Dokumentuaren akzioak
Gorputz hotzen nortasuna aurkitzea xede
Bideoa eta dantza uztartu ditu Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak '3600' obran; gaur estreinatuko du Barakaldo antzokian
Mugimendua iradoki baina gorputzak ezkutuan mantentzen dituen bideo irudiekin abiatzen da pieza, eta 3.600 segundo irauten du. Irudiak. Eta irudi gehiago. Mugimendua eta akzioa. Baina non daude dantzariak? Noiz aterako dira agertokira? Egonezina eragin nahi dute Arrietak eta Ramosek ikusleengan. Dantzariak ikusteko irrika sortu. Eta orduantxe azalduko dira bi gorputz Fernando Hurtado dantzaria eta Arrieta bera oholtzara. «Argiztapenaren bidez, hasieran, gorputz atalak soilik identifikatzen dituzte ikusleek, eta poliki-poliki, gorputzaren hizkuntza fisikoa dela bide, dantzariek beren aurpegiak erakusten dituzte; gorputz teknikoek bidea ematen diete pertsonen izaerei, egiazkotasunari», azaldu du Arrietak.
Nortasuna indartzeko jantziak
«Espazio itxuraldatuan» ariko dira Arrieta eta Hurtado, «gorputzei nortasuna» ematen dieten jantziak soinean dituztela. Taula gainean dantzari bi izan arren, dantzari bakarra ariko da ikuskizunaren gehienean, «pertsona ikusteko modurik egokiena baita».
Ordenagailu bidez egin du musika Ramosek, Bingen Mendizabalen laguntzaz. «Osagai gutxiko musika da, elektronikoki oso manipulatua. Ez da naturala; are gehiago, oso agerikoa da bitarteko elektronikoak erabiliz eginikoa dela», azaldu du Mikel Laboarekin eta Ruper Ordorikarekin lan eginiko musikagileak. Ramosek sortutako musikak bi soinu alderdi ditu: «Hipnotikoa bata eta iradokitzaileagoa bestea». Begiratzeko plazerra du aldarri nagusitzat 3600 dantza lanak. Denboraren iragaiteak gorputzean uzten dituen ondorioei erreparatzeak dakarren gozamena; hau da, «3.600 segundoren ondoren gorputzek edukitako bilakaera. 3.600 segundo partekatzen ditugu ikusleekin, eta denbora tarte horretan informazio asko jasotzen dute taulan ari diren dantzarien aldetik; hala eta guztiz ere, datu horiek ez dira absolutuak, interpretazio ugari izan ditzakete. Azken batean, hainbat aburu eta proposamen kontrajarrirekin eratutako obra da 3600. Ez dugu begietatik sartzen den lan eder bat egin nahi izan, topikoak ez ditugu atsegin», argitu du Arrietak.
Dokumentuaren akzioak