Dokumentuaren akzioak
Gorputza eta burua, arte eta terapia adierazpide
Dantza, gorputz adierazpena eta interpretazioa uztartzen ditu Lapse taldeak. Inguruko herritarrez osatuta, dantza da gorputzarentzako eta buruarentzako beraien terapia nahiz adierazpide artistikoa.
Denbora izozten den unea izendatzeko erabili ohi da, ingelesez, lapse terminoa. Mundakan, baina, hori baino gehiago ere bada. Izen hori du dantza, gorputz adierazpena eta interpretazioa uztartzen dituen taldeak. “Denbora gelditzen duen tartea da, parentesi bat, oasi bat”, dio taldeko gidari Leixuri Urrutiak. Matxalen Bilbao bermeotarraren eskutik jaso zuen dantza oinordetza; psikologia soinekoz jantzi zuen arte adierazpen hori.
2015ean hasi zen dantza klasikoa, garaikidea eta intepretazioa herrira hedatzen; umeekin abiatu zuen bidea. Etapa haren ostean, Katillotxu Emakume Elkartearen barruan sortu zuen Lapse. Urteen joanak nortasuna eta esentzia propioa eman dizkio taldeari. Munduarekiko ulerkera “berezi” bat dute ardatz: “Denetariko herritarrak bildu arren, dantza geure ama hizkuntza eta babeslekua izatea lortu dugu”.
Hamazazpi dantzari daude taldean; Mundaka, Sukarrieta eta Bermeokoak dira. Edozeinentzako zabalik egonda, hamasei emakumezkoak dira. Gizonezko dantzari bakarra dago: “Desikasten ikasi duen hamalau urteko geure altxortxoa“. Eskolako eraikineko dantza gela dute habitat. Astelehenetan eta eguenetan biltzen dira, 19:30etik 21:00etara, entseatzeko. Emanaldiak hurreratu ahala, baina, lanerako orduok “biderkatu” egiten zaizkie taldekideei.
Terapia kutsua dute euren saioek: “Astebetez elkartu barik egonez gero, bai gorputzak, bai buruak igarri egiten dute. Entseguak geure egunerokoaren ezinbesteko osagai bihurtu ditugu; ezin gara bildu eta dantza egin gabe egon”. Urrutiak eskarmentua du hala dantza klasikoan, nola garaikidean. Hori horrela, biak dauzka iparrorratz, koreografiak egiterakoan. Horri ezinbesteko osagai bat gehitzen dio: interpretazioa. “Psikologiatik hainbat lanabes hartzen ditut; kide bakoitza topera saiatu dadin bilatzea dut jomuga, baina bide hori beragaz batera eginez”.
Bi helburu ditu taldeak: ikuspuntu intrapertsonalagaz lotutakoa eta herriko kultur komunitatearen partaidetzari dagokiona
Prozesu artistikoaz harago, “ibilbide pertsonala” ere bada dantza: “Duela zenbait urte, taldekideek gaur egun egin ditzaketen koreografiak egiteko gai liratekeela imajinatu ere ezin izango zuketen egin; esaterako, hilabete bakar batean hogei minutuko pieza oso gaitzak egiteko gauza direla frogatu dute”. Gidariaren ustez, helburu bi dituzte: Batetik, ikuspuntu intrapertsonala dago; bakoitzaren hazkunde pertsonala bilatzea, “ahulezia eta indarguneetatik abiatuta”. Bestetik, herriko komunitatearen parte izatea, “herria dantzan jartzea, pentsamendu sortzailean haziz eta heziz”.
Kideek entseatzeko errutina hartzeak “asko du aldarritik“: “Argi dute euren momentua horixe dela; beraz, ingurukoek zaintza ardurak hartu behar izaten dituzte, eurek tarte horretaz goza ahal dezaten. Esan daiteke dantzak beren mundua ordu eta erdiz geldiarazi egiten duela”.
Pandemiako “militantziaz”.
Pandemia, gainontzeko taldeetan legez, sasoi zaila izan zen Lapserentzat. Pantailaren bestaldetik biltzen aritu ziren, etxeratzeak iraun artean; segurtasun neurriak aplikatuta, gerora. Hori bai, “pasioa” datorkio burura Urrutiari, aldi hartaz galdetuta: “Egunero biltzen ginen pantailetan; egunen batean huts eginez gero, zerbait falta zaitzaigula sumatzen genuen. Sasoi hartan, zerbait agerian geratu bazen geure pasioarekiko, dantzarekiko, militantzia sutsua izan zen”.
Leixuri Urrutia: “Apunteak hartzeko koadernoa aldean daramat beti, edonoiz egin baitezaket tupust inspirazio iturriren bategaz”
Klaseak prestatzeko moldeari dagokionez, mundakarra autogestioan oinarritzen da. Sorkuntza radarrak ez du deskantsurik: “Apunteak hartzeko koadernoa aldean daramat beti, edonoiz egin baitezaket tupust inspirazio iturriren bategaz“. Berak ontzen du koreografietarako musika. Musika horrek iradokitzen dizkion kontzeptuak entseguetara eroaten ditu jarraian, eta han ernaltzen da “intepretazioaren ezinbesteko magia”.
Eskakizun fisikoa “askok uste baino handiago” dela azalduta, saio hasieretan pisu handia ematen dio tonifikazioari zein gorputza sasoiko mantentzeari. Horrez gain, teknika klasikoari dagozkion jarduerak menperatzea ere zutabe du: “Denetariko jarduerak egiten ditugu, adibidez, barra klasikoagaz. Klasikoaren ardatz hori oso garrantzitsua da, bestelako pieza garaikideagoak egiteko ere”. Etengabe landu beharreko alderdi horiek plano psikologikoagaz ezkontzen ditu. “Zentzurik onenean, dantzariak muturrera eramaten ditut, beraien bertsiorik onena zukutu arte; horretarako, neure psikologo ogibideko hainbat lanabes erabiltzen ditut”.
2022ko Urdaibaiko Organoak ekimenean, Alize Mendizabal organo soinuari koreografia ipini zion Lapsek
Taldea sortu zenetik, gora eta gora egin du bere mailak. Maila ez ezik, ematen dituzten ikuskizunen kopurua ere nabarmen hazi da. Horietako bakoitza ganoraz atontzeak hilabeteetako lan gogorra eskatzen die, noiz edo noiz “azken orduan” prestatu behar izan duten arren. “Dena dela, ederto atera dira orain artekoak”, dio monitoreak. Bereziki gogoratzen da dantzaldi erdi-erdian musika eten zitzaienekoaz. “Ahaztezina” izan zen: “Une batean, musikagaz arazoak zeudela kargutu nintzen, eta bat-batean eten egin zen. Segundo batez aurrera jarraitu ala ez zalantza egin nuen, baina, nire harridurarako, taldeak oinarri musikal barik segitu zuen, betiko gogoratuko dudan saioa emanez”. Musika falta interpretazioagaz ordezkatu zuten: “Dantzariek euren ahots eta arnasekin Bermeoko kofradia bete zuten; egundoko interpretazioa begitandu zitzaidan”.
2022ko Urdaibaiko Organoak egitasmoan parte hartu zutenekoa ere “barru-barruan” gordeta dauka mundakarrak. Alize Mendizabal organo-jotzaile donostiarrak elizan jo zuen, eta Lapsek koreografia ipini zion Guridiren pieza bati. Hura prestatzeko, Mendizabalek bidalitako piano oinarria baino ez zuten baliatu: “Baina organoak pianoagaz inongo zerikusirik ez duen soinu tankera du; tenpo eta melodia aldetik, bestelako instrumentuak dira. Hortaz, unean entzundakora moldatu behar izan ginen; bikain atera zitzaigun guztia”.
Organo soinua koralaren bertsioagatik ordezkatu, eta emanaldia Talan egindako Itsasotik Mundakara: Hegaluzea ekimenean errepikatu zuten, eurek propio prestatutako atrezzoagaz. “Sareak eta bestelako materialak erabilita, arrantza giroaren simulazioa egin genuen”.
Ikusle bakoitzak bere errealitatera transferitzen du dantzak iradokitakoa
Mundaka, herri dantzaria.
Herritarren babesa da Urrutiak gehien estimatzen duen alderdietako bat. Jarraitzaile talde “leiala” dute, eta plazak betetzen dituzte eurekin. Hainbat emanalditan, “figuranteak” edukitzen dituzte; “gogo onez” parte hartzen dute mundakarrek. Ez hori bakarrik: “Mezu aldetik, koreografia kontzeptual baina zabalak egiten ditugu; beraz, herritarrek behin eta berriz helarazten dizkigute beren hausnarketak, pieza ondo ulertu duten jakiteko edo zer iradokitzen dien kontatzeko. Koreografiek zer pentsatua eragiten dute ikuslearengan, eta bakoitzak bere errealitatera transferitzen du ikusitakoa. Horrek asko dio ematen diguten babesari buruz”.
Gabon sasoian, hurrengo emanaldia prestatzeari ekingo diote. Martxoaren 8ko aldarrikapen eguna euren ama hizkuntzaz, dantzaz, zipriztinduko dute. Mundaka, momentu batez, lapse batez, dantzak bahituko du. Dantzaz mintzo den herria ez baita inoiz mututuko.
Dokumentuaren akzioak