekin bat egiten du ikusleak. Gorputzak erakusketa aktibatzen baitu, Paxtonen lanari bizia emanez.
Era berean, erakusketa atzean uztean egoera eraldatzen da, eta gorputzaren adierazpen askea proposatzen duten teknikak, batez ere kontaktuarena, desagertzen dira. Oraingoan, koreografia bestelakoa da, geure gorputzaren jatorrizko mugimenduak espazio publikoetan ezarritako legedi berriekin integratzen baitira. Eta, honela, inprobisaziorako aukerak murrizten dira guztiz: jarraitu gezia irteteko, eskailerak igotzean eskuinetik mesedez, metro eta erdiko distantzia mantendu, besarkadarik ez...
Dokumentuaren akzioak