Dokumentuaren akzioak
Gorputz zuriak dantzan
Gasteizko antzerki jaialdian beti egoten da dantza emanaldiren bat, eta aurten Brasilgo Quasar konpainia izan da gonbidatua Só tinha de ser com você ikuskizunarekin.
Emanaldia erabateko isiltasunean hasten da, zazpi dantzarien gorputzak
behegainean etzanda daudela, eta geldiro-geldiro mugitzen hasten dira,
lo edo uretan baleude bezala.
Hasierako isiltasuna, baina, laster bihurtzen da musika, Elis
Reginaren ahots politaren bidez, eta bitartean nabaria izan da kalitate
handiko konpainia baten aurrean geundela. Bitxia bada ere, saioen
arteko trantsizio leun-leunek erakarri dute nire arreta beste ezerk
baino lehen, zeren eta koreografiak zati asko ditu -Elis & Tom diskoaren
kantak eta haien arteko etenaldiak bezainbeste- eta funtsezkoa da atal
batetik besterako pausuak ahalik eta suabeenak izatea emanaldiari
batasuna emateko.
Bigarrenik, mugimenduaren kalitateari erreparatu diot, eta
han garbi geratu da malgutasun neurtua, dotorezia lasaia eta
akrobaziarako gaitasun dosifikatua direla Quasar konpainiako dantzarien
ezaugarririk nabarmenenak. Hala ere, dantzarekin batera beste elementu
batzuk egon dira, eta haien artean argiztapen diseinu miresgarria
aipatuko nuke -amaierako urdin apurra kenduta, zuria izan da jaun eta
jabe argietan- eta baita ere jantzien erabateko zuritasuna, Brasilgo
afrikar tradizioari jarraiki agian.
Dantzariak, bestalde, elkarrekin kontaktu fisikorik izan gabe
ibili dira ia denbora guztian, bakoitza bere mugimendu esferan preso
balego bezala, eta horrek areagotu egin du piezaren hoztasun
sentsazioa.
Arestian esan bezala, Elis Reginaren ahotsa da emanaldiaren hari eroalea, eta bossanova-ren
garaiko Tom Jobimen kanta malenkoniatsu eta delikatuek kontraste egiten
dute proposamenaren araztasun abstraktuarekin. Baina bitxia bada ere,
hori berori gertatzen da Jobim eta Regina konparatzen baditugu, duela
berrogei urteko kanta edulkoratuek oso eite garaikidea hartzen dutelako
Reginaren estilotik igaro ostean.
Koreografiaren diseinuak, ordea, ez du aparteko emoziorik
transmititu, eta balizko emozio bakarra esandako diskoko musika eta
hitzetatik etorri da, edo bestela, dantzarien solo eta duo
ikusgarrietatik. Hala ere, saioetariko batzuetan mugimenduak batere
asmorik gabea zirudien, dantzari bakoitzaren distira erakusteko
diseinatuta balego bezala eta, aukeran, nik nahiago izan dut musikarik
gabeko pasarteetan sortzen zen giro misteriotsu eta iragarlea.
Dokumentuaren akzioak