Dokumentuaren akzioak
Gizonezkoen alderdi anitzak
Kritika,'Bache'
Plastikozko lona berde handi batek betetzen du eremu eszenikoaren erdia. Haren azpian objektu handi batzuen formak antzeman daitezke, estatua handi baten oinarria eta isats-piano bat, besteak beste, eta ezkerraldean apalategi metaliko desordenatu batzuk ikusten dira. Arropa ez-formala janzten duten hiru gizonezkok behegaina garbitzen dute, erritmoan eta belauniko. Berdin antzera jantzita doan beste bat Guy van Nueten pianista izango da eta bere kabuz garbitzen duen bosgarrenak Steve Dugardin du izena. Kontratenorra da eta bien artean interpretatuko dituzte emanaldia edertzen duten Purcellen abesti bikainak.
Angustiaren gaia aztertu nahi duen lan honetako laugarren dantzari-pertsonaia lona berdearen azpitik agertuko da, angustia leku ezezagun batetik agertzen delako beti. Denbora batean oinak eta hankak besterik ez zaizkio ikusiko pertsonaia berriari, eta beranduago eskortzo eran dantzatuko du gehienbat, lau hankaka, burua behegainetik desplazatzen duela... Pertsonaia horrekin besteekiko elkarreraginak probokatzen dira eta gizonen arteko jolasak gero eta intentsitate handiagokoak izango dira, pianoren estalkira ere igoko dira, beste gauza harrigarri batzuen artean, eta lilura handiko akrobazia desantolatuak burutuko dituzte. Lanak, baina, gizonezkoen izaera kolektiboa du gai paralelotzat, eta nik uste dut arlo horretan inspiratuago ibili dela Koen Augustijnen koreografo eta dantzaria, natural-naturalak direlako lanean zehar hartzen dituzten gizon-jarrerak eta erakusten dituzten alderdi anitzak. Angustia eta gizon-izaera elkarri lotuta dabiltza, beraz, Augustijnenen ikusmoldean eta parametro horien baitan edertasun handiko pasarte asko eratu ditu, hala nola lona azpiko pertsonaia besteen gorputz eta eskuen gainetik dabilenean, erabateko isiltasunean, edota besteek haren gorputzarekin jolasten dutenean, bizirik gabe balego bezala.Akrobazia erakustaldi sinesgaitzak ikusi ditugu zenbait unetan, betiere arlo poetikotik irten gabe, eta haiekin batera gizonezkoen zintzotasun eta umoreari eskainitako pasarte alproja dibertigarriak. Azkenik, nabaria izan da talde koreografia laburretan norbanakoek erakutsitako lasaitasuna, kontua ez delako sinkronizazio perfektua erakustea, baizik eta bakoitzak bere askatasunetik denen ideia berean sinestea, denen artean sortzen den bikaintasun hori bakoitzak bere nortasunetik eraikitzea. Agus Perez
Dokumentuaren akzioak