Dokumentuaren akzioak
Godoten esperoan daudenen hitzak eta dantzak
Beckett oinarri hartuta, dantza eta antzerki ikuskizuna aurkeztuko du gaur Iruñean Jose Lainez koreografoak
Abanguardiako ikuskizuna da berea, Lainezen hitzetan, eta bere
gisa aritu dela dio. Aske. Becketten testuak taularatu beharrean, haren
testuetatik «abiatutako irakurketa bat» da berea. «Emaitza? Ez dakit,
eta berdin zait, nik oso ongi pasa dut lan honekin. Jendeak gustuko ez
badu, haientzat okerrago».
Godoten Esperoan lana dago bere ikuskizunaren oinarria,
baina Eleutheria, Fin de partie (jokoaren amaiera),
Film izeneko lanetako eta zenbait antzezlan laburretako
pertsonaiak ere ageri dira taula gainean. Errepide ertzean jarri ditu,
horretarako, Godoten Esperoan laneko Vladimira -emakume
bihurtu du bere lanean Vladimir Lainezek- eta Estragon pertsonaiak.
Gunez aldatu ditu baina jatorrizko lanean bezala, zain pasatzen dute
denbora.
Lanean aurkituko ditu pertsonaia horietariko lau ikusleak
antzokira sartzerako. «Bainuetxe-geriatriko-zoroetxe baten moduko
zerbait da dekorazioa, antzokiaren zutabeak ezkutatzen ez dituena, eta
hor izango dira pertsonaiak lehen ikuslea sartzerako irriz, kantuan,
oihuka...». Baita zain ere. «Agerralditik agerraldira Estragon
agertokian esperoan gelditzea da ideia, hala, jendea heltzerako jadanik
esperoan egongo da bera».
Arriskuaz eta haren beharraz
Hamaika dantzari, aktore eta aktore-dantzari izango dira
agertokian Becketten hitzak antzezten eta Lainezek sorturiko urratsak
dantzatzen. Lanaren arriskuaz aritu dira Angel Sagues eta Asun Abad
aktoreak. Arriskuaz, eta beharraz. «Beckett eta dantza lotzea
arriskutsua izan liteke, baina egin beharra zegoela uste dut», dio
Saguesek. «Zinez uste dut ikusleak halako eskaintzak jasotzeko eskubidea
duela».
Gaiarre Antzokiaren Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren
arteko hitzarmenari esker sortu du Beckett 5 Lainezek, eta hari
esker ibiliko da hemendik aurrera Nafarroako Antzoki Sareko kultur
etxeetan zehar.
Dokumentuaren akzioak