Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Goizero barretan zure gorputza lantzeak badu zerbait erlijiozko»

Dokumentuaren akzioak

«Goizero barretan zure gorputza lantzeak badu zerbait erlijiozko»

Bere izenaren neurrira aritu nahi du Lucia Lakarra dantzari zumaiarrak, eta argi du maila horri eutsi ezin dionean utziko duela dantza. Ordura arte, baina, errutina zorrotza jarraitzen du egunero. Etzi Bilbon izango da, 'Euskaldunak eta dantza' ikuskizunean.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/10/17
Lotura
Berria

Ez da metafora bat; minaren gainean dantzatzen da Lucia Lakarra (1975, Zumaia, Gipuzkoa). Lehen kontsultan medikuak ohartu ez, eta urtebete eman zuen apurtutako behatzaren gainean puntetan. Bigarren kontsultaren ostean operatu zuten, baina mina ez zen erabat joan. Ez da sekula joango. Ohitu egin dela dio berak, eta ongi dagoela. Lehen baino malguago bihurtu dela urteekin, eta gustura dabilela dantzan. Beti bezain etereo, baita min gainean arituta ere. Nazioarteko balletean erreferentziazkoa da haren izena, eta ardura horri erantzun nahi dio. Municheko Operako Balleteko lehen dantzaria da, eta zorrotz eusten dio bere errutinari. Entsegu eta entsegu artean erantzuten die horregatik BERRIAren galderei. Telefonoz. Etzi izango da Bilbon, Euskaldunak eta dantza galan parte hartzen. Min gainean dantzan, eta arin.

Zer aukeratu duzu Bilborako?

Niri gustatuko litzaidake Romeo eta Julieta edo gisako ballet oso bat dantzatzea, baina oso zaila da hori. Konpainiak oso handiak dira, eta zaila da bidaiak antolatzea. Binako hiru pauso aukeratu ditut horretarako. Beltxarga zuria izango da lehen dantza; Beltxargen aintzira piezako zati bat. Klasikoa. Light rain eskainiko dut gero, koreografia amerikar akrobatiko bat, nahiko gauza modernoa. Eta zati dramatikoa izango da azkena: Kamelien dama-ren azken partea. Egun berean hiru rol dantzatuko ditut, eta nire lanaren hiru aurpegi eskaini.

Mundu osoan ezaguna da zure lana. Nola egiten diozu aurre ardura horri?

Mailari eustea da zailena. Lan handia egiten duzu gora iristeko, baina gero hor irauteko lan pila bat egin behar duzu. Eta beti duzu zer edo zer ikasteko. Uda gau bateko ametsa, esaterako, orain hamar urte dantzatu nuen azkenekoz, eta orain berriz dantzatu dut. Lehen baino hobeki sentitu naiz orain. Beste erraztasun bat daukat. Hamasei urte nituenean baino malgutasun handiagoa dut. Orduko bideo bat ikusi nuen aurrekoan nire amarekin eta senarrarekin [Marlon Dino dantzaria], eta senarra harritu egin zen: «Orain askoz gehiago igotzen dituzu hankak!». [Barreak].

Behatza hautsi zenuen orain bi urte.

Min nuen, baina medikuek ez zuten ezer ikusi. Urtebete eman nuen behatza apurtuta dantzatzen, izugarrizko minarekin. Gehiago ezin, eta medikuenera bueltatu nintzen. Orduan ohartu ziren apurtuta neukala. Bi operazio izan nituen duela urte eta erdi. Behatza desmuntatu eta atzera muntatu zidaten, eta burdin batzuez konpondu. Behatza ez dut polita, baina aguantatzen dut.

Mina joan zaizu, beraz?

Mina beti izango dut hor. Urtebetez behatza puskatuta dantzan aritzea ez da ona, eta sekulako artritisa daukat: 90 urteko andre baten behatza daukat. Pastillak ere ez zaizkit gustatzen, eta ez ditut hartzen. Ohitu egin naiz minarekin dantzatzera.

Galara ballet klasikoa eta modernoa eramango dituzu, eta landua duzu dantza garaikidea ere. Ikusten duzu etenik baten eta besteen artean?

Niretzat dena da dantza. Baina denok ez gaude dena egiteko. Nik nire gustua dut. Horrek ez du esan nahi beste estiloen aurka nagoenik. Egin ditut zati garaikideak dituzten balletak, eta ibili naiz belaunetako babesekin lurrean biraka. Gustatzen zait hori ere, baina ez dena. Ikusteko bai, baina dantzatzeko ez. Oso garrantzitsua da zeure burua ezagutu, zer gustatzen zaizun jakin eta horren arabera hautatzea.

Aukeratzeko aukera izatea da zaila.

Hala da, eta puntu horretan egoteko zortea dut nik. Urtero heltzen dira koreografiak konpainiara eta izugarri ederra da zer dantzatu hautatzeko moduan egotea.

Esan izan duzu inoiz interpretazioa dela gakoa dantzan.

Dantza ez da bakarrik mugimendu fisikoa. Horretarako gimnasia dago. Dantza da arte bat. Eta eduki behar ditu sentimenduak, emozioak eta interpretazioa. Eta hori gustatzen zait niri. Hori da ederra: une bakoitzean pertsona ezberdin bat izatea.

Noiz arte jarraitu nahi duzu?

Ahal dudan arte. Dantza nire bizitza izan da beti, txiki-txikia nintzenetik. Niri dantzak poza ematen dit. Baina nik nahi dudan maila manten dezakedan bitartean bakarrik jarraituko dut dantza. Ez nuke nahi luzeegi jarraitu eta jendeak esatea jadanik ez naizela garai batean nintzena. Nahiago dut ongi nagoela utzi. Ez dakit noiz helduko den momentu hori, baina espero dut urte asko falta izatea.

Ikuskizuna ongi joanda ere, hurrengo egunean lanera joaten zarela diozu beti. Berdin-berdin egunero?

Bai. Zer edo zer ongi ateratzen denean pozik egoten naiz, baina hurrengo egunean barretara itzuli behar duzu. Beste egun bat da. Nik badakit nola landu nire gorputza, eta egunero egiten dut. Berdin du lan eguna edo festa eguna den. Momentu erlijioso bat da. Han zaude zu, han zure barra, zure muskuluak, zure gorputza... Dena landu behar duzu horrela dantzatzen jarraitzeko, eta gustura egiten duzu. Gure bizitzaren parte bat da hori. Jendeak gosaria hartzen duen bezala, gu gure barrara joaten gara.

Bilbon izango zara etzi. Baina oraindik zaila da hemen dantzatzea?

Bai. Pena da. Euskal dantzari piloa dago munduan. Ez dakit nondik datorren, baina badugu zerbait dantzarako ideala dena. Pena da Euskal Herrian bertan dantzatzeko aukerarik ez egotea. Nik badakit zer den dantza gustatzea, baina baita hamahiru urterekin etxetik alde egitea ere. Ez da erraza. Agian badaude dantza ikasi bai, baina familia lagatzeko gogorik ez dutenak. Benetan garrantzitsua litzateke hori konpontzeko zer edo zer egitea. Izugarrizko dantzariak daude munduan, eta horiek Euskal Herrian bilduz gero, izugarrizko konpainia ona osatuko litzateke. Amets bat da.

Lakarra. /

Lakarra. / Marisol Ramirez, ARP

Dokumentuaren akzioak