Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizon ugarik praktikatzen dute sabel dantza

Dokumentuaren akzioak

Gizon ugarik praktikatzen dute sabel dantza

Jaione Albeniz. (Ekialdeko dantzen irakaslea)

Egilea
Zuriñe Vekez de Mendizabal Etxabe
Komunikabidea
Euskonews
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/11/05
Lotura
Euskonews

Ekialdeko dantzak egiten dituzu batez ere. Zer dauka estilo horrek bere sarean hainbeste pertsona harrapatzeko?

Txikitatik datorkit estilo honekiko kuriositatea. Hain zuzen ere, telebistan ematen zituzten pelikulek – Ali Baba eta 40 lapurrak, esaterako–, nigan eragin zuten, daukaten estetikagatik, musikari dagokionez... Ziur gaur egun ikusiz gero ez zuketela eragin bera izango! (barre) Gainera, iruditzen zait bi aukera daudela estilo honi dagokionez; edo ikaragarri maite duzu, edo ez duzu bat ere gustuko. Baina apur bat erakartzen bazaitu, ezin zara bere atzaparretatik askatu!

Egia da geroz eta jende gehiagok praktikatzen dituela ekialdeko dantzak, baina horren barruan ere estilo anitz daude. Sabel dantza pixkanaka sartu da gurean, eta orain modan dagoela esan genezake; Bollywoodeko dantzak aldiz, kolpe batez ari dira barneratzen, eta geroz eta sona handiagoa daukate. Bestaldetik, Ijito dantza ere badago, baina kosta egiten ari zaio gizarteratzea, eta ezezagunagoa da.

Argazkia  
Jaione, Ekialdeko dantzak egiten. Argazkia: Jaione Albenizek utzia.

Aipatutako dantzen eremuak zabalak dira, eta bizitza osoa pasa zenezake guztiak ikasteko! Lekuen arabera modu batean edo bestean dantzatzen dira. Esate baterako, sabel dantza Egiptotik dator, eta bertara joan nintzen teknika ikastera, baita Marokora ere hangoa ikastera eta Libanora eta Tunezera... Bidaiatuz estilo horietan sakontzea lortzen duzu, baina egia esan, nahi baino gutxiago bidaiatu dut orain arte!

Joan gaitezen urratsez urrats, eta sabel dantzari buruz hitz egin dezagun aurrena. Zer eskaintzen dio praktikatzen duenari?

Gauza mordoa! Hasteko, kirola egiteko modu bikaina da, iletik oin puntetaraino mugitzen da gorputza, oso–osorik. Gainera, sabel dantzarekin geure gorputza mugitzen ikasten dugu, nahiko zurrunak baikara oro har mugimenduak egiterakoan; bularraldea, mokorrak, besoak, eskuak...

Dantzatzerakoan forma borobilak bilatzen dira diziplina horretan, eta aurrenekoz probatzerakoan konturatzen gara nahiko robotak garela, eta kostatu egiten zaigu. Teknika egokia eskuratzeko bakoitzak bere erritmoa dauka, batzuk lehenengo urtean hasten dira borobildutako mugimenduak egiten, besteak bigarrenean... denetarik dago!

Gainera, asko etortzen dira ikastaroetara erritmorik ez daukatela eta dantzarako ez dutela balio esanez. Egia da ez dela lehenengo egunetik menperatuko dugun diziplina, baina saiatu egin behar da, eta azkenean lortzen da teknika hobetzea. Eta zer esanik baldar xamar ikusiko dugu hasieran gure burua, baina, ongi pasatuko dugu, zalantzarik ez! Umorez hartu behar da, bai ala bai.

Forma borobilak aipatu dituzula eta, horregatik da dantza sentsuala, ezta?

Modu horretan mugitu eta gure gorputzaz gozatzerakoan sentsualitate puntu hori ematen digu bai. Gainera, gizarte honek urteetan esan digu maskulinotasunean dagoela edertasuna eta balore femeninoek ahultasuna adierazten dutela; guk buelta eman nahi diegu aurreiritzi horiei.

Eta zalantza barik, norberaren auto–estimua handitzen da dantza honen bitartez, gozatzeko geure gorputza den bezalakoa onartu behar baitugu, eta konturatzen gara aldakak edukitzea, esaterako, ez dela batere txarra.

Estetikari dagokionez, ere deigarria da janzkera, ezta?

Filmek bultzatu duten estetika da, hau da, bi piezatako jantziak, mendebaldeko moda dira. Eta horrelako arropak baino, niri pertsonalki, askoz ere gehiago gustatzen zait oihal mordoa soinean ditudala dantzatzea.

Azken finean, kulturalki begiratu behar diogu dantzari, ezen gauzak konplikatu egiten baitira; Turkiara baldin bagoaz, adibidez, bi piezekin jantzita ikusiko ditugu emakumeak, baina hoteletan bakarrik. Egipton –sabel dantzak sustraiak dituen herrialdea– emakume batek ez du jende aurrean dantzatuko, ez baldin bada profesionala, edo prostituta... Hoteletan ere turistentzako emanaldiak gehien bat, emakume errusiarrek eskaintzen dituzte, pentsa!

Bestalde, ez dugu gizonezkoen janzkera aipatu, eta hauek tunikekin dantzatzen dute normalean.

Beraz, ez da soilik emakumeen dantza?

Ez! Gizon ugarik praktikatzen dute sabel dantza, eta Egipton egon nintzenean ikusi nuen irakasle asko eta asko gizonezkoak direla. Normalean, hauek beste energia batekin dantzatzen dute, nahiz eta gaur egun badauden emakumeon teknika baliatuz aritzen direnak eta baita janzteko orduan ere bi piezak erabiltzen dituztenak!

Halere, berriro kultura kontuak aipatu behar ditugu. Orokorki, gizon egiptiar batek beste indar edo energia batekin dantzatzen du, baina emakumeen irakaslea bada, estilo femeninoago baliatuko du.

Argazkia  
Bollywoodeko dantzak. Argazkia: Jaione Albenizek utzia.

Bollywood dantzak ere irakasten dituzula eta, badu zerikusirik sabel dantzarekin?

Egia esan ez. Ekialdeko dantzen barruan sartzen ditugu, eta antzekotasunak egon daitezke janzkera eta kolore biziei dagokienez, esaterako. Baina oinarrian ez daukate zerikusirik.

Bollywood, Indiako film industria da, eta oro har, pelikuletako koreografiak dira egiten ditugunak. Noski badaude Indiako dantza klasikoetatik datozen koreografiak ere, XX. mendeko 40. hamarkadako musika oinarri dutenak, esate baterako. Hauek ikasten jendeak hogei urte–eta igarotzen ditu, mugimendu txikiena ere behin eta berriz leundu behar baita; horren adibide garbiena eskuekin burutzen diren mugimenduak dira, askoz gehiago erabiltzen dira, mundrak deitzen diren keinuak ugari dira...

Beste koreografia batzuk berriz, “azukre” hutsak dira, maite zaitut, ez zaitut maite, herri guztia koreografia egiten eta abar... Eta noski, gauza guztiak moduan, Bollywood ere modernizatu egin da eta funky dantza ikaragarri barneratu da musikan; baita Indiako folklore ezberdinak jasotzen dituzten koreografiak ere.

Esan genezake, Bollywoodek denetarik hartzen duela bere baitan, eta saltsa pausuak sartzen dituen moduan, adibidez, koreografia batzuetan ekialdeko dantza ere baliatzen du, eta hor akaso zerikusia izan dezakete.

Dantzetan eskuen garrantzia handia dela diozu.

Bai, Bollywoodeko dantzen kasuan, atzamarren posizioak oso konkretuak direnez gero, asko zaindu behar dira, ezin baitira milimetro bat gorago edo beherago egon, adibidez. Ekialdeko dantzen kasuan aldiz, nahiko erlaxatuta daude eskuak eta energia guztia eskutatik irteteko posizioan egon behar dira, hau da, omoplatotik hatz puntaraino marra jarrai bat balego bezala. Bollywooden aldiz, eskumuturrean eten egiten da zuzena, eta gero eskuek mugimendu bakoitzarekin irudiak osatzen dituzte. Bai batean eta bai bestean jarrera egokia lortzea oso konplikatua da.

  Argazkia
Rajastaneko dantzak. Argazkia: Jaione Albenizek utzia.

Ijito dantzetara igaro gaitezen orain.

Nire gustukoena, baina zoritxarrez gutxien irakasten ditudanak!

Diotenez, oinarria Rajastanen daukate; bertoko ijitoek bidaiatu behar izan zuten eta Afganistan, Egipto, Turkia, Errusia... izan zituzten jomuga. Hala, toki horietako dantza konkretuak ikusten dira Ijito dantzetan.

Esan genezake, ijitoen beraien espirituz osatuta daudela; hau da, oso alaiak eta biziak dira dantzak, itzuli asko egiten dituzte, bularra oso goian mantentzen da... Eta niri horrelako saltsetan sartzea ikaragarri gustatzen zait!

Ba al dago dantza guzti hauek praktikatzeko adinik?

Ematen ditudan eskoletan denetarik eduki dut, ekialdeko dantzetan esaterako, 9tik 73 urte arteko jendea aritu izan da, nahiz eta bataz bestekoa 30 urtean egon. Bollywood dantzetako ikastaroetan berriz, hasiera batean gazteak erakartzen dituen diziplina da batez ere, funkya dela eta, musika alaiagoa baita.

Irudikatzen al duzu zure bizitza dantzarik gabe?

Garaikidea ikasten hasi nintzenetik hogei bat urte daramatzat dantzatzea... Beraz, konplikatua!


Jaione Albeniz
(Azpeitia)

 

Hogei urte zituenera arte Azpeitian bizi izan zen Jaione Albeniz, eta gero Donostiara joan zen Eusko Jaurlaritzaren antzerki eskolara, Antzertira ikastera, eta azken promozioko partaidea izan zen. Antzerkia, gorputz espresioa, Tai–chi, dantza... izan zituen ikasgai moduan, eta dantza betidanik gustatu izan zaionez, garaikidea ikasten hasi zen, harik eta sabel dantza deskubritu, probatu eta harrapatuta geratu zen arte. Urteekin bera hasi zen eskolak ematen, sabel dantza aurrena, eta ekialdeko dantzak orokorrean gero, ijito dantzak, Bollywood... Sebastopoleko titiriteroekin ere lan egiten du, antzerkia, dantza, klowna, eta abar landuz.

Dokumentuaren akzioak