Dokumentuaren akzioak
Goirizelaiak irabazi ditu EHUko errektoretzarako bozak, ozta-ozta
Boto ponderatuaren %52,25 lortuta gailendu zaio Iñaki Goirizelaia, orain artean errektoreorde izandakoa, Marisol Estebani Ikasleen parte-hartzea nabarmen handitu da; maiatzeko %3tik %14ra igo da
Azken egunotan eginiko aurreikuspenak zuzen ibili dira: oso berdinduta
egon da bi errektoregaiek jasotako sostengua. Iñaki Goirizelaiari 5.416
lagunek eman diote botoa, eta Marisol Estebani, 4.350ek; boto
ponderatuaren sistemara bihurtuta, aldiz, honakoak dira portzentajeak:
botoen %52,25 Goirizelaiaren alde, eta %47,75 Estebanen alde.
Parte-hartzeari dagokionez, maiatzekoa baino altuagoa izan da hautesle
talde guztietan, baina bereziki ikasleen artean hazi da. Izan ere,
maiatzean ikasleen %3k eman zuten botoa, eta oraingoan %14,11k.
Espero bezala, Marisol Esteban gailendu da irakasle eta
ikertzaile doktore iraunkorren artean; boto ponderatuaren %51eko balioa
duen taldean, hain justu ere. Dena den, aldea ez da oso handia izan:
837 doktorek eman diote botoa Estebani, eta 782k Goirizelaiari.
Gainerako irakasle eta ikertzaileen artean nabarmen gailendu da
ingeniaria: 1.001ek eman diote hari botoa, eta 708k, berriz, Estebani.
Ikasleen multzoan ere alde handia egon da bi hautagaien artean: 3.024k
bozkatu dute Goirizelaiaren hautagaitza, eta 2.192k, berriz,
Estebanena.
AZPkoen artean aldaketa
Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) artean
gertatu da aldaketarik esanguratsuena. Marisol Estebanek irabazi du,
baina lau bozetako aldea besterik ez dio atera Goirizelaiari. Kolektibo
horrek ezezko biribila eman zion Perez Iglesiasi maiatzean; bere
hautagaitzaren aurkako botoak aldekoen ia bikoitza izan ziren orduan.
Sei hilabeteren ondoren, ordea, Perez Iglesiasen kontrako botoa eragin
zituzten auzi gehienak konponduta daude.
Marisol Estebanek irabazlea zoriondu eta segituan egin du
alde, adierazpenik egin gabe. Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure
Helmuga plataformako kide Koldo Calladok, berriz, «positibotzat» jo du
emaitza, haren ustez, unibertsitate komunitateak adierazi duelako «ez
duela Estebanen egitasmo atzerakoiarekin bat egiten». Perez Iglesiasek
zirrara handiz hartu ditu emaitzak, bere taldeko kide bati ez ezik,
adiskide bati emango baitio lekukoa Errektoretzan. «Zorionak Iñaki, eta
aurrera», esan dio. Hain zuzen, Perez Iglesiasentzako hitzak izan ditu
Goirizelaiak: «Pertsona bati eskaini nahi diot hau bereziki. Azken sei
hilabeteetan kritika asko jaso ditu, kritika bidegabeak, nire ustez.
Juan Ignacio Perez, garaipen hau zurea da».
Emaitzen berri eman ondoren, jai giroa nagusitu da EHUko
Leioako campuseko (Bizkaia) Areto Nagusian. Iñaki Goirizelaiaren bi
pasioek, unibertsitateak eta dantzak, bat egin dute haren seme-alabek
eskainitako omenaldian. Semeak aurreskua dantzatu dio, eta alabak lore
eskaintza egin. Mungian (Bizkaia) zuzentzen duen dantza taldea utziko
ez duela agindu du Goirizelaiak; errektore hautatu gisa lehenengo
arin-arina dantzatu zuen bart.
Dokumentuaren akzioak