Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizartearen metafora

Dokumentuaren akzioak

Gizartearen metafora

Josu Mujikaren 'Plazer bila (Atseginez)' estreinatuko du bihar, Elgoibarren, JM Dantza Teatroa konpainiak

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/04/29

Josu Mujikarekin batera, beste zortzi aktore-dantzari ariko dira oholtza gainean, bihar, 22.15ean, Elgoibarko Herri Antzokian egingo den estreinaldian. Zizur Nagusiak hartuko dio txanda Elgoibarri, datorren astean, Nafarroako Gobernuak antolatutako Escena 2004 jaialdiaren barruan. Zizur Nagusian bi emanaldi izango dira, eguerdian bata eta gauean bestea; eguna zehaztu gabe dago oraindik.



Marina Aparicio, Monica Etxeberria, Nerea Etxeberria, Uxua Garde, Juan Sansegundo, Anduriña Zurutuza, Patxi Larrea eta Aitor Odriozola dira Mujikarekin batera ariko diren dantzariak. Nafarroako Antzerki Eskolan Mujikaren ikasle izan dira guztiak, azkeneko hiru urteetan, eta iaz elkarrekin sortu zuten ikuskizuna da Plazer bila (Atseginez) obraren oinarria. Nafarroako Antzerki Eskolak ekoitzi du Plazer bila (Atseginez). «Oraingo forma emateko, ordubeteko emanaldi gisa aurkezteko, berregokitu egin dugu, baina oinarria iaz egindako lana da», azaldu du Mujikak.Ez da ohikoa Euskal Herrian gisa honetako dantza ikuskizunetan horrenbeste dantzari aritzea. «Dantza obrak ekoiztea zaila da berez», dio Mujikak, «eta normalean bizpahiru edo asko jota lau dantzarikoak egiten dira. Nik uste dut oholtza gainean horrenbeste dantzari agertzeak indar eszenikoa ematen diola gure emanaldiari. Gutxitan izaten da hemen ekoitzitako honelako obra bat ikuisteko aukerarik, horrenbeste dantzariren parte- hartzearekin osatutakorik, alegia».



Marco Ferrerik 1973an zuzendu zuen La grande bouffe filma dakarkio gogora Plazer bila (Atseginez)-ek Josu Mujikari. «Ferreriren filmean pertsona batzuk biltzen dira etxe batean, amaiera arte jateko eta edateko, beste helbururik gabe. Gure lanean ez dago era horretako amaiera gogorrik, baina gure amaiera ere nahiko ikusgarria da». Ettore Scolak 1983an zuzendutako Le Bal filma ere aipatu du, erreferentzia moduan, Mujikak: «Scolaren filmean, pertsonaiak dantza areto handi batean daude, eta musikak markatzen ditu pertsonaien arteko egoera aldaketak. Lan horretan ere oso garrantzi handia du musikak, egoera eta tentsio ezberdinak sortzeko. Kutxa itxi batean bezala daude pertsonaiak eta ezin dira hortik atera, amaierako paroxismoa arte, eta musikak markatzen du egoera baten eta hurrengoaren arteko aldea, inolako atsedenik gabe, continuum bat baita guztia, hasieratik amaiera bitarte». Pigeonhed, Amparanoia, The Andew Sisters, Van Morrison, Gotan Project, Brian Eno eta Rossiniren lanak daude, besteak beste, obrarako hautatutakoen artean.



Eszenatokia «biluzik» dago. Argiteria eta soinurako aparatuak agertokian daude, ikusgai, «dantza areto gisako giro hori sortzeko». Eszenategi horretan, obrak irauten duen ordubetean, bakarkako nahiz taldekako saioak txirikordatzen dituzte aktore-dantzariek.



Energia handia, mugimendu freskoak



«Energia handiko ikuskizuna da, nahiko erraza ikuslearentzat», azaldu du Mujikak. «Nahiz eta ez dagoen hasi eta buka egiten den istorio bat, ikusteko atsegina da, eta musikak ere laguntza handia ematen dio ikusleari. Hain zuzen ere, iaz egin genituen emanaldien harrera onak bultzatu gintuen obra berregokitu eta ikuskizun moduan aurkeztera, orain aurkezten dugun moduan».



Nahiz eta adin guztietako ikusleentzako modukoa izan, gazteentzako da bereziki egokia Plazer bila (Atseginez), Mujikaren ustez. «Erritmo aldaketa handiak daude, eta agertzen diren mugimenduak freskoak dira, indar handikoak, gazteei gustatzeko modukoak». «Elkarrekin hiru urtez ikasten jardun ondoren, ikuskizun batean elkarrekin lan egin ahal izatea oso pozgarria izan da guretzat», azaldu du, dantzari guztien izenean, Anduriña Zurutuzak. «Josu Mujikarekin oso ondo moldatu gara, eta hori oso lagungarria izan da».

Dokumentuaren akzioak