Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizonena baino ez

Dokumentuaren akzioak

Gizonena baino ez

Lanonima Imperial konpainiak bikote harremanen gaineko obra estreinatuko du gaur Bilbon

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/02/12

Garciak orain arte landutako formatu handiko obrak baztertu ditu Lanonima Imperial Kataluniako dantza konpainiaren azken lana eratzeko. «Dantzarien emozioei garrantzi handia eman diet, hargatik sortu dut formatu txikiko obra, ezin zen beste era batekoa izan», azaldu du koreografo bilbotarrak. Cosa de hombres-en dantzari bi ageri dira oholtzan: Nikolaas Marckmann indonesiarra eta Glaub Charles da Silva brasildarra.



Garciak klasikotzat jotzen dituen dantza teknikak erabili dituzte; alta, ez diete uko egin egungotzat sailkaturiko mugimendu eta adierazpen formei. «Pertsona biren eguneroko bizitza kontatzen dute dantzariek, edozeinek egin ditzakeen gauzak egiten dituzte: ohetik jaiki, lan egin, hitz egin, maitatu, gorrotatu eta beste hainbat. Ondorioz, dantza teknikak jarduera horietara guztietara egokitu ditugu: dantzarien begiradetara, ukieretara, keinuetara...», azaldu du.



Eszenografia minimalista



Eszenografia minimalista du obrak; hots, Marckmann eta Da Silvaz aparte, ez da beste inor azalduko oholtzara. Soilik agertokiaren atzealdean paratutako pantailan proiektatuko den bideoko irudiek lagunduko dituzte beren gorputzen mugimenduak. «Hasierako irudiek kolore distiratsuko lore txiki batzuen bilakaera erakusten dute; harremanaren hasierako pasioaren erakusle dira. Ondoren, San Sebastianen irudiak proiektatzen dira; azken batean, homosexualitatearen inguruko iruditeria da dena, mundu horrek berarentzat propio sortutako estetika».



Bjorken, Tomas Luis de Victoria eta Chet Bakerren musikaren doinupean, Marckmannek eta Da Silvak kaleko jantzita egingo dute dantza. Garciaren hitzetan, «biluzik ere egin zezaketen, ikusleari beren barruko mundua inongo itzulingururik gabe erakusten baitiote, baina oso deserosoa da. Halaber, gorputzaren atalen mugimenduak nabarmentzeko, arropa beltz eta estua janztea beste aukera bat zen, baina obra errealista egin nahi nuen, eta horrek abstrakziorako bidea zabal zezakeen. Hala, dantzariek kaleko arropa janztea erabaki genuen». Dantzari biek beren arima biluziko dute jendaurrean; beren pozak, minak, kezkak eta bizipenak partekatuko dituzte ikusleekin. Eta haien gorputz biluziak pantailan azaltzearekin bat emango da dantzarien eta obra ikustera bildutako jendearen arteko elkarrizketako unerik gorena. Garciak ez du homosexualitatearen aldeko obra egin gura izan. «Ez da homosexualei begirako lana, ezta haien eskubideen alde eginikoa ere; esango nuke askatasunen garaia dela eta horrek ematen dizkidan aukera guztiak baliatu ditudala Cosa de hombres egiteko». Bilbon aurkeztu ondotik, Mexikora eta Italiara eramango du Lanonima Imperialek bere azkeneko lana.

Dokumentuaren akzioak