Dokumentuaren akzioak
Gizartearen arazoak salatu zituzten heletarrek hiru orduko ikusgarri bizi batean
2.500 lagun joan ziren antzezpena ikustera. Behar baino orenbete geroago hasi zen ikusgarria
Mende bat geroago, heletarrak berriz ere kabalkadaren soinekin jantzi ziren atzo, eta bertara joan ziren ehunka laguni hiru oreneko ikusgarria eskaini zietan. Ikusgarrirako hitzordua arratsaldeko lau eta erdietan jarria zuten, eta itzalean egiten zituen 32 graduko berotasunak oren batez gibelatu zuen kabalkadaren abiatzea.
Ordutegi aldaketa irratiaren bidez zabaldu zuten, baina ikusle anitz bertaratua zen ordu bete lehenago, leku hoberena hartzeko helburuarekin. Heletako plazako bazter guztietan jarritako eserlekuen artean itzaletan zeudenak lauretarako beteta zeuden. Euskal Herri osotik ikusleak eta zenbait turista kabalkada ikustera bertaratu baziren ere, herriko plazan bildu ziren gehienak herritarrak eta ingurukoak ziren. Eta beren presentziak ekimenari benetako besta herrikoi baten giroa eman zion.
Lehenengo desfilea bukatutakoan, auzitegia antolatu zuten plazaren erdiko agertokian, herriko arazo guztiak epaitzeko. Epailea, abokatua eta giltzaria orga batean agertu ziren, eta herriko gizarte arazo guztien erruduntzat jo zuten "Bittor" herritarra jendarmeek lagundu zuten agertokira igotzen.
Ernest Alkat eta Esponde bertsolariek tobera hasi aitzin ikusleei ongietorria egin zieten, eta beren bertsoak baliatu zituzten agerraldiz agerraldi eskaintzen ari ziren antzerkia ulertarazteko. Alabaina, kanpotik zetozenek ez bezala, herritarrek ongi ulertu zuten agertokian gertatzen ari zena. Eta trufa eta irribarre anitz entzun bazen ere, noizbehinka lotsa edo matela gorriak ere nabari ziren ikusleen aurpegietan, bereziki hitz itsusi edo esaldi mingarri zenbait entzun zenean.
Eta hiru gaitan banatu zuten epaileek eguneko lana: hasiera batean, ura merkaturatuko duen lantegi bat jartzeari buruzko gatazka izan zuten mintzagai agertokiko aktoreek.
Herriko agintariak proiektuaren alde agertu ziren auzian; Bittor, berriz, aurka zegoen. Proiektuaren harat-honatak trufen eta irrien artean azaltzen ziren bitartean, gatazka horren muina Heletan bertan dagoen esnetegi enpresa zela ulertarazi zuten aktoreek. Esnetegiak herriko ura kutsatzen zuela nabarmendu bezain laster, Erneste Alkatek honakoa adierazi zuen: «Ura saldu dadila, baina ongi garbiturik».
Lekukotasunak lagundurik, toberaren zati handi bat hartu zuen salaketa horrek, eta ondotik, Heletako feriak izan zituzten aipagai agertokiaren gainean. Ostalariek piztuta, herriko pertsona zenbait «feriak zangopilatu nahian» zeudela salatu zuten Heletako herriko plazan, eta betiere, bertan zeuden aktoreen helburua beraiez trufa egitea zen. Eta bukatzeko, herrian eskola elebidun bat irekitzeko dituzten arazoak ere salatu zituzten toberaren antolatzaileek.
Hori esatearekin batera, heletarrak euskaraz hitz egiteko daukaten era frantsestua nabarmentzeko mementoa izan zen. Salaketak eta dantzak burutu bezain laster, epaileak epaia eman zuen. Hartutako erabakien artean, euskarari dagokiona izan zen nabarmenena, Ikas-Bi eskola bat ireki beharrean, herriko eskola guztiak itxi eta ikastola bakarra irekitzea eskatu baitzuen. Guztia trufa eta irri handi batean geratu zen, eta bukatzeko, ostalari «xuhurrei», ikusle guztiei pote batera gonbidatzeko eskatu zieten.
Iñaki Etxeleku eta Jean-Michel Noblia, omenduak
Kabalkada, hasi bezala, parte-hartzaile guztien dantzaren bidez amaitu zuten. Baina ikusgarri hori bi pertsonari esker egin denez, biak kopla berezi batekin omendu zituzten. Alde batetik, Iñaki Etxeleku omendu zuten, urtebetez 180 herritarri kabalkadaren dantzak erakutsi dizkielako. Eta, bestalde, Jean-Michel Noblia omendu zuten, berari esker lortu baita Heletako kabalkadaren tobera antzeztea. Kabalkada ikusgarria izan zen, adin guztietako jendea dantzan aritu baitzen.
Dokumentuaren akzioak