Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gogoetak plazako generoaz

Dokumentuaren akzioak

Gogoetak plazako generoaz

Emakumeen Nazioarteko Eguna hautatu zuten kultur munduko hiru zuberotarrek plaza jokoetan emazteak duen rolaz beren gogoetak plazaratzeko. Egoera normalizatu baterako pistak ere eman zituzten.
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2019/03/15
Lotura
Iparraldeko Hitza

Joana Etxart pastoral idazle mauletarrak izenburu bat eman zion gaualdiko mintzaldi sortari: “Üda batez hotz zen”. Bere erranetan Zuberoako kultur jarduna uda betean delarik, sorkuntza andana bat plazaratzen den garai hauetan, “giroa hotz da, inguramena hotz izaten ahal zaigu”. Kultur jardun desberdinetan (pastorala, dantza, maskaradak) “emazteen lekua” zuten aipagai Marylin Recalt dantzari ohi eta dantza irakasleak, Joana Hoki maskaradetako kauter izanak eta Etxartek berak. Bakoitzak bere esperientziak kontatu, egoeraren analisia egin eta egoera normalizatu baterako pista batzuk eman zituzten berrogei bat entzuleren aitzinean, Mauleko Zinka ostatuan.

Txakurra aipatu zuen hastapenean Joana Etxartek, erranez “emaztearen lekua” kontzeptua bera ulergaitza egiten zaiola: “Konprenitzen ahal dut txakurraren lekua: ezkaratzean, arditegian, etxean, uzten da sartzen, eraman behar bada norabait non ezartzen da autoan: kofrean, edo gibeleko aulkian… Txakurraren lekua konprenitzen dut; baina emaztearen lekua ez dut konprenitzen”.

Dantza munduan deigarri izan daiteke emazteek duten edo ez duten lekua. Ezaguna baita aitzineko garaietan gizonak bakarrik zirela dantzan ari, baina gerora, emazteek zutela Zuberoako tradizioa zutik atxiki, ez zelarik dantzan aritzeko gizonik. Errana ez bada ere, Joana Etxarti iduri zaio —dantzan eta beste jardunetan— trantsizioa egiteagatik eskertu eta lekua hustea galdetzen zaiela: “Jin dira salbatzeko, orain eskerrik anitz, adio eta merci“. Dantzaria izan da, justuki, Marylin Recalt: “Baikorki bizi izan ditut eman zaizkidan paradak eta karguak, aitzinean ezarria izan bainaiz momentu batez. Atzematen dut hori ez dela gehiago agitzen”. Joana Hokik, berriz, “normal izan behar lukeena” bizi izan du, bi aldiz izan baita kauter maskaradetan. Beltzen artean, ez da ohikoa, baina ziur da neskatilek ahal dutela “beren lekua atzematen”.

Berrogei bat pertsona bildu ziren Martxoaren 8ko hitzaldira, Mauleko Zinka ostatura. J.E.

Gizona zentroan

Hizlariek sailka aletu zituzten beren gogoetak, bakoitzak bere aldi. 2017ko udan Altzai eta Lakarriko herritarrek taularatu zuten Joanikot pastorala idaztean jadanik gogoeta berdintsuetan ari zen Joana Etxart. Bechdel galdetegiaren printzipioak aplikatuz eraiki zuen, gisa batez, kontakizuna. Gizonen protagonismoa neurtzeko galdetegiak galdera desberdinak ditu: “Bi emazte elkarrekin mintzo badira, gizona ez den zerbait aipatzen dute? Gizon eta emazteak elkarrekin mintzo direlarik gizona ez den zerbaitez ari dira?”, besteak beste. Haurren liburuetan eta beste “orotan” aplikatuz gero, pastoralak barne, androzentrismoa nagusi da bere erranetan.

“Erranen didazue zerendako ez? Eta segur, gizonak ere interesgarri dira, eta bada istorio anitz kontatzeko gizonez. Ni jenatzen nauena da horren esklusibotasuna”, zehaztu zuen Etxartek. Istorioa beste gisaz asmatzea izan zen bere erronka.

Üda batez dantza ikuskizunerako testu bat eskatu zitzaiolarik ere, Etxartek ahalegin bera egin zuen. Albina narratzailearen pertsonaia “kargu inportantea” da, bi gizon gisa desberdinez maite dituena. “Albinaren maitasunak ikertzea zen” Joana Etxart interesatzen zuena Üda batez dantza ikuskizunarekin. Baina ikuskizun horretako pasarte batekin argitzen du gertatua: “Aipatu dudan hori zen ene eskema. Zer egin du koreografoak? Battle bat bi gizonen artean, testosterona battle bat, papoak bat besteari jotzen, eta Albina hor da [deus egin gabe]”.

Marylin Recalten erranetan neska eta mutilen arteko bereizketa sobera bada aitzindarien rolak banatzean. J.E.

Dantzaria dantzari

“Dantzaria dantzari da, emazte edo gizon izan baino lehen”, Marylin Recalten ustez. Dioenaz, dantzari batengan ikusi nahi dena begiratu behar da: “Puntua nola ematen duen eta nola atxikitzen duen gorputza (zuzen edo ez, besoak erabiltzen edo ez)”, gizon ala emazte den begiratu gabe. Alta, haren analisiaren arabera, dantza ederrak mutilentzat asmatuak lirateke; “Iduri eta publikoa boztariotzen dela ikustean gizonaren indarra dantzetan, nola gora jauzten den, nola largatzen eta beste. Sekula neskatila batek halako kalitateak baldin baditu, berehala publikoan entzuten da: ‘bai, baina mutiko egiten du hala dantzatzeak, ez da eijer, ez da femeninoa'”.

Bereizketa hori saihesteko, dantza irakasleak ardura duela gehitu zuen Recaltek. Haren erranetan, gizonezko irakasleak ohartzen ez direlarik emazteen esku gelditzen da “indar” egitea: “Behar dugu indar handia egin: ez da behar emazte bat mugatu dantza eleganteetara, puntu fineko dantzetara, puntu teknikoetara…”. Berdin aitzindarien dantza kargu edo rolak banatzean ere: “kargu bat ez da bestea baino femeninoago, behar diegu ikasleei irakatsi dantzaria dantzari dela: ez dela entseinaria mutiko, kantiniersa neskatila, oro zabalik dela orori”.

Dantzarietatik pastoraletako parte hartzaileetara jauzi eginez, Recaltek rol bat ukan zuten emazte batzuek “kargu bat badutela ez ikustea” kritikatu zuen: “Ikusi ditut emazteak dendariaren [jostunaren] ikustera joaten, erranez arropek ez zietela gorputzaren balioa nabarmentzen eszena gainean. Horrek erakusten du, halaber, emazteek ikusten dutela lehenik beren gorputzaren balioa nola nabarmentzen den beren karguan sartzeko partez”. Horretan ere “egin beharreko” lan bat ikusten du.

Aitzinatzeko pistak

Hitzaldietan, umorerik ere ez zen eskas. Plazako jokoetan emaztearen presentzia neurtzeko maneraz trufatu zen Joana Etxart: “2014: aurtengo maskaradetan, bada berrikuntza bat, badira emazteak. 2015: aurtengo maskaradetan, bada berrikuntza bat, badira emazteak… Urte oroz berrikuntza dena ari naiz berrikuntza denetz”. Plaza jokoetan emazterik badenetz edo zenbat baden ez zaizkio “galdera interesgarriak”. Bai, aldiz, “galdetzea neskatilei: zer nahi duzu egin? Eta zer baldintza behar duzu hori egiteko? Utziko zaitugu hobetzen? Tronpatzen ahalko zara?”.

Dantzetan, Marylin Recaltek publiko gisa ekar daitekeen begirada desberdina aipatu zuen: “Onar dezagun emazte indartsu batek dantza edo puntu indartsuak ematea eder dela, dantza menperatzearen marka dela, ez bere gizon aldearen ateratzea eta bere alde femeninoaren apaltzea”. Inportantea zaio, bestalde, talde gidari edo aitzindarietan “tradizio” maskulinoak utzi maisu gizonen artean emazteek behar dutela haizu izan, “aitzin kargu horien hartzeko ere”.

Aitzindari “bizar zuriak” ez ziren Zinkara agertu Joana Hokik ohartarazi zuenaz. Bere alorrean, maskaradetako beltzerian, normaltasun bat ikusten duela aipatu zuen, halere, baikor bukatzeko: “Ene ustez, gazteen artean hein bat normal bilakatzen ari da. Irudi zait zaharragoak ez direla prest, baina gazteak bai”.

Dokumentuaren akzioak