Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputza eman bertsoari

Dokumentuaren akzioak

Gorputza eman bertsoari

Hondarribiko Itsas Etxean aurkeztuko dute dantza eta bertsoa nahasten dituen 'Errimak bi oinetan' ikuskizuna
Egilea
Amalia Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2019/09/26
Lotura
Diario Vasco
Haatik konpainiaren lan berria da/Haatik
Haatik konpainiaren lan berria da / HAATIK

 

Bertso saio eta dantzaldi baten erdibidean, hor nonbait, kokatzen da 'Errimak bi oinetan' ikuskizuna. Bertsozaleak eta dantza gustuko dutenak elkartuko ditu, eta nahasi, edozein herri edo hiritako plazan. Haatik konpainiaren lan berriak bi jarduera horiek nahasten ditu, komunean dituzten baliabideak elkartu eta berriak sortuz aldi berean. Hondarribiko Itsas Etxean aurkeztuko dute ostiral honetan, hilak 27, Aiert Beobide dantzariak eta Unai Elizasu bertsolariak zuzendu duten lana. «Ikusten duenarentzako dantza saioa da, entzuten duenarentzat, bertso saioa», azaldu du Elizasuk.

Ikuskizuna ez da sortu berria. Duela zazpi urte egin zuten bertso ariketa dantzara eraman eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko proposamen artistikoa, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar zein berriei mugimendua erantsiz. Badu berritasunik, hala ere, jada Urretxun eta Urnietan erakutsi duten bertsio gaurkotuak.

Batetik, bertso saio formatu tradizionala irudikatzeaz gain, eszena diferenteak ere erakutsiko dituzte oraingoan, hala nola, txapelketa eta bertso afariak. Bestetik, espektakulurako propio sortutako bertsoak, argiztatze teknikak edota erabiliko duten musika berritu dituzte. Zutabeak mantenduta, barrenak berritu dizkiote etxeari.

Diseinuaz Beobide eta Elizasu arduratu dira. Bakoitzak bere aldera egin du tira, baina ondo baino hobeto moldatu dira. Hilabeteak behar izan dituzte 'Errimak bi oinetan'-en edizio berria ondo orrazteko, eta asko dira sorkuntza lanetan parte hartutakoak; besteak beste, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze bertsolariek sortu dituzte, ikuskizunerako propio, piezak.

«Lehenengoz lana aurkeztean, jendeak ez zuen espero halakorik», eta horrek haien alde egin zuen Elizasuren iritziz. Ez zuten guztiz ulertzen ikusitakoa, eta «ezustekotasun» hori mantentzearren, gogor egin dute lan.

Ondo lotuta dituzte musika, bertsoak eta dantza, baina espontaneitate puntu baten bila, bertsoaren bat-batekotasuna nolabait islatzearren, dantzariek ez dakite zein gai jarriko dituen Elizasuk. Gainera, agertokian izango da gai-jartzaile lanak egiten. Horrela, feedback zuzenagoa bilatuko du.

«Gaiak beti izango dira diferenteak, eta zeri dantzatuko dioten ez jakitearekin batera, helburu dut zerbait eragitea, zuzeneko zirrara hori aurkitzea. Ukitu horrekin sorpresa bat sortu nahi dugu, sentikortasun handiko musikaren osagarri izango dena«.

Ikuskizun bakoitzean bost dantzari aterako dira. Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga eta Nagore Zabalak osatzen dute konpainiako dantzari taldea.

Elizasuk nabarmendu du aretoez gain, edozein herriko plaza, tabernatako terraza, kultur areto txikitara moldatu dezaketela lana, «bertsolariak ere plazetara moldatzen diren bezala. Bost aulki eta mikrofonoa, saioaren arabera, agian, mahaia ere bai. Hiru elementu horiek osatzen dute atrezzoa. Bertso jaialdiaren formatu bera zen lehen, gai jartzaileak off ahotsa jartzen zuen. Gaia jarri eta dantzariek berea egiten zuten, eskaleta jarraituz». Oraingoan, «gehiago enfokatu gara plaza diferenteetan egiten diren bertso saioen formatuen dibertsitatean, eta bertan gertatzen diren gauzak ere erakutsiko ditugu», gaineratu du.

Gogo berezia zuten garai bateko bertsolarien lanak ere ekartzeko. Xalbador eta Lazkao Txikiren testu ezagunak hautatu dituzte, bertso pieza ezagunak. Testuak lotzen dituen haririk ez dago, bertso plazak ere duelako halakorik. «Dantzaren bidez bertsoa beste leku batera eraman« nahi dute, eta aldi berean, bertsorik klasikoenak eguneratu. Bertsozaleak ere dantzara gerturatu nahi dituzte, eta alderantziz.

Pareta hautsi

Konkrezioaren eta abstraktuaren arteko elkarrizketa jaso dute 'Errimak bi oinetan'-en. Elizasuk azaldu du eragingo dutela ikus-entzuleen parte hartzea, publikoarekin kontaktua bilatuko dutela, bien arteko pareta hori hautsiz.

«Deseroso jarri nahi dugu publikoa, Santa Agedako bertso saioetan egiten den bezala, adibidez. Haien parte hartzea ere eskatuko dugu, beste bertso saio batzuetan bezala«, zehaztu du.

Ikuskizuna osatzeko bilera asko egin dituzte, bakoitzak bere lan esparrutik eginez lan. Ondorioz, Elizasuk uste du osotasunean begiratzean ikuskizunari, testu eta dantzak eraldatu egingo direla. «Denak du bere garrantzia, atal guztien elkarren arteko loturak han dira».

Dantzarien jantziek ere gorpuztuko dute dantzaren eta bertsoaren arteko distantzia zein hurbiltasuna. Kaleko arroparen estetika bilatu dute, baina koreografia zein giroa jantziko dituen estiloaren bila. Ramon Garciak egin ditu diseinuak, propio landutakoak ikuskizunerako.

Estreinaldi ofiziala Hondarribian izango bada ere, orain arte ikusitako erreakzioekin pozik agertu da talde osoa. «Lehenengo aldian izan ziren ondo ulertu ez ziren gauzak, azalpen batzuk eman behar izan genituen. Oraingoan, saiatu gara transmisio hori garbiagoa izan dadin. Urretxun, gurekin kantatzeaz gain, zutitu egin zen jendea lanaren amaieran». Lehen proba izateko, seinale ona.

 

Dokumentuaren akzioak