Dokumentuaren akzioak
Gorputza dantzan, erromerian
Ereintza dantza taldeak antolatuta, 11. Erromeria Eguna egingo dute Errenterian, uztailaren 18an
Hori izango da datorren larunbatean, uztailaren 18an, Errenterian egingo den Erromeria Eguneko osagai nagusia.
Zatoz plazara dantzara lelopean, Txorimaloak,
Alkarbide, Oarsoaldeako dultzaineroak eta txistulariak, Naroa eta
Arrate, J. M. Beltran eta Astiasaran anaiak, Urarte eta Aiko taldeak
eta Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldeek parte hartuko dute.
Ikusleak lekuko huts izan gabe, bilduko direnak dantzan jarri
nahi ditu talde errenteriarrak. Egitarau zabala antolatu du helburu
hori lortzeko asmoz.
Goizeko hamarretan izango da diana, eta ondoren, festan parte
hartuko duten talde guztiei ongietorria egingo diete. Ordubete geroago,
hamaiketakoa prestatu dute antolatzaileek; irekia izango da, nahi duena
joan dadin. Parte hartzen duten taldeen eta joaten direnen artean lehen
harremanak eginda, kalez kale ibiliko dira musikariak eta dantzariak.
Urtero eguerdian egiten duten emanaldia berezia izango da
aurten, lehen aldiz nesken sokadantza ikusi ahalko baita. 13:15ean
izango da, Zumardian. Jon Maya dantzariak azaldu duenez, «sokadantza
edozein festa, jaialdi edo herriko jaietan egiten den dantza soziala
da. Dantzatzeko modu asko daude, baina azken urte hauetan Oarsoaldean,
gizon dantza da gehien ezagutzen dena».
Gaineratu du, Errenterian, adibidez, San Joan bezperan
mantendu dela erritual gisa. «Horregatik, nesken sokadantza bultzatu
nahi genuen, eta Erromeria Eguna aproposa iruditu zitzaigun
horretarako. Ereintza taldeko zein herriko neskek dantzatuko dute, eta
ohitura bihurtzea gustatuko litzaiguke».
Bestalde, laurehun lagun ingururentzat bazkaria prestatuko du
Intxaurrondo elkarte gastronomikoak. Udal kiroldegian bilduko dira
bazkaltzera talde guztietako partaideak, eta nahi duen beste edonork.
Haurrek ere musikaz eta dantzaz goza dezaten, eta beraiek ere
festaren partaide izateko asmoz, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior
pailazoek emanaldi berezia prestatu dute. «Ez da izango beraien betiko
ikuskizuna, baizik eta Erromeria Egunerako moldatua. Ohiko dantzekin
batera, umeak pailazoekin dantzatuko dira, umeek ere festan parte hartu
dezaten, haurrentzat oso aproposak diren abestiekin. Saio berezia
izango da, umeei ere dantzarekiko zaletasuna pizteko», esan du Mayak.
Dantzarako une nagusia 18:00etan hasiko da, herriko hainbat gunetan.
Erromeria nagusia hasten denenean Zumardiko oholtza gainean,
festa handi horretan parte hartuko duten talde guztiak igaroko dira.
Musikarien laguntzaz, dantzarako aukera izango da estilo guztietan.
Aiko taldeak 18:30ean Zumardian bertan egingo du emanaldia.
Aldi berean, herrigunean zehar kokatuta dauden gainontzeko
agertokietan ere -Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan- etengabe
egongo dira musika emanaldiak.
Herri dantzei eta erromeriei bultzada emateko asmoz, Ereintza
dantza taldeak 1999an jarritako proiektua da Erromeria Eguna, eta 11.
aldia izango du aurten.
«Helburua jendeak dantzak ezagutzea eta horiekin gozaraztea
izan da beti, baina parte hartuz eta dantza eginez», dio Mayak. Hori
helburu izanda, lehen pausoa herri dantzen ikastaroak martxan jartzea
izan zen, herrian eta eskualdean; ondoren, Erromeria Eguna prestatzea,
dantzan ikasten zebiltzanak eta dantza gustuko zutenek bilgune bat
izateko.
UZTAILAK 18, LARUNBATA
10:00. Diana, herriko kaleetan zehar.
11:00. Hamaiketakoa, Esmalterian.
12:00. Kalez kale. Musikariak eta dantzariak herriko kaleetan ibiliko dira.
12:15. Ereintza taldeko neskek zein herriko neskek sokadantza egingo dute, Zumardian.
14:30. Herri bazkaria, Udal Kiroldegian.
17:30. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen emanaldi berezia, Xabier Olaskoaga plazan.
18:00. Erromeria handia egingo dute, Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
18:30. Aiko musika eta dantza maisuen kolektiboa izango da Zumardian.
Dokumentuaren akzioak