Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizontasuna: kaiola emozionala

Dokumentuaren akzioak

Gizontasuna: kaiola emozionala

Egilea
Ane Olaizola
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2024/03/08
Lotura
Urola Kostako Hitza

Gizontasunak gizartean kokatzen du gizona, eta gizonak gizartean, bere gizontasuna. Gizontasun hegemonikoak gizon izateko modu bakarra eskaini izan dio tradizioz gizonari, baina abanikoa zabala da, eta berezko sentikortasunean aurkitu dute askok aterpea, norberarekin eta gizartean harremantzeko ikuspegi sanoagoa eman dielako horrek. Dena den, oraindik "asko" dago egiteko.

Ausarta, gogorra, indartsua, erabakitzailea, independentea, sexualki aktiboa eta arrazionala. Haserreaz harago, beste emoziorik adierazi behar ez duena; are gutxiago negar egiten duena. Ezaugarri horiek bete behar izan ditu tradizioz gizonak gizartean, hura "benetako gizon" izan dadin. Aitzitik, gizontasun hegemonikoak beren buruari zein emakumeenganako botere harremanetan eragiten dituen kalteen jakitun, gero eta gehiago dira eredu dikotomikoa hautsita kaiola emozionaletik ihes egitea erabaki dutenak. Ordea, oraindik gizonek lan handia dutela egiteko uste dute askok, haiek ere gizontasun eredu berdinzalearen bandera har dezaten.

Berezko sentikortasunez hitz egiten du Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) gizontasun ereduaz. Azken urteetan psikomotrizitatean eta barreterapian ondu du bere ibilbidea, baina maskulinitatearen gaian elikatzen ere badihardu. Hainbat iturritatik edan du gizontasun eredu "sanora" iritsi ahal izateko, barne mundu oso bat deskubritu baitu bere baitan. "Gizon izateak eragin dit barruko maskulinitatearen eta feminitatearen arteko oreka sanoa eraikitzen. Gizontasunak leku konkretu bat eman dit, eta barne lana egiterakoan, emozioak identifikatzen eta zaurgarritasunarekin bat egiten lagundu dit. Nolabait, nire burua baimendu dut etsitzen eta erortzen, gizon ikuspegitik".

Hain zuzen, bihotzari men egitea aldarrikatzen du azpeitiarrak gizonak bere "maskulinitate naturala" azalera dezan, eta, horretarako, barne lanketa beharrezkoa dela azpimarratu du hark: "Gizonen gizartean gaudenean eta gure pribilegio guztiak bermatuta ditu gunean, oso erraza da emozioetatik ihes egitea, denbora osoan ari garelako kanpoko estimuluekin ondo sentitzen. Baina gure bakardadean, izugarrizko aukera dugu emozioen ardura hartzeko". Haren hitzetan, "oskolaren atzean pertsonaia eraikia" dute gizonek, eta egoera horretan "eroso" daude, edo hori "sinistu" dute. Ordea, "ardurak hartzeko unea" dela azpimarratu du hark: "Bi aukera daude horretarako: guztia mugiarazten duen kolpe bat ematen dizu bizitzak, edo norbera bere barrura begiratzen hasten da eta ohartzen da ez dagoela eroso gizon gunean, ez delako hori hark benetan sentitzen duena; eta oso ausarta da hori egitea".

Bigarren aukera horri eutsi zion Beristainek bere berezko gizontasunari bide ematen hasteko. "Nerabe nintzela aitarekin harreman goxoa izaten nuela gogoratzen naiz. Oso eroso sentitzen nintzen berarekin, eta aldi berean, idealizatu egin nuen, seme-alaba guztiek beren gurasoak idealizatzen dituzten moduan. Ingurune horretatik nentorrela, kalera ateratzen eta gizonekin harremantzen hasi nintzenean, deseroso nengoen. Orduan, maskulinitatea lantzeko ardura hartu beharrean, alderdi femeninoa lantzen hasi nintzen. Emakumeen artean sentitzen nintzen eroso, han sentimenduez hitz egiteko lekua nuelako, baina prezio bat ordaindu nuen: nire gizontasun sanoa albo batera utzi nuen. Emaztearengan ere maskulinitate indartsua ikusten nuen, eta babestuta sentitzen nintzen". "Ihesbide" horretan bizi zela, alargun geratu zen Beristain, eta une hori mugarritzat du azpeitiarrak, egoera berriak "esku hutsik" harrapatu zuelako. "Hori gizonoi pasatzen zaigu: eroso gaude gizartean, baina geure burua arakatzen hasten garenean, galduta gaude. Ordea, emozionalki umezurtz geratzen zarenean, aukera ederra sortzen da lanketarako".

Pedagogia sistemikoak arreta berezia jartzen dio pertsonaren aurren-aurrenengo hartu-emanari: familiari. Beristainentzat ere oinarrizkoa da jakitea bakoitza nondik harremantzen den, hark jaso duena emango delako "eredutzat". Haren arabera, gizonak bere aitarekiko duen ikuspegia "giltza" da bere gizontasuna eraikitzeko: "Gurasoekiko izan dugun harremanaren arabera joango gara gure identitatea eraikitzen, eta gizontasunaren ikuspegitik, aitari nola begiratzen diogun izango da gakoa, gure gizontasuna hortik eraikiko dugulako. Pedagogia sistemikoak azaltzen duen moduan, gure aitarekin bakean gauden heinean joango gara gure gizontasun sanoa eraikitzen, aita izandakoa izanda ere". Era berean, azpeitiarrak berebiziko garrantzia eman dio pertsona bakoitzaren zaurgarritasunari, norbera egoera horretan azaltzen denean, hark ez duelako “alertan” egoteko beharrik. Haren ustez, bide horretan gizonek "asko" dute ikasteko, gizontasun zurrunaren "kaiola" puskatu nahi bada.

Gizarteak "baztertuak"

Aitor Aizpuruak (Zumaia, 1989) ere gizon izateagatik gizarteak ezarri dizkion rolek hertsitutako kaiolatik ihes egiteko borrokan dihardu. Haren arabera, gizon izateak sentiarazten duena gizartean adierazteko modua da gizontasuna, eta abanikoa "oso zabala" da. Egun, gizontasuna adierazteko "eredu alternatiboak onartuago" badaude ere, oraindik gizontasun "hegemonikoa" nagusitzen dela azpimarratu du hark: "Orain arte jaso izan duguna da gizonok ezin dugula izan ez femenino, ez ume, ezta marika ere. Hiru ezaugarri horiek dira geure hartu behar ez ditugunak, eta irakatsi digute horietatik ahalik eta gehien urrundu behar garela, modu horretara, gainera, gizartean sarituak izango garelako. Kontrara, gizontasun hegemonikotik urruntzen bazara, baztertu edo jazarri egingo zaituzte. Beraz, normala da oraindik joera hori nagusitzea".

Zumaiarra umetan hasi zen "deseroso" sentitzen gizontasunaren patroiarekin, horren kontzientzia beranduago hartu bazuen ere. "Txikitatik gustatu izan zait panpinekin jolastea, eta harremanak egiterakoan, nire afizioek nesken eremura gerturatu naute. Ez naizenez gizon maskulinoa izan, baztertua izan naiz, ez naizelako sartu moldean. Neskekin ibilita, gainera, nire jarrera are eta femeninoagoa bihurtu da, eta orduan, zapalketa are handiagoa izan da". Arrazoi horregatik, zumaiarrak azaldu du nerabezaroan "jazarpen homofobikoa" jasan zuela: "Ni izan naiz gure adineko marika, mutilak gustatzen al zaizkidan inork galdetu gabe. Zergatik? Femeninoa nintzelako".

Zumaiako Gaztelekuan hasi zen hura gizontasunaren gaia lantzen, eta bere bizi esperientzia ikasketa prozesutzat hartu izan du. Besteak beste, gaiari lotutako tailerrak eskaini izan ditu Gaztelekuan bertan, baina, gaur-gaurkoz, zumaiarrak dantzan ditu horretarako indarrak jarrita, esparru hori gizartean isla dela iritzita: dantza latinoen irakaslea da Aizpurua, eta haren arabera, arlo horretan "garbi" ikusten da "eredu heteronormatiboa nagusitzen" dela. "Oraindik, gizonek gizonekin dantza egitea oso zaila da. Ikusarazi nahi izaten dut bi mutilek lasai asko ahal dutela elkarrekin dantza egin, baina gizon bati eskatzen diodanean dantza egiteko, hasieran beti ukatu egiten du. Pedagogia egiten hasten naiz, eta galdetzen diot: 'Orduan, zertarako egiten duzu dantza, ligatzeko?'. Helburua dantza egitea eta ongi pasatzea dela adierazten saiatzen naiz. Batzuek onartzen dute gero dantza egitea, baina hasi ahala urduri jartzen dira, igartzen zaie segurtasun falta; deseroso egoten dira". Saltsa eta bachata irakasten ditu Aizpuruak, eta arrakalaren beste adibide bat dantzarien rolena dela azaldu du hark: "Bikote dantzetan, boterea duena eta bikotekidea gidatzen duena gizonezkoa denez, bere maskulinitatea ez da kolokan jartzen. Baina gizonari esaten badiozu alderantzizko rola hartu behar duela eta bere buruari amain eman behar diola, eskuak burura eramaten ditu. Saiatzen banaiz ere, ez dut lortzen gizonek jarraitzailearen rola hartzea. Dantzak agerian uzten ditu balio horiek".

Dantzan nola, gizartean ere hala "gailentzen" zaio gizontasun hegemonikoa emakumeari "gizonaren mesedetan", eta hori horrela den bitartean, botere harremanak "beti" jarraituko du egoten, Aizpuruaren arabera. "Zalantzarik gabe, gizontasun hegemonikoa emakumearen kalterako da; hori da oinarria". Dena den, errotutako gizontasuna gizonarentzat berarentzat ere bada mingarria, hark "une oro" erakutsi behar duelako bere maskulinitatea. "Indibidualki, bakoitzak bere gizontasuna adierazteko modua du, baina onartua izan dadin, beste gizonen aurrean gizarteak eskatzen dion modu horretara azaldu behar du hark gero. Oso adierazgarria da gizonek nola aldatzen duten jarrera bakarrik eta taldean daudenean. Gizartean erakutsi behar dute matxoak direla, indarra dutela, sexualki aktiboak direla... Eta demostratu beharrak presio handia eragiten du".

Bi aldeen ardura

Espainiako Fad Juventud fundazioak gazteek maskulinitatearen ikuspegi tradizional eta kontserbadoreagoarekin duten hurbiltasun maila aztertu zuen 2022an, eta galdetutako gizonen %41ek "gizontasunaren kaxatik kanpo" daudela esan zuten. Gizon gazteen %45ek, berriz, uste dute maskulinitate tradizionalarekin lotutako genero rolak ez datozela bat egungo gizartearekin eta horrek gatazkak sortzen dituela,  baina ez dute "argi azaltzen" horiekin amaitu behar dela. Aizpuruak badaki zer den gazteekin lan egitea, eta haren arabera, nerabeak gizartearen isla dira: "Denek dakite gizartean politikoki zuzenak izan behar dutela, baina praktikan, aurrez ditugun sinesmen eta heziketa matxistaren balioak ateratzen dira".

2022an, galdetutako gizon gazteen %41ek  "gizontasunaren kaxatik kanpo" dagoela esan zuten

Estereotipoak, rolak, pribilegioak... Gizarte berdinzalearen aldeko bidean ohiko oztopoak dira horiek, gizontasun hegemonikoarekin lotuta daudenak. Aizpuruaren ustez, zenbaitek oraindik "defentsiban" bizi dute gizontasunaren kontua, "erasotuta" sentitzen direlako. "Gizon askok ez dute ulertzen gizon izategatik pribilegio batzuk ditugula, eta niretzat, hori da zailena. Falta zaigu gure egoismotik atera eta kolektiboan pentsatzea, hortik etorriko direlako aldaketak". Ildo horretan, gizartean "lan handia" egiteko dagoela uste dute bi lagunek: "Emakumeak beren eskubideen alde borrokan ari dira, baina gizartea parekidea izan dadin, alde biek lan egin behar dute, eta gizonak hastapenetan baino ez gaude. Badirudi emakumeek etxeko lanak emateko zain gaudela, gizonok etxeko lanak egin ditzagun, eta hori da arazorik handiena, guztia mastekatuta emateko zain gaudela, guk onartu besterik ez dezagun egin".

Kolektiboaren eta sentsibilizazioaren indarrean sinetsita, biek hala biek garrantzitsutzat dute espazioak sortzea. Bide horretan, azken urteetan hainbat herritan saiakerak egin izan dira gizon taldeak sortzeko, eta Zarautzen, izurritera arte martxan egon zen Toka taldea. Hango kide izan zen Beristain: "Deskubrimendu bat izan zen taldea, beste gizonekin landu ahal izan nuelako samurtasuna eta falta zitzaidana: barne indarra. Begietara begira eta gizonetik gizonera hitz egiteak sekulako indarra sor dezake, eta bide ederra egin dezakegu".

Mikel Arakisek (Bergara, Gipuzkoa, 1982) ere gertutik ezagutzen du gizon taldeen egitekoa; zehazki, Ongiz Ezberdin elkarteak abian duen aiten taldeko kide da duela hamar urtetik, eta aitatasunari buruzko tailerrak ere eskaintzen ditu. Iaz Azpeitian eman zuen ikastaroa –aurtengoa bertan behera geratu da–, eta maiatzean, Zarautzen da eskaintzekoa. Saioetan egiten dutena azaldu du Arakisek: "Berdintasunaren eta erantzukizunaren onurak eta garrantzia lantzen ditugu. Gurasoengandik jasotako herentziari ere so egiten diogu, hortik zer  berreskuratu eta aldatu nahi dugun erabakitzeko. Genero estereotipoak, harremanak zein loturak ere jorratzen ditugu".

Gizonen pribilegioak ere lantzen dituzte, Arakisek jakin badakielako aita izate hutsa "pribilegioa" izan daitekeela. "Aitok erabaki dezakegu aitatasunean zenbateraino parte hartu, eta hortik sortzen dira pribilegio guztiak, aitek jakin badakitelako beraiek ez badituzte ardurak hartzen, bikotekideak hartuko duela horien zama". Aitatasun patriarkatuak emakumeari "lan karga" ezartzeaz gain, gizona "bakartu" egiten duela ere azaldu du Arakisek, eta zera gaineratu du: "Aitaren inplikazioari buruz galdetuta, gainera, pertzepzioa desberdina izaten da aiten eta amen artean; aitek uste dute nahiko parekideak direla, eta amek diote bien artean aldea dagoela".

"Gizonen gizartean gaudenean eta pribilegio 
guztiak bermatuta ditugunean, oso erraza da emozioetatik ihes egitea"

Adituek diote gizonek seme-alaben zaintzan eta hazkuntzan gehiago parte hartzeak maskulinitate eredua bera alda dezakeela; horretan bat dator Arakis, aitatasuna "une erabakigarria" delako gizonen bizitzan: "Emozioekin konektatzeko, enpatia garatzeko eta bikotekidearekin ditugun adostasunak berrikusteko une polita da; hau da, maskulinitatea berrikustekoa". Zehatzago esanda, gizonek "femenino edo infantil" ez izateko baztertu dituzten gaitasunak berreskura ditzakete, hala nola enpatia, maitasuna eta jolasa.

Pertsona "sanoagoa", "askeagoa" eta "osoagoa" izateko pauso izan dute, beraz, Beristainek, Aizpuruak eta Arakisek aldarrikatzen duten eredua.

Dokumentuaren akzioak