Dokumentuaren akzioak
Goierriko hartza
PIRINIOETAN ez ezik, Euskal Herriko beste toki batzuetan ere badu oraindik protagonismoa har-tzak: Gipuzkoako Goierrin, adibidez. Seguran urtero Hartzaren Festa ospatzen da inauteriekin batera. Aurtengo ekitaldia ostiral honetan izango da, 18.30ean hasita.
Festa honek tradizio luzea du, baina 1936ko gerra ondoren debekatu egin zen inauteriekin zerikusia zuten gainontzeko ekitaldi guztiekin batera. Herriko zaharrenek gogoratzen dutenez, herritar bat hartzaz mozorrotzen zen ardi larruak erabilita. Zaindari batek herriko kaleetan zehar paseatzen zuen, gerritik soka batez lotuta. Animaliak jendea erasotzeko ahaleginak egiten zituen, baina zaindariak eutsi egiten zuen. Horretarako makil bat erabiltzen zuen. Hartza, basatia izanik, egonezinak jota, lurretik bueltaka ere ibiltzen zen. Ingurukoek "Hartza, hartza, hartza! Mariana, riana, riana!" oihuka-tzen zioten.
Hartzarekin batera dantzariak eta txistulariak joaten ziren. Herriko toki ezberdinetan geldi-tzen ziren Zahagi Dantza dantza-tzeko. Horretaz gain, kantu eskea egiten zen akordeoia joz eta abestuz, txistulariek inauterietako zortziko berezia jotzen zuten eta dantzariek honakoa abesten zuten: Ai zagie, zagie, zagie, ai zagie puztue! Ai zagie, zagie, zagie, ai zagie puztue! Aspaldi hontan ez haut jorratu, orain badauket premie!. Txistulariek jotzen zuten zortzikoa, berriz, galdu egin da.
esanahia
Udaberriaren etorrera
Festa honen jatorriari dagokionez, udaberriaren etorrerarekin lotua dago noski. Hartzak negua lotan igarotzen du eta urtaro berria iristen denean zulotik irteten da. Animalia honen esnatzeak neguaren amaiera eta naturaren berpiztea adierazten du. Euskal Herriko baserritarrek, azken aste luze eta hotzetan pasatako estuasunen ondoren, alaitasunez agurtzen zuten udaberriaren mezulari zen hartza.
Esaera zaharrak "martxoan irteten da hartza leize-zulotik" dio. Nekazariek beldur handiagoa zieten neguko azken egunetako hondar gaiztoei piztiei baino. Izan ere, otsaila amaieran jakiak agortzear izaten ziren.
Hartza eta zaindariak 1971ko San Joan jaietan egin zen (N. G. )
Dokumentuaren akzioak