Dokumentuaren akzioak
"Gorputza beste toki batera joaten ari da pixkanaka"
Dantza gorputzaren transmisio bidea da niretzat, edo gorputzak komunikatu nahi duen horretarako tresna zuzenena.
Rotterdamera joan zinen dantza garaikidean espezializatzera gaztetan. Nola iritsi zinen dantza garaikideraino?
Balletarekin hasi nintzen, argi esan omen nuen klasikoa ikasi nahi nuela eta hamalau urte izan arte buru-belarri horretan bakarrik egon nintzen. Gero, balleta pixkanaka oso zurruna izaten hasten da, oso estereotipatua da, pausoak zehatzak dira. Momentu batean ez zidan horrenbeste erakartzen, eta batzuetan itogarri egiten zitzaidan.
Orduan, hasi nintzen mugimendua nola zabaldu edo aberastu bilatzen. Ikastaroak egin nituen, dantza komertziala, jazza edo dantza afrikarra; Irunen hasi nintzen Ainhoa Izagirrerekin dantza egiptoarra lantzen. Bat-batean dantza garaikidea aurkitu nuen, bai Donostian Iñaki Landaren bidez bai eta bai Silvia Hoyos hondarribiarrarekin Irunen. Aurkikuntza izan zen hori niretzat. Dantza garaikideak ematen dizuna da mugimendu guztiarekiko posibilitate guztiz zabala.
Zer ikasi zenuen Rotterdamen, Euskal Herrira ekar zenezakeena?
Dantzari izatea eta dantza bera profesio izan zitezkeela ikusi nuen, hortik hasiko nintzateke. Bariazio hori ikusten hasi nintzen, performanceak, adibidez. Beste hizkuntza batzuk ere lehenengo aldiz ikusten hasi nintzen; begietatik benda kentzea izan zen, eta pentsamendua eta burmuina guztiz zabaltzea. Bestalde, eskolan irakatsi zidaten modu klasikoko dantzari izaten, «kopiatu, egin eta saiatu izaten perfektua». Nire borrokak izaten hasi nintzen, tartean istripu bat izan nuen, eta ja ez nintzen perfektua. Dantzari izate hori kuestionatzen hasi nintzen.
Neri (h)ari zure konpainia 2016an sortu zenuen hizkuntza koreografikoan sakontzeko beharrak bultzatuta
Ordura arte elkarlanerako urteak izan nituen, baina urte askoz irakaskuntzan ere aritu nintzen. Alde batera utzi nuen sormen lana, eta berriro ekin nionean sormenari, dantzari bezala besteentzat lanean aritu nintzen batez ere.
Aurretik jasotzen duzun guztia hasten da zuregan posatzen. Agian momentuan gauzak intuitiboki egiten dituzu, baina gogoz, inertziaz ere bai; batzuetan ez zara momentuan ohartzen zertan ari zaren. Orduan, gauza guztiak posatzen joan zirela uste dut, eta ja dantzari bezala lanean aritu nintzenean konturatu nintzen gauza batzuei ez niekeela hainbesteko garrantzia emango, eta beste batzuei bai. Gauzak nola landu hasten zara pentsatzen, beste modu batera egingo zenituzkeela pentsatzen, alegia.
Era berean, elkarlanekin ere jarraitzen duzu. Zertan zabiltza orain?
Urte batzuk daramatzat Ai Do Projectekin [beste dantza konpainia bat da], eta batez ere konpainia honek indarra jartzen du alzheimerra duten pertsonekin lan egitean. Konpainia honekin tailerrak eskaintzen ditugu.
Node konpainiarekin ere banabil. Beraiekin hainbat pieza sortu ditut eta dantzari bezala nabil. Inguruan dagoen Idoia Hatxerekin ere banabil; Agurtzane Intxaurragarekin ere bai, antzerkitik datorrena. Beti gabiltza kontaktuan eta gauzak elkarri komunikatzen. Aukera dagoenean gabiltza elkarrekin lanean. Elkarlanerako modu hau aberasgarria izateaz gain, elkar zaintzeko modu bat da.
Joera duzu diziplina anitzekoekin egiteko lan?
Urteak joan dira dantzari ikasketa horietatik, non mugimendua eta gorputza ziren nagusi. Ordutik, gorputza beste toki batera joaten ari da pixkanaka. Adina ere bada hori. Mugimendu edo gorputz hori beste modu batera erabiltzen hasten zara, eta hori aberasteko edo osatzeko beste diziplinen laguntza beharrezko ikusten dut.
Aipatu dituzu gorputza eta adina. Aurreproiektu batean zabiltza, 40. bidegurutzean izenekoa. Hortik doa?
Hodei bat da oraindik. Non nagoen eta nora noan adin batetik aurrera kuestionatzen duen proiektua da. 40 urte pasatxo ditut eta galdera ikur asko daude.
Hausnarketak dira askotan zure obren sinopsiak. Zein erreferente dituzu?
Liburu batzuen bila joan beharko nintzateke [barre egin du]. Ez daukat erreferente zehatzik, orain asko jaten dut literaturatik eta lan gehienak irakurketa batetik abiatu dira. Alicia Kofen Hermano de hielo eleberriak markatu ninduen, eta pieza bat egin nuen baina beti presente egon da. Laura Beattyren La poda ere azken aldian gogoan dut.
Inguruan ditudan kideak erreferente dira ere ikusita nola egiten duten lan, nola saiatzen diren beraien mugak hausten eta gauza berriak egiten. Maite Arroitajauregirekin hasi nintzen bere garaian, eta orain ikusten dut Maitek zer lan egiten dituen eta niretzako erreferentea da. Agurtzane Intxaurraga ere bai, antzerkitik dator eta agian oraintxe bertan bere lan egiteko era edo hizkuntza artistikoak oso ezberdinak dira, baina niretzako erreferente bat da ikustea nola borrokatzen duen bere lanagatik emakume eta ama izanik, eta gaineko motxila guztiekin nola borrokatzen jarraitzen duen.
Jiro Taniguchi: «Egunero gertatzen diren gauza txikiekiko atxikimendua sentitzen dut. Arretaz behatzen ditut eta pertsonek arretarik jartzen ez dieten alderdi hutsalak birsortzen ditut»
Irakurri duzun hori niretzako mundu oso erakargarri bat da. Batzuetan oharkabean bezala pasatzen dena, batez ere gaur egun daramagun abiadurarekin. Batzuetan, gelditzen garenean eta arreta jartzen hasten garenean, gauza txiki horietan sor daiteke poetika handi bat. Hori oso polita da. Gutxirekin zenbat esan daitekeen…
Inprobisazioak leku handia du zure lanetan. Hiru-n, esaterako, inprobisazioa zegoela baina ez zela librea esan zenuen. Zein harreman da inprobisazioarekin duzuna?
Inprobisaziora iritsi naiz ez inprobisazio irekitik, ez gauzak memorizatu eta lotzetik, baizik eta landu baina gero lanketa horretatik momentuan eraikitzetik. Hori da azkeneko urte hauetan egin dudan lanketatik atera dudan konklusioa. Nire bilaketa izan da: nola egon dantza edo lan bat aurkezten duzunean artista edo dantzari bezala. Eszenan nola aurkezten garen, alegia.
«Nire bilaketa izan da nola egon dantzaria dantza bat aurkeztean»
Bestetik, Hiru lanekoa bada inprobisazioa. Momentuan sortzen da mugimendua, baina ez da libreki inprobisatua, atzetik badagoelako egitura bat zeinari eusten dioten dantzariek. Inprobisazioaren lanketa hau dator dantzarien presentzia nola landu nahi izate horretatik. Gauzak buruz ikasten dituzunean eta automatikoki espresatzen dituzunean badago interpretatzea, eta eraman zaitzake sentsazio batzuetara, edo badago momentuan sentsazio ho- riek bizi ahal izateko aukera. Hor dantzariek dute protagonismoa, elkarri entzuten diote, adi daude… Momentu horretan dantzaria ez da dantzaria, dantzaria pertsona da. Horrek engantxatzen dit.
Nunavut-en ikuslea oholtza gainera igotzera gonbidatu zenuten.
Hori artista eta publikoaren arteko muga hori lausotzera dator, behintzat maila horizontal batean jartzera. Gonbidatu gabe sartzera, batzuetan publikoarentzat ere badelako arrotza zuzenean parte hartzea. Ni neu publiko naizen heinean ere batzuetan ikusle bezala egotea gustatzen zait, baina bai, gertutasun hori indartzea litzateke asmoa.
Hausnartzen egoten zara zein behar duen izan dantzaren lekuak?
Pieza bakoitzak izan beharko luke bere lekua. Azala sorkuntza espazioan nengoenenean, Idoia Zabaletak koordinatzen duena, Nunavut proiektua kalerako ikuskizun bezala nuen, probokatu nahian. Gaur egungo programazioan kalean egiten diren dantza ikuskizun denak 10 edo 15 minutukoak dira. Normalean programazio orokorreko dantzak pieza motzak, azkarrak, oso mugituak, erakargarriak eta horrelakoak dira. Eta nire buruari esaten nion: «Zergatik bakarrik hori? Zergatik ez beste aukerak?». Orduan, ideia zen Nunavut izatea kalerako dantza pieza luze bat, publikoari eskainiz hori ikusten egoteko denbora tarte luzeago bat. Idoia Zabaletak momentu batean esan zidan: «Baina ongi pentsatu duzu zein tokitan egin? Kalean, non?». Nik hori ez nuen pentsatuta. Ez nuen pentsatu aukera neukala hori pentsatzekoa ere. Horren harira esan nuen, «badago aukera». Benetan momentua iristen denean zein aukera dauden aztertu behar da, errealitatea zein den ikusi. Egon beharko luke aukera bat egiten duzun pieza hori non aurkeztea gustatuko litzaizukeen ere pentsatzeko.
Proiektu batetik bestera, narrazioen gaietan badago haririk?
Komunikazioaren ideia da haria, nola elkar komunikatzen garen, zer den elkar komunikatzea… Elkar komunikatzeko behar hau nola gauzatzen den. Hori hari ikusezin bat bezalakoa izan da, lotu izan dituena proiektu guztiak.
Laburbilduz, Nire azalean arrotz, nik sortutako lehen pieza, norberak norberarekin ditugun komunikazio, konexio edo identifikazio horretatik abiatu zen. Gero, Mutu-n hiru pertsona ginen eszenan eta hiru horien artean sortzen zen komunikaziozko triptiko bat.
Hari horretatik sortu da Hiru. Kasu honetan bai zela pieza bera komunikazioan oinarrituta zegoena, dantzariek momentuan eraikitzen zutelako pieza; nola elkar ulertu eta nola elkar adierazi dantzaren bidez.
Nunavut ipuinetatik sortu da. Ipuinak beti izan dira niretzat oso erakargarriak, hor biltzen direlako bi munduak, haurrena eta helduena. Hor elkar ulertzen gara, haurrak heldua, eta helduak haurra.
Dokumentuaren akzioak