Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputz ororentzako bilgunea

Dokumentuaren akzioak

Gorputz ororentzako bilgunea

Gaur hasiko da Inmediazioak arte eszenikoen jaialdia.

Azaroaren 20an bukatuko da
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/11/13
Lotura
Berria

Ez da soilik dantza. Performanceak, musika, zinema, artea eta antzerkia; denek izanen dute tokia Inmediazioak arte eszenikoen eta dantza garaikidearen jaialdian. Hirugarrenez antolatu du Belar Gorria elkarteak, eta Iruñerriko hainbat gunetan izanen dira emanaldiak, gaur hasi eta azaroaren 20ra arte. Nazioartean izen onekoak diren hemengo eta kanpoko artistek sortutako hamasei proiektu aurkeztuko dituzte zazpi egun hauetan. Gorputz oro izanen da jaialdiaren izenburua.

Uharte zentroan egin dute aurkezpena, han hasiko baita jaialdia, gaur arratsaldean. Laida Azkona dantzaria da jaialdiko zuzendarietako bat. Esan duenez, Iruñean «zoritxarrez» ezezagunak diren artistak bilduko ditu jaialdiak. «Egitaraua nazioarteko eszenaren adierazgarri da, nahiz eta artista gehienak hemengoak izan, eta lengoaia eszeniko berrien programazio ildoari jarraitu diogu». Hala, Iruñeko eta Nafarroako ikusleak erakartzeko beharra nabarmendu du.

Egitarauarekin kontent azaldu da Azkona, eta oso ona dela azpimarratu du. Hiru dantzarik antolatzen dute, Azkonarekin batera Elisa Arteta eta Ghislaine Verano aritzen baitira zuzendaritza lanetan. Baina dantzariaren «ohiko aurreiritzia» hautsi nahi dutela azaldu du. Arte eszenikoen transdiziplinartasuna azaltzea da helburua. «Artista anitz daude eremu askoz ere hibridoagoetan, eta oso lan interesgarria da. Batzuetan eskuragarriagoa da, haien formak ez direlako hain hermetikoak, hain urrunak, baina hiritarrek ez dituzte ezagutzen». Dantza jaialdia da, dantza baita egitarauaren erdia baino gehiago, baina ez hori bakarrik. Argi utzi du hori zuzendariak.

Hazten ari da

Egitaraua aurkeztearekin batera, jaialdia hazten eta sendotzen ari dela nabarmendu du Azkonak. Bi urtean behin egiten da jaialdia, eta era esponentzialean hazi da. Lehenbiziko jaialdia mila euroko diru laguntzarekin egin zuten, lagun baten lokalean. Bigarrenean «heldu» bihurtu ziren: Espainiako artistak gonbidatu zituzten, baina ez zuten oraingo laguntzarik. Aurten hainbat alorretan hazi dira: zazpi egun izanen dira —aurrekoetan baino gehiago—, eta jarduerak egonen dira egunero. Nazioarteko artista gehiago daude, eta, gainera, Azkonak nabarmendu du sarean hazten ari direla. Adibidez, toki gehiagotara zabalduko da: Uharte zentroan, Civibox zentroetan eta Ziudadelan ez ezik, Atarrabiako kultur etxean, Baluarten, Gaiarre antzokian, San Anton galerian eta Subsuelo tabernan izanen dira jarduerak.

«Egitarau oso luzea dugu aurrekontu oso laburrarekin aurrera eramateko». Jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, horregatik da hain garrantzitsua sarean egindako lana. «Jendeak lagundu nahi du, eta aukera asko daude. Kultura sortzeko eta kudeatzeko modu berria da: batzuek dirua dute; beste batzuek, tokia, eta beste batzuek, ideiak».

Testuinguru horretan abiatuko da jaialdia, gaur. 19:30ean izanen da hasiera ekitaldia Uharte zentroan, eta sarrera doakoa da. Leire Urbeltz ilustratzaile eta marrazkilariaren eta Lander Fernandez de Arroiabe argazkilariaren lanarekin hasiko da: Cementerio erosionado de las sillas (Aulkien hilerri higatua). Ondoren, This Movie film dokumentala jarriko dute, Marcos Simoes eta Sara Manenteren proposamen kolaboratiboa. Bukatzeko, Andres Galeano eta Ieke Trinksek sortutako performancea izanen da ikusgai: Step by Step (Urratsez urrats).

Erakusleihoa

Hain zuzen ere, Galeano jaialdiaren aurkezpenean izan da, beste bi sortzaile eta parte hartzailerekin batera: Naiara Mendiorozekin eta Txalo Toloza-Fernandezekin —Roger Bernaten zuzendari laguntzailea—.

Galeanok koreografia kontzeptual bat aurkeztuko du. Silvia Marco eta Josune Castellot jarriko ditu dantzan. «Tutorialari buruzko hausnarketa da. Koreografia bat hiru urratsetan nola egin azaltzen du, Internet eta kopiatu-itsatsi teknika erabiliz». Dantzariek mugimenduak bilatuko dituzte Interneten, eta probak egin eta duo bat sortuko dute.

Mendiorozek, berriz, Bi hots deitutako lana aurkeztuko du, Javier Murugarrenekin batera sortutakoa. Txalaparta eta hang musika tresnak buruz buru jarriko dituzte, tradizionalaren eta berriaren arteko nahasketa irudikatuz. Dantza tradizionala eta garaikidea ere nahastuko ditu lehenbiziko parteak, baina bigarrena kontzertua izanen da batik bat.

Bernaten obra haren zuzendari laguntzaileak azaldu du prentsa aurrean. Antzerkia da, baina ez dago aktorerik. «Publikoak ikuskizuna egin dezan, dispositiboak prestatu ditugu». Dominic Public galdera-erantzunean oinarritutako ikuskizuna da. Gazteentzako bertsio bat ere badago. Gainera, euskaraz eta gazteleraz izanen da, ikusleak aukeratzen duen hizkuntzan, baina dena batera. Bestalde, Numax-Fagor-Plus lana eskainiko dute, kooperatiben inguruko hausnarketa.

Hiru horiek eta gainontzeko lanak erakustearen helburua herritarrak eta administrazioa arte eszenikoaren mundura erakartzea izanen da batik bat. Toloza-Fernandezek azaldu du beharra: «Iruñeko jende asko dabil atzerrian lanean; zoritxarrez, kanpoan hemen baino babes handiagoa dute».

Naiara Mendioroz, Andres Galeano, Laida Azkona eta Txalo Toloza-Fernandez, jaialdiaren aurkezpenean.

Naiara Mendioroz, Andres Galeano, Laida Azkona eta Txalo Toloza-Fernandez, jaialdiaren aurkezpenean. INIGO URIZ / ARP

Dokumentuaren akzioak