Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Goizaldik 75. urteurrena ospatzeko programa prestatu du

Dokumentuaren akzioak

Goizaldik 75. urteurrena ospatzeko programa prestatu du

Egilea
Inaxio Esnaola
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/01/25
Lotura
Irutxuloko Hitza
Goizaldi_agerraldia
(Argazkia: Donostiako Udala)

1948ko otsailaren 2an egin zituen lehen urratsak Goizaldi dantza taldeak. Kandido Pujana Telleria (Ordizia 1905 – Donostia 1985) maisua izan zen sortzailea. Ordutik 75 urte pasatu dira, eta urteotan guztietan Euskal Herri osoko dantza nagusiak ezagutzera eman dituzte Donostian eta munduko hainbat txokotan.

75. urteurrena ospatzeko, askotariko omenaldi eta ekitaldiak antolatu dituzte. Hauetako batzuk, dantza taldeko egungo dantzariek egingo dituzte, eta beste batzuk Goizaldiko dantzari ohiek. Horrekin batera, Euskal Herriko eta atzerritik etorritako taldeek parte hartuko dute ospakizunetan.

2023ko Goizaldiren 75. urteurreneko programa

  • Otsailak 2. Omenaldia Grosen taldearen sorreraren 75. urteurrenean. Ezpata Dantzarien prozesioa egingo da Goizaldiko egoitzatik Grosera. Euskadi plazan 75. urteurreneko oroigarriaren ezarpena eta ezpata dantza.17:30ean Goizalditik irtengo da ezpata dantzarien prozesioa; dantzari eta dantzari ohiez, eta musikari eta musikari ohiez osatutako taldea izango da. 17:45 ingururako Euskadi Plazara iritsiko dira, eta bertan Ezpata dantza dantzatuko dute. Jarraian, 75. urteurrenekoaren oroigarria inauguratuko da. Goizaldik 25 eta 50. urteurreneko oroigarriak ere baditu bertan eta hauen ondoan kokatuko da. Ondoren omenaldia egingo zaie Goizaldiko kideei eta agurra dantzatu. Amaitutakoan, Goizaldiko egoitzara itzuliko da ezpata dantzarien prozesioa.
  • Maiatzak 1. Emanaldia Viktoria Eugenia antzokian. Bizkaiko Gaztedi, Arabako Adurtza, Lapurdiko Begiraleak eta Otsagabiako dantza taldearekin batera, probintzia bakoitzeko jatorrizko euskal dantzen ikuskizuna egingo da.
  • Ekainak 23. San Juan bezperako soka dantza. Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak izango dira sokako gonbidatuak.
  • Abuztuan, Aste Nagusiko emanaldia. Dantzari eta musikari ohiekin batera urtean zehar egingo den emanaldi bereziena izango da. EITBk grabatu egingo du. Plaza Berrian izango da.
  • Irailean, Euskal Jaia. Donostiako dantza taldeekin batera Goizaldik gidatutako jaialdia antolatuko da.
  • Urriak 7. Euskal Herriko Dantzari Eguna. Goizaldiren 75. urteurrenaren harira, ospakizuna Gipuzkoako hiriburura ekarriko dute Goizaldi dantza taldeak eta Euskal Dantzen Biltzarrak.
  • Irailaren 15etik urriaren 15era. Erakusketa Okendo Kultur Etxean. Goizaldi Dantza Taldearen historia errepasatuko duen erakusketa.
  • Azaroan, bazkideen urteko bazkaria. Goizaldiko dantzari, musikari, dantzari-ohi eta musikari-ohiek urteroko bazkaria egingo dute.

Programako ekitaldi eta omenaldiez gain, beste hainbat ekintza ere egingo ditu taldeak urteurrena ospatzeko. Horien artean txertatuko litzateke aurreko hilabeteetan egindako logo lehiaketa, 75. urteurreneko poltsa, niki eta pinen salmenta, web gunea berritzea, dokumentalaren grabazioa eta azken 25 urteak idatziz laburbilduko dituen liburuxka.

Goizaldiren historia

Gipuzkoa hainbat euskal dantzaren kabi izan da. Juan Inazio Iztueta Etxeberriak (Zaldibia 1767 – 1845) Gipuzkoako dantzetan maisu handiak, dantza horiek dantzatu ez ezik besteei ere erakutsi zizkien, eta gogo handiz aritu zen dantza taldeak antolatzen. Horrez gain, 1824an dantza horien era eta aniztasuna liburu batean idatzi zituen, Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condairak; liburu hori hartzen da, hain zuzen ere, gaur egun Gipuzkoako Dantzen erreferentzia nagusitzat. Iztuetaren ondoren, Juan Antonio Olano (Zaldibia 1821 – Ordizia 1882) eta Jose Lorenzo Pujana (Ordizia 1868 – Donostia 1947) eta Kandido Pujana Telleria (Ordizia 1905 – Donostia 1985) aita-semeek hartu zuten dantzak irakatsi eta zabaltzeko ardura.

Kandido Pujanak erakutsitakoaren harian 1948an Goizaldi Dantzari Taldea sortu zen Donostiako Dantza Eskolatik; hasiera batean Kandido Pujana maisuaren taldea izan zena, geroago Goizaldi izena hartuko zuena. Taldearen lehen emanaldia 1948ko apirilaren 25ean izan zen. Harrezkero, Gipuzkoako dantzez gain, Euskal Herri osoko dantza nagusiak ikasi eta erakutsi ditu bai Euskal Herrian bai mundu osoan. Euskal Herritik kanpora hiru aldiz irabazi zuen Dantza tradizionaletan munduko Sari Nagusia: 1956an Galesen, 1960an Caceresen eta 1961ean Normandiako Gisorsen. Donostiako brontzezko dominarekin saritua ere izan da, eta 1999an Donostiako hiritar merezimenduaren domina jaso zuen.

Dokumentuaren akzioak