Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputz biluziak

Dokumentuaren akzioak

Gorputz biluziak

'4 Seasons' eta 'Tragédie'

Jaialdia: Maitaldia. Konpainiak: Korzo Productions eta Olivier Dubois. Lekuak: Miarritzeko Kasinoa eta Gare du Midi antzokiak. Egunak: Irailak 7 eta 8.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/09/10
Lotura
Berria

Gorputz biluzien esanahia izan da protagonista Maitaldiaren asteburuko bi emanaldi nagusietan, eta batean zein bestean, haien bidez saiatu dira koreografoak giza kondizioaren misterioak azaleratzen.

Herbehereetako Korzo sorkuntza zentroan integratuta, Samir Calixto brasildarrak sortu du 4 Seasons lana. Bera ere ibili da protagonista Irena Misirlic serbiarrarekin batera, eta bien artean Antonio Vivaldiren Lau urtaroak-en berrinterpretatze bikaina oparitu digute, naturaren aldaketa etengabea gizakiaren patuarekin alderatuz. Zikin itxurako sare moduko banak jantzi ditu bi dantzarien gorputz ia biluziak, eta horrek are agerikoagoa egin du naturaren indarrekin bilatu den lotura.

Lerro paraleloen eraginez pentagrama itxura subliminala hartu du zoruak, bi dantzariak partitura baten notak balira bezala. Eta, egiatan, musika izan da protagonista, Harmen Straatmanek sorturiko soinu-bandak irakurketa erabat garaikidea egin baitu Vivaldiren maisulanaren gainean, instrumentuei sonoritate bereziak emanez, erritmoak nabarmen aldatuz eta soinu elektroniko leunak begirune handiz tartekatuz.

Koreografoak, anartean, ez du Vivaldiren partitura ilustratu nahi izan. Izan ere, inspirazio iturritzat hartu ditu jatorrizko lau kontzertuak, eta gehienetan bere keinu-diskurtso pertsonala sortu du jatorrizko musikatik abiatuta, indar-une batzuetan musikaren inflexioei men egin arren. Piezaren amaiera ere oso berezia egin zaigu, gizona eta emakumea bizitza fisikotik desagertu ostean berriz ere elkartuta ikusi ditugulako, argi-ilun batean, mundu honetakoontzat antzemanezinak balira bezala. Ikusleek hamar minutu luzez txalotu dute proposamena, eta dantzariek hunkituta eskertu dute publikoaren berotasuna.

Baina, zalantzarik gabe, Olivier Dubois konpainiaren Tragédie izango da Maitaldi honetako lanik ospetsuena, dantzari guztien biluztasuna dela eta. Kasu honetan ere giza kondizioaren azterketa izan da koreografoaren parioa eta, xede horretarako, bederatzina emakume eta gizon agerrarazi ditu, beren jatorrizko biluztasunean eta ikusleenganaino lerro zuzenetan ibilaraziz François Caffennek sorturiko soinu sakonaren pean.

Duboisek bere denbora hartu du barruraino sartzen den proposamen honen pausoak finkatzeko, eta hasierako erritmo latzaren mende egon gara emanaldiaren lehen ordu erdian, agian ikusleak ohitzeko dantzarien erabateko biluztasunera, hamar minuturekin nahikoa bazen ere. Hemezortzi gizon-emakumeen joan-jin etengabeekin batera, perkusioak bihotzeko taupadak edota denboraren iragaite geldiezina irudikatzen zuen, eta emeki-emeki, aldaketa minimalista batzuk gertatu dira dantzarien ibileran. Haietatik sortu diren erorketa eta giza multzoek ez dute eragotzi hasierako lerro zuzeneko ibilbideetara itzultzea, baina Caffenneren soinu-bandak jite zeharo psikodelikoa hartu ostean, giro sexual ia esplizituan sartu da proposamena, eta amaiera aldean anabasa luzeegi batean murgildu gaitu koreografoak.

Amaitutakoan ikusleak erdibituta geratu dira Duboisen ausardiaren aurrean: batzuek berehala utzi dute aretoa, beste batzuek ez diote batere txalorik eskaini, baina ikusle gehienek entusiasmoz eta zutik jarrita eskertu dute haiengan sortutako zirrara eta dantzari guztien kemen izugarria.

Dokumentuaren akzioak