Dokumentuaren akzioak
Goitik datorkigun soka
Fureurs
Aurtengo Dantzaldiaren bigarren emanaldian Fureurs (Amorru biziak) ikuskizuna aurkeztu du Angersko LEsquisse konpainiak. Joëlle Bouvierrek Régis Obadiarekin batera duela hogei urtetik gora zuzentzen duen konpainia Frantziako zentro koreografikorik nagusienetariko bat da, eta maila horren araberakoa izan zen Euskalduna jauregira ekarritakoa.
Antigonaren tragedian oinarritutako lan hau oso era ikusgarrian hasten da. Aurreneko irudia neska batena da. Soineko luzea darama eta badirudi hegaz egiten duela bira luze eta zabalak emanez sabaitik datorren sokatik eskegita, behegaina ia-ia ukitu barik izugarrizko jauziak eta lasterketak egiten dituen bitartean.
Egia esan, soka bakarti horrek irudikatzen ditu hobekien patuaren esangura eta mamia. Sokarekin jolasten da Antigona, libreki hasiera batean, sokaren bitartez kontrolatzen dute gizonezkoek Antigonaren zoria, eta Antigonak berak desmuntatuko du destinoaren mekanismoa sokatik tiratuz, nahiz eta azkenean ezinbestekoa berriz etorri, ohiturari eta aginteari ezetz esan zien emakumea zapaltzeko.
Lanean zehar zenbait erreferentzia daude Sofoklesen obraren inguruan, hala nola Antigonaren neba bien gorpuek jasotako tratu desberdina tragediaren sorburu dena edota protagonistaren amaiera tragikoaren irudia. Jakina denez, argumentu ezagun bati jarraitu beharrak nolabaiteko zama izaten da dantzak behar duen altuera hartzeko, baina kasu honetan oso emaitza interesgarria lortu du Bouvierrek, dantzaren alderdi fisikoak, elementu eszenikoak, musika eta berbaldiak maisuki elkarlotuz. Alde horretatik, oso aberasgarria da mezuaren gogortasunaren eta mugimenduen atsegintasunaren arteko kontrastea.
Baina Bouvier ez da Antzinatasun klasikoaren mugetan geratu, egungo garaietara hedatu baitu tragediaren edukia, Mediterraneo aldean hain tipikoak diren keinu komunikatiboak erakutsiz, Balkanetako musikak erabiliz, Mazedonia zein Greziako talde-dantzetako pasarteak tartekatuz eta dantzari bakoitzak esandako nortasun datuei hildako anai bienak gehituz.
Ildo beretik, bereziki adierazgarria da amaierako eszenan besaulki-patiorantz zuzentzea zoritxarreko sokatik eskegita dagoen fokuaren argia, akaso gu guztiok oraindik ere akusatzen gaituena.
Dokumentuaren akzioak